Gaza, ez zaude bakarrik leloa izan zen gehien errepikatu zituztenetako bat atzo, Global Sumud Flotilla itsasoratu aurreko goizean, Bartzelonan. Bero itogarria gorabehera, askok eta askok han egon nahi izan zuten Gazarantz abiatzekoa zen flotilla solidarioa babesteko. Itsasoratu zen, baina gaur abiapuntura itzuli behar izan du, eguraldiaren ondorioz. Iluntzean zerrendara bidean abiatu da berriz ere.
Flotilla lehen aldiz itsasoratu aurretik, milaka pertsonak okupatua izan dute Bartzelonako Moll de la Fusta hiru egunez, eta hainbat jarduera egin dituzte: kontzertuak, hitzaldiak, DJak, tailerrak, solasaldiak… Denbora gutxian antolatu dituzte, ehunka pertsonari esker, parte hartzea erabaki eta lana banatu baitute. Antolakuntzan aritu diren guzti-guztiak boluntario aritu dira.
Antolakuntzako kide Gabriela Serrak nabarmendu du konplexua izan dela: «Pertsona eta erakunde pila batek parte hartu dute; hau da, hau guztia ez da kanpotik antolatu. Arazoa da kanpaina hau, nazioarteko beste kanpaina batzuk bezala, oso gatazkatsua eta arazotsua dela; izan ere, maila lokalean koordinatu beharra dago, baina baita estatu mailan ere, eta are Europa mailan. Ahalegin handia egin behar da, eta jende askok aritu behar du lanean».
Boluntarioetako bat Lua da. Bartzelonakoa da, eta azaldu du zergatik erabaki duen parte hartzea: «Lankidetzan aritzeko eta laguntzeko etorri naiz, laguntza Gazara irits dadin; horrek motibatu nau. Nire ustez, aspaldi hasi zen hango genozidioa. Israelek pikutara bota ditu Europan urteetan eta urteetan sortu ditugun giza eskubideak, eta, ez badugu geldiarazten, eredu txarra izango da, eta arriskua egongo da beste toki batzuetan ere aplikatzeko. Gainera, jendea beldur da, baina ezinbestekoa da posizionatzea. Batzuek ez dute posizionatu nahi uste dutelako terrorismoaren alde egiten ariko liratekeela, baina, egiatan, terroristarik handiena Israelgo estatua da».

Igande goizeko prentsaurrekoan komunikabide mordoa dago. Geratzen den toki txikian, ordezkariek azaldu dute zergatik antolatu duten dena, laguntza humanitarioari jarritako blokeoa salatu dute, proiektua aletu… Askotariko jendea da, eta astebetez elkarrekin biziko dira leku txiki batean. Antolatzaileetako batek, Saif Abukeshekek, bere mintzaldiari ekin dio: «Errefuxiatu esparru batean jaio nintzen, Palestinan, non herritar gehienak errefuxiatuak baitira, Palestina barruan eta handik kanpo desplazatuak. Gazako herritarren %70 baino gehiago errefuxiatuak dira. Okupaziopean bizi den pertsona orok du eskubidea erabakitzeko nola aurre egin nahi dion horri. Guk, mugimendu gisa, erabaki estrategiko bat hartu dugu aukeratzeko nola mobilizatuko garen, nola lan egingo dugun, nola eutsiko diogun erresistentziari eta nola bat egingo dugun elkartasunarekin. Oinarriak jarri ditugu elkartasun mugimendu global bat sortzeko, eta mugimendu hori zapalkuntzaren kontra egongo da, dagoen tokian dagoela». Eta zera gehitu du: «Bartzelona erreferentziazkoa da Palestinarekiko elkartasunari dagokionez, babesa eman baitio genozidioan, batez ere aintzat hartuta portuak itxi zizkigutela konplizitate osoz, itsasontziek Israelera armak bidali ahal izateko».
