Mendebaldeko beste herrialde batzuek azkeneko hilabeteetan egin bezala, Belgikak ere iragarri du Palestinako Estatua aitortuko duela NBE Nazio Batuen Erakundea iraileko laugarren astean New Yorken egitekoa den urteroko batzar nagusian. Hori jakinarazi du Maxime Prevot Atzerri ministroak gaur goizaldean, sare sozialetan idatzitako mezu batean. Erabaki hori hartu dute Gazako «drama humanitarioari» erantzuteko, baita Israel, «bortizkeriaren bidez», nazioarteko zuzenbidea urratzen ari dela salatzeko ere.
Beraz, besteak beste Frantziak, Erresuma Batuak eta Australiak azkeneko hilabeteetan hartutako bideari jarraitu dio Belgikak ere. Prevoten esanetan, «keinu politiko eta diplomatiko irmoa» da haiena, eta zera nahi dute, irtenbide bat ematea Israelen «asmo espantsionistak eta okupazio militarra» gaitzesteko. Helburu du, bide batez, bi estatuen konponbidea hauspotzea. «Kontua ez da Israelgo herria zigortzea, baizik eta bermatzea hango gobernuak nazioarteko zuzenbidea eta zuzenbide humanitarioa errespetatzen dituela, eta neurriak hartzea egoera aldatzeko».
Eta neurriak aipatuta, Prevotek adierazi du hamabi zigor ezarriko dizkiotela Israeli; horien artean daude produktuen inportazioa debekatzea, Israelgo enpresei egindako erosketa publikoak berrikustea, eta, besteak beste, Israelgo «bi ministro estremista, kolono biolento hutsak, eta Hamaseko buruzagiak» persona non grata izendatzea. Bi ministroen izenak aipatu ez dituen arren, litekeena da horiek Israelgo Segurtasun Nazionalerako ministro Itamar Ben-Gvir eta Finantza ministro Bezalel Smotrich izatea; izan ere, beste herrialde batzuek dagoeneko izendatu dituzte persona non grata, hala nola Herbehereek.
Gaur egun, 193 herrialde dira NBEko kide, eta horietatik 140k aitortzen dute Palestinako Estatua, hala nola Txinak, Errusiak, Irlandak, Norvegiak eta Espainiak. Ezustekorik ezean, hil bukaeran horiei batuko zaizkie Frantzia, Erresuma Batua eta Belgika. Oro har, Palestina estatu gisa aitortzea urrats sinbolikoa da, Palestinaren subiranotasuna eta autodeterminazioa babesten dituen aitorpen politiko formal bat; hau da, ez du eragin praktikorik. Halere, bide emango luke estatua aitortzen duten herrialdeetan Palestinako enbaxada bat izateko, eta herrialde horiekin harreman diplomatikoak ezartzeko.
Batzuen poza eta besteen haserrea
Belgikak hartutako erabakia txalotu du Palestinako Atzerri Ministerioak. Ohar batean azpimarratu duenez, nazioarteko zuzenbidea, NBEren ebazpenak, bi estatuen irtenbidea eta bake asmoak aintzat hartuta emandako aurrerapausoa da Belgikak emandakoa, eta erabaki bera hartzeko deia egin die oraindik Palestinako Estatua aitortzen ez duten gainontzeko herrialdeei.
Bestelako erreakzioa izan du Israelek. Oposizioko lider Avigdor Liebermanek Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahuri aurpegiratu dio Belgikak hartutako erabakia, sare sozialen bidez: «Palestinako Estatua aitortzea Netanyahuren gainbehera politikoaren ondorio zuzena da». Lieberman ez da, gainera, Netanyahuren estrategia politikoa huts egiten ari dela uste duen bakarra, horixe esan baitu AEBetako presidente Donald Trumpek, Daily Caller egunkariari emandako elkarrizketa batean. «Israel inoiz ezagutu dudan lobbyrik indartsuena zen, [AEBetako] Kongresuaren erabateko kontrola zuen; eta, orain, ez. Israel gerra irabazten ariko da, baina nazioarteko harreman diplomatikoen arloan, atzean geratzen ari da».
