Bangladeshko Poliziak 74 rohingya atxilotu ditu gaur errefuxiatuen kanpamentu batetik ihes egiteagatik. Errefuxiatuak Cox's Bazarreko kanpalekuan zeuden, herrialdearen hego-ekialdean daudenetako batean. Milaka lagunek Myanmartik hara alde egin zuten 2017an.
Errefuxiatuek debekatua dute kanpalekutik irtetea, eta aitzakia horrekinn atxilotu dituzte; ilegalki kanpamentua uztea egozten diete. Gauez egin dituzte atxiloketak, abisu bat jaso ostean.
Cox's Bazarreko kanpamentuetan milioi bat rohingya inguru daude. Bangladeshek iaz hasi zuen errefuxiatu horiek birkokatzeko prozesu bat, eta haietako milaka Bashan Charrera eraman zituen, Bengalako badian dagoen 40 kilometro karratuko uharte batera. Eztabaidagarriak dira roghingyek han dituzten bizi baldintzak; izan ere, azken hilabetean gutxienean 11 errefuxiatu hil ziren handik ihes egin nahian, eta beste hamasei desagertuta daude oraindik.
Gobernuak ziurtatu du uhartera joatea hautazkoa dela iheslarientzat, baina errefuxiatuek eta haiekin lanean ari diren giza eskubideen aldeko elkarteek salatu dute uhartera joatera behartzen dituztela. Bhasan Char uhartea duela hogei urte azaleratu zen itsasotik, eta zikloi garaian uholde ugari izaten dira han.
Lau urte
Aurki beteko dira lau urte Bangladeshera milaka birmaniar heldu zirenetik. Rohingya errefuxiatuek Bangladeshera jo zuten Myanmarren jasan duten indarkeriatik ihesi.
2017an, ARSA Arakango Rohingya Askapenerako Armadak segurtasun indarren hainbat egoitzari eraso zien, eta hamabi militar hil zituen. Eraso horrek, ordea, ondorio askoz ere odoltsuagoa izan zuen: armada eta milizia budistak 59 herritan sartu, 7.000 etxe erre eta 400 rohingya hil zituen. MSF Mugarik Gabeko Medikuek etnia musulmanaren aurkako jazarpenari buruz zabaldutako datuen arabera, Myanmarko armadak gutxienez 6.700 rohingya hil zituen hilabetean —abuztuaren 25etik irailaren 24ra—; haietatik 730, haurrak.
Gertakari horrek exodoa eragin zuen, eta, lau urteren ostean, oraindik ez da konpondu auzia. Myanmarrera itzuli nahi dute Bangladeshera ihes egin zuten rohingyek, baina oraingoz ez dute nahikoa berme itzulera seguru bat izateko.