«Ez da albistegietako albiste huts bat: jendea hiltzen ari da benetan»
CRISTINA NIETO Herritarra
Prentsaurrekoan parte hartu duten beste batzuk txaloka hasi dira, eta zenbait lelo oihukatu dituzte. Besteak beste, hauek izan dira tartean: Eduard Fernandez aktore kataluniarra, Tadhg Hickey umorista irlandarra, Yasemin Acar aktibista alemana, Greta Thunberg aktibista suediarra, eta Thiago Avila eta Muhammad Nadir Al-Nuri antolatzaileak. Liam Cunningham aktore irlandarra ere izan da han, Game of Thrones telesailari esker ezaguna, eta, hunkituta, Kneecap taldearen txanoa buruan, sakelakoa mikrofonora hurbildu eta 6 urteko ume palestinar batek kantatutako abesti bat jarri du. Zera esan du: «Zer iruditzen zaizue abesti hori? Bere hileta antolatzen ari delako kantatu du. Hiltzen bada jendeak hori kantatu dezala nahi du. Zer mundutan sartu gara? Zer giza zulotan sartu gara? Nola liteke 5 edo 6 urteko umeek, aingeru eder horiek, beren hileta antolatu behar izatea? Zuek hemen egoteak eta hau dena gertatzeak erakusten du munduak porrot egin duela nazioarteko zuzenbidea eta zuzenbide humanitarioa errespetatzeko orduan; munduaren historiako aro lotsagarri bat da hau. Lotsatuta egon beharko genuke kolektiboki. Zutitu egin behar dugu, eta hau geldiarazi lehenbailehen». Aurreko egunetako emozio pilatua eta eguneko tentsioa direla eta, kazetari mordoaren atzean pilatuz joan direnak txaloka eta garrasika hasi dira berriz.
Hasiera besterik ez da izan hori. Laguntza humanitarioa itsasontzietan kargatzen ari diren bitartean, eta flotillaren parte izango direnak prestatzen ari direla, milaka pertsonak bete egin dute berriz Moll de la Fustako zabalgune handia. Han bildutako batek, Cristina Nietok, azaldu du ontziei babesa ematera joan dela: «Espero dut eramango duten laguntza ondo iristea eta mundu guztia konturatzea zer gertatzen ari den, ez baita albistegietako albiste huts bat: jendea hiltzen ari da benetan, eta jakin behar dute ez ditugula ahaztu».
Eszenatokian askotariko emanaldiak egiten ari dira, eta jende oldeak bete egin du eremua: batzuk paseoan dabiltza antolakuntzakoen barraketatik, beste batzuk hizketan, banderak eskuan dituztela… Bero handia egiten du, baina jendeak ez du amore eman. Vicki Moreno da haietako bat, eta, azpimarratu duenez, oso garrantzitsua da Bartzelona mobilizaziora batzea «hiri gisa eta bakerako portu gisa. Gaurkoa betiko gogoratuko da historian, eta, aldiz, gobernu ezgai horiek guztiek, genozidioa geldiarazteko aukera edukita ere, ez dute ezer egin. Erakusten ari gara gizarte zibila mugitu egiten dela eta haiek zirkinik ez egin arren gauza asko lor ditzakegula». Gloria Roig txapak saltzen ari da jende artean, eta hau esan du: «Mobilizazio hau egitea garrantzitsua da gobernuei presio egiteko eta lortzeko utz diezaiotela Israeli armak saltzeari. Beren indarra Gazako genozidioa geldiarazteko erabil dezaten lortzeko. Gaur gure elkartasuna erakutsiko dugu hemen, eta helaraziko diegu ez daudela bakarrik. Gaur ikaragarri triste nago, baina pozik aldi berean, ikusita zenbat jende mobilizatu den gaur genozidioaren kontra».
«Gobernu ezgai horiek guztiek, genozidioa geldiarazteko aukera edukita ere, ez dute ezer egin»
VICKI MORENO Herritarra
Jendea askotarikoa da, hainbat alderdiri begiratuta. Koki Gassiotek esan du Pirinioetako Pallars eskualdetik datorrela «flotillari babesa emateko. Espero dugu blokeoa desegitea eta mundu osoarentzat agerian geratzea Palestinako genozidioa. Ezin dugu onartu halakorik!». Gerard bi seme-alabekin etorri da, eta, beroa gorabehera, ikusi nahi dute nola abiatzen diren ontziak. «Horretarako etorri gara», esan diote, eta hark zera gehitu du: «Babesa emateko ez ezik, seme-alabak gertatzen ari denaz jabetu daitezen etorri gara, eta jakin dezaten ekinaldi hau oso garrantzitsua izango dela gatazka konpontzeko». Haurrek galderak egiten dizkiote, eta haiekin egotea bera erantzunaren parte da: «Gainera, emozio handiko uneak dira, eta haiek ere hori bizitzea nahi dut, esanahi garrantzitsua dute eta». Siscu Baiges kazetari jubilatua da, eta, haren ustez, «gaurko ekintzak erakusten du jendeak Gazako genozidioa geldiarazi nahi duela nola edo hala, baita gobernuen pasibotasuna salatu ere».