60.000Zenbat erreserbista hasiko diren gaur Israelgo armadan.  Israelgo Haaretz egunkariak iturri ofizialak aipatuz zabaldu duenez, Israelgo armadara batuko dira gaur erreserbako 60.000 soldadu inguru, Gaza hiria okupatzeko martxan jarri duten operazio militarraren harira. Ynet egunkariaren arabera, 110.000 eta 130.000 erreserbista beharko lirateke okupazio plan hori bete ahal izateko.
Ohartarazpenak ohartarazpen, jokabide berari eusten diote Israelgo agintariek. Ben-Gvirrek gaitzetsi egin du Belgikak hartutako erabakia, eta, komunikatu baten bidez, hauxe esan dio: «Hamasen manipulazioaren biktima diren Europako herrialde inozoek beren larrutan biziko dute terrorea. Hemen, Israelen, behin sinistu genuen ilusio horietan, eta horren ondorioa bortxaketak, erailketak eta masakreak izan ziren». Haren arabera, Palestinako Estatua aitortzea «terrorismoa» saritzea da.
Hain justu, Israelgo Gobernuak ez dio formalki erantzun Belgikaren iragarpenari; besterik gabe, iturri ofizialek jakinarazi dute Netanyahuk bilerara deitu duela Segurtasun Kabinetea, Zisjordaniaren anexioaz eztabaidatzeko eta PAN Palestinako Aginte Nazionalaren aurkako neurriak adosteko. The Jerusalem Post egunkariaren arabera, ordea, bertan behera geratu da arratsaldeko bilkura, eta etzi elkartuko dira.Â
Gosetearen ondorioak
Nazioarteko hainbat herrialdek Israelen jokabidea salatu dute. Halere, urrats sinbolikoak ez dira nahikoa Tel Aviv Gazaren aurka egiten ari den sarraskia geldiarazteko. Zerrendako egoera humanitarioa, gainera, geroz eta larriagoa da, eta horren erakusgarri dira Gazako Osasun Ministerioak gaur emandako datuak: azken 24 orduetan hamahiru pertsona hil dira gosetearen ondorioz; horietatik hiru adingabeak ziren.Â
Atzera begira jarriz gero, datua are handiagoa da. Ministerio horrek jakinarazi duenez, abuztuan 185 gazatar hil dira gosetearen edo malnutrizioaren ondorioz, eta 5 urtetik beherako 43.000 haurrek malnutrizioa dute. Egoera berean daude, halaber, haurdun dauden 55.000 emakumetik gora. Hala, Gazako Osasun Ministerioak ohartarazi du gosetearen «ondorio katastrofikoak» larritzen ari direla.
ISRAELGO ARMADAK HEBRONGO ALKATEA ATXILOTU DU
Palestinako hainbat hedabidek jakinarazi dutenez, Israelgo armadak atxilo hartu du Hebrongo (ZIsjordania) alkate Tayseer Abu Sneineh. Informazio horren arabera, Israelgo soldaduak haren etxean sartu dira gauean, eta, atxilotu baino lehen, galdeketak egiteko egoitza batera eraman dute. Haaretz egunkariak iturri ofizialak aipatuz zabaldu duenez, Hebrongo alkateari zera egozten diote, «terrorismoa» babestea eta sustatzea, eta Hamasen eta PAN Palestinako Aginte Nazionalaren alde egotea. Ohar baten bidez, atxiloketa gaitzetsi du Hebrongo Udalak: «Prozesu demokratikoaren urraketa larri bat da, baita gure jendearen duintasunaren eta askatasunaren aurkako ekintza bat ere». Hamasek, bestalde, salatu du Israelgo Gobernuak atxiloketa hori baliatu nahi duela Zisjordania anexionatzeko helburua aurrera eramateko.