Israelgo Legebiltzarrerako hauteskundeek erantzunak baino galdera gehiago utzi dituzte. Benjamin Netanyahu lehen ministroak irabazi ditu bozak, baina inkestek aurreikusi bezala, bi blokeetako bakar bat ez da iritsi 61 eserlekuko gehiengo osora. Hortaz, inork ez du gehiengo osorik lortu. Hauteskunde gauak utzitako galderei emandako erantzunak dira ondorengoak:
Netanyahuk goberna dezake bere blokeak 61 eserleku lortu gabe?
Bai, Benjamin Netanyahu gutxiengoan agintzen ahalegindu daiteke. Horretarako, nahikoa izango luke inbestidura saioan kontrakoak baino aldeko boto gehiago edukitzea. Hala ere, arazo handiak izango lituzke zenbait lege edo aurrekontuak onartzeko orduan. Horietako bakoitzerako, Gadi Eisenkot buru duen blokeko alderdiekin banan-banan negoziatu beharko luke.
Zein alderdi izango dira giltzarri datozen asteetan?
Batez ere, alderdi arabiarrek izango dute giltza. Parte hartze handiak zerrenda arabiarrak bultzatu ditu, eta eurek izan dezakete giltza orain. Oraingoz hamasei eserleku izango dituzte, hamabi koalizio ezkertiarrak eta lau kontserbadoreek.
Hala ere, oposizioaren blokekoa den alderdiren bat Netanyahuren blokera alda daiteke. Hala gertatu izan da beste kasu batzuetan. Esaterako, Naftali Bennettek, egun Elkarrekin koalizioaren burua denak, horixe bera egin zuen 2021ean. Lehendabizi Netanyahurekin ituna egitekoa zen, baina ez zuten nahikoa babes lortu. Gerora, oposizioarekin egin zuen ituna, Yair Lapidekin, eta lehen ministro kargua banatzea adostu zuten. Aurreneko bi urteetan Bennett egotekoa zen kargu horretan, eta Lapid hurrengo bietan. Baina urtebete besterik ez zuen iraun gobernu horrek.
Zer esan izan dute hautagaiek alderdi arabiarrekin ituna egitearen gainean?
Netanyahuk Mansour Abass Zerrenda Arabiar Batuaren buruaren aurkako mezuak zabaldu ditu hauteskunde kanpainan. Abassek ituna egin zuen 2021ean Bennettekin eta Lapidekin, eta Netanyahu kargutik kendu zuten. Geroztik, Netanyahuk esan izan du Abass «mehatxu bat» dela Israelentzat. «Edo Trump eta ni, edo Eisenkot eta Abass», errepikatu du kanpainan, azken asteetan. Bezalel Smotrich Finantza ministroak, berriz, kanpainan esan du Abassekin gobernu bat eratzea «urriaren 7ko sarraskia baino okerragoa» litzatekeela.
Eisenkoti, berriz, hainbatetan galdetu diote horren inguruan hauteskunde kanpaina. Berak ez du horren inguruan hitz egin nahi izan, baina ez du esan alderdi arabiarren babesari muzin egingo liokeenik. Helburu bera daukate gainera: Netanyahu lehen ministro kargutik kentzea.
Zenbat iraun dezake gobernua osatzeko prozesuak?
Isaac Herzog presidenteak astebete izango du lehen ministrogai bati gobernua osatu dezala eskatzeko. Hautagaiak 28 eguneko epea dauka horretarako, baina presidenteak beste hamalau eguneko luzapen bat eman diezaioke. Bitartean, oposizioburuak ere gainerako alderdiekin negoziatu dezake. Lortu ezean, presidenteak beste hautagai bat proposatu lezake, eta horrek beste 28 egun izango lituzke, luzapenik gabe. Horrek ere porrot eginez gero, eta 21 egunean inork ez balu jasoko 61 parlamentariren sinadura beste inbestidura saio bat egiteko, bozak egingo lituzkete berriro, hiru hilabete inguruko epean.
Bestela, Eisenkotekin batera agintea partekatzeko aukera izango luke Netanyahuk, boterea txandakatzeko sistema baten bidez. Hala ere, horrek ia ezinezkoa dirudi gaur-gaurkoz.