Thunbergen B plana
Kosta egiten da jende artean aurrera egitea, baina, paseoan jarraitu, eta Roser Pineda ilustratzailearekin hitz egin dugu. Hau azaldu du: «Ikusiko dugu zer gertatzen den, nola iristen diren, baina gaurkoa askatasun oihu bat da. Denak ados jarriz gero, bagara gai. Oilo ipurdia jartzen zait ikusita gizarte zibilak nolako erantzun baketsua eman duen mundu osoan genozidioa eta gerra guztiak geldiarazteko». Pentsiodunen oldea nagusi da pasealekuaren parte batean, eta Conchita Riberak hau dio: «Garrantzitsua da ikusaraztea herritarrak lanean ari direla, gerra madarikatu hau bukatzea nahi dugula. Bada garaia gobernuek herriari entzun diezaioten, eta itsasontzi hauek ondo irudikatzen dute hori».

Sumeyra Akdeniz-Ordu turkiar jatorriko aktibista alemana da; antolatzaileetako bat izan da, eta flotillan ontziratuko da. «Oso hunkituta gaude. Gaur [atzo] irtengo gara Bartzelonatik, ez badigu ezerk eragozten, noski —Israelen sabotajeak adibidez—, baina espero dugu oraingoan setioa hautsiko dugula; esperantza osoa daukagu, indartsuago baikaude eta estrategia gehiago baitauzkagu». Hain justu, Itamar Ben-Gvir Israelgo Segurtasun Nazionalerako ministroak gobernuko kideei proposatu die flotillako partaideak «terrorista» gisa tratatzeko The Jerusalem Post egunkariak gaur kaleratu duenez. Hala eginez gero, Israelek «terroristentzako kartzeletan» atxilotu ahal izango ditu.
Atzo, Greta Thunbergek azaldu du zein den B plana helburua lortzen ez badute: «Israelek berriz ere erabakitzen badu nazioarteko zuzenbidea urratzea eta Gazan laguntza humanitarioa sartzea eragoztea, gure B plana zera izango da, jende gehiagorekin itzultzea. Eta kito».
«Espero dugu oraingoan setioa hautsiko dugula, indartsuago baikaude eta estrategia gehiago baitauzkagu»
SUMEYRA AKDENIZ-ORDU Aktibista alemana
Emozio handiko garaia da, baina, gainera, Serraren hitzetan, «arriskua oso handia da. Izan ere, elkarrekin biziko garenok elkarrekin egon gara, elkar ezagutu dugu, bi edo hiru egunez bilerak egin ditugu, baina gero pertsona horiek gatazka egoeretan egongo dira. Erronka itzela da: heldutasun handia eskatzen du, ulertzeko eta onartzeko gaitasun handia. Baina, alde batera utzita zer barne arazo izan daitezkeen, aintzat hartu beharra dago kanpotik zer eragingo duten: estatu sionistak ezin du onartu gehiegitan amore ematea».
Azkenean, pixka bat berandu baina emozioz, satisfazioz, zuhurtziaz eta irmotasunez, abiatu da flotilla; Bartzelonako portutik irten eta Mediterraneoko beste portu batzuetara bidean doa, han beste ontzi batzuek ere bat egingo baitute blokeoaren aurkako flotillarik handienarekin.
Israelek Gazan abiatutako sarraskiaren aurka, mobilizaziora deitu du gaur RSF Mugarik Gabeko Kazetariak gobernuz kanpoko erakundeak, eta BERRIA egunkariak bat egin du kanpaina horrekin. RSFk nazioarteko hedabideei egin die deia, eta, oraingoz, munduko 258 komunikabidek bat egin dute. RSFk salatu duenez, Israelgo armadak 220 kazetari hil ditu Gazan 2023ko urriaren 7az geroztik; horietatik azkenak, astelehenean, abuztuaren 25ean. Deialdiaren bidez, erakundeak Israelgo Gobernuari exijitu dio eman diezaiela baimena nazioarteko hedabideei Gazan sartzeko.bERRIA-K BAT EGIN DU RSF-REN KANPAINAREKIN