Soinean ez bada, litekeena da armairuan edukitzea Bangladeshen egindako jantziren bat. Munduan bigarren arropa esportatzaile nagusia da, Txinaren atzetik, baina azken asteetan produkzioak behera egin du han. Ehungintza sektoreko langileak protestan daude, eta gobernuak gutxieneko soldata %36 igotzea erabaki du gaur. Bangladeshen ekoitzitako beroki batek Europako edo AEBetako saltokietan izan dezakeen prezioa baino baxuagoa da arropa hori egin dutenen gutxieneko soldata: hilean, 12.500 taka —91 euro inguru—. Langileak 30.000 takara —220 euro— igotzeko eskatzen ari dira (+%140), baina gobernuak 17.000 takara —125 euro— igotzea adostu du.
2023an igo zuten azkenekoz Bangladeshko ehungintza sektoreko langileen gutxieneko soldata. Ordutik, baina, bizitzaren kostua garestitu egin dela salatu dute langileek, eta desoreka nabarmena dela jasotzen duten soldatarekin alderatuta. Hortaz, urriaren amaieratik protestan ari dira.
Bangladeshko Gobernuak gutxiengo soldata hori eztabaidatzeko batzorde bat sortu zuen azaroaren hasieran. Gaur goizaldean, ia hamabi orduko negoziazioen ostean, ehungintza sektoreko langileen hileroko soldata %36 igotzea erabaki dute.
Langileen ordezkariek eta patronalak osatzen dute batzorde hori. Gaur, azken asteetan akordiorik lortu ez zutela ikusita, batzordeko zuzendariak bozketa bat egitea erabaki du. Sei ordezkarietatik lauk bozkatu dute proposamenaren alde, eta bik kontra. Horrela, aurrrera egin du proposamenak. Orain, Lan Ministerioaren buletin ofizialean argitaratu beharko dute, eta urtarrilean da igoera indarrean sartzekoa.
Langileen ordezkariak ez dira gaur erabakitakoarekin ados agertu. Ohar batean gaitzetsi dute adostutakoak ez dituela langileen eskerak islatzen. Hortaz, litekeena da protesta gehiago izatea datozen egunetan.
Atzo langileek errepide nagusi bat itxi zuten Gazipur auzunean, Dakha hiriburuaren kanpoaldean, eta kaleko hainbat objekturi su eman zieten. Auto ilarak eragin zituzten, eta inguruko komertzioak ixtera behartu. Ia hilabete daramate gisa horretako protestak eginez. Eta gaur ere Bangladeshko Mugazain Patruilak iragarri du Dakha kanpoaldeko auzo horietara hedatuko dela, protestak pizten badira. Indar paramilitar hori Poliziarekin elkarlanean aritu ohi da manifestariei aurre egiteko. Azken asteetan, gutxienez bi langile hil dira manifestarien eta polizien artean izandako istiluetan.
Bangladeshko Arropa Ekoizleen eta Esportatzaileen Elkarteak igandean jakinarazi zuenez, azken hiru asteetan 317 lantokik beren jarduna eten behar izan dute hainbat egunez, eta gutxienez 390 milioi euro galdu dituzte. Jantzigintza saltoki handiek Bangladeshtik ez bada beste herrialderen batetik lortu ditzakete eskulan merkearekin ekoitzitako jantziak; horren erakusle, Bangladeshko Arropa Ekoizleen eta Esportatzaileen Elkarteak jakinarazi du enpresa inportatzaileek azken asteetan, Bangladeshi erosi ordez, beste herrialde batzuei egin dizkietela 231 miioi euroko eskaerak.
Lan baldintzak, zalantzan
Munduan esportatzen diren hamar jantzitik batek du jatorria Bangladeshen. Eta herrialdeko ekonomiarentzat ezinbestekoa bilakatu da ehungintza: iaz Bangladeshek esportazioei esker lortutako diru sarreren %80 baino gehiago ehungintza produktuei esker lortu zituen: 50.000 milioi euro inguru. Gainera, lau milioi herritarrek baino gehiagok jarduten dute industria horretan; gehienak landa eskualdeetako emakumeak.
Ehungintza industriak bultzatu du munduko zortzigarren herrialde populatuenaren garapen ekonomikoa —175 milioi biztanle baino gehiago ditu—. Hori bai, sektore horretako beharginen lan baldintzen kostura. 2013an, esaterako, Rana Plaza lantokia behera erori zen: 1.134 pertsona hil ziren, eta beste 2.500 inguru zauritu.
%10,9Munduan esportatzen diren arropen artean zenbatek duen jatorria Bangladeshen. 2024an, munduan esportatzen ziren jantzien %10,9k zuen jatorria Bangladeshen; 2014an baino sei puntu gehiago.
%80Bangladeshen esportazioen artean zenbatekoa den ehungintzako produktuen portzentajea. Bangladeshen iaz egindako esportazio guztietatik lortutako diru sarreren %80 baino gehiago ehungintza produktuen salmentatik lortu zen.
Ezbeharrak ezbehar, ehungintzaren industria nabarmen hazi da azken urteetan Bangladeshen. Munduko Bankuaren datuen arabera, 2010ean munduko arropa esportazioen %4,9k zuen jatorria herrialde horretan; eta, 2024an, %10,9k. Txina esportatzaile nagusiak, bestalde, behera egin du: 2010ean, esportazioen %42k Txinan zuen jatorria; 2024an, %23,8k.
Batez ere Europara eta AEBetara esportatzen ditu jantziak Bangladeshek. Besteak beste, H&M, Inditex, Primark eta Walmart etxeak dira herrialde horretako produktuen erosle nagusietako batzuk.