Albiste txar gehiago auzitegietatik Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentearentzat. Izan ere, haren emazte Begoña Gomezen aurkako ahozko epaiketa hastea erabaki du Juan Carlos Peinado epaileak, ustelkeria egotzita. Madrilgo instrukzioko 41. auzitegiko magistratuak, gainera, zenbait kautela neurri ezarri dizkio Gomezi; esaterako, pasaportea kendu dio, eta hamabostean behin auzitegi horretara joan beharko du.
Gomezek aurreko astelehenean deklaratu zuen Peinado epailearen aurrean, ikerketaren instrukzio fasea amaitzeko azkeneko saioan, eta horretan kautela neurriak eskatu zituen herri akusazioak; besteak beste, Hazte Oir elkarte ultrakatolikoak eta Vox eskuin muturreko alderdiak. Peinadok 84 orriko auto bat kaleratu du erabakia justifikatzeko, eta argudiatu du Gomezek «ihes egiteko arriskua» dagoelako erabaki duela hari pasaportea kentzea. Azken horri helegitea jarriko dio Espainiako Gobernuko presidentearen emazteak, haren inguruko iturriak aipatuta Efe berri agentziak kaleratu duenez.
Influentzia trafikoa, dirua bidegabe erabiltzea eta «negozioetan ustelkeria» leporatzen dizkio Peinadok Espainiako presidentearen emazteari. Autoan azpimarratu duenez, Gomezen ibilbide profesionalean «muturreko aldaketa bat» gertatu zen Sanchez 2018ko ekainean presidente inbestitua izan ondoren. Magistratuak dioenez, Gomezek presidentearen emazte izatea baliatu zuen «erabaki publiko aldekoei» probetxua ateratzeko.
Moncloak uste du Peinado epailea Gomezi jazartzen ari zaiola, eta harekin «obsesionatuta» dagoela. Hori kaleratu dute hedabide batzuek, iturri ofizialak aipatuz.