Bero boladak itolarrian jarri du Europa

Frantzian gutxienez bost pertsona hil dira beroagatik, tartean bi haur. Alertak ezarri dituzte, besteak beste, Espainian, Portugalen, Italian, Belgikan, Alemanian eta Erresuma Batuan ere.

Gazte bat burua iturri azpian sartuta atzo, Kordoban. RAFA ALCAIDE / EFE
Gazte bat burua iturri azpian sartuta atzo, Kordoban. RAFA ALCAIDE / EFE
Aitor Garmendia Etxeberria.
2026ko ekainaren 23a
09:38
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ekainean inoiz ez dute horrenbesteko beroa izan Europako hainbat gunetan. Beroaldia gogor jotzen ari da kontinentearen mendebaldea, eta, Euskal Herrian bezala, alertak ezarriak daude beste hainbat herrialdetan ere. Frantzian pairatu dituzte ondorio larrienak. Gutxienez bost pertsona hil dira han beroa dela-eta, tartean bi haur, auto baten barruan itota.

Frantziako mendebaldean eta erdialdean 40 gradutik gorako tenperaturak neurtu zituzten atzo, besteak beste Bordele eta Angers hirietan. Baita Bretainian ere; 40 gradutik gora markatu zuten termometroek atzo Roazhonen. Meteo France Frantziako meteorologia agentziaren arabera, urte sasoi honetan ohikoak direnak baino 15 gradu gehiagoko tenperaturak dira atzo erregistratutakoak.

Okzitanian, Carpentras hirian, bi haur hil ziren beroz itota auto baten barruan; bi eta lau urte zituzten. Beroagatik hil ziren 80 urtetik gorako hiru pertsona ere, Frantziako hego-ekialdean. Gainera, adituek ohartarazi izan dute beroaldietan areagotu egiten direla uretan gertatutako ezbeharrak. Horren erakusle, Frantzian 13 pertsona hil dira itota asteburutik; eta Alemanian, bost. Tarragonan ere (Katalunia) hiru adingabe hil dira asteburuan zehar, itota.

Beroaldia dela eta, alerta gorrian dago Frantziako zati handiena; Meteo Franceren arabera, herrialdeko biztanleen %90 bizi diren eremua egongo da gaur alerta mailarik gorenean. Espainian ere alerta gorria ezarri dute Kantabrian, Jaenen eta Kordoban; eta Herrialde Katalanetako eskualde guztietan ere abisu laranja edo alerta horia ezarri dute. Italian alerta gorrian egon ziren atzo, besteak beste Milan, Turin, Venezia, Bologna, Florentzia eta Erroma hirietan.

Dozenaka herritar bainua hartzen Parisko kanal baten, larunbatean. YOAN VALAT / EFE
Dozenaka herritar bainua hartzen Parisko kanal batean, larunbatean. YOAN VALAT / EFE

Belgikan eta Erresuma Batuan ekainean inoiz erregistratutako tenperaturarik  beroenak espero dituzte datozen egunetarako. Portugalen, Alemanian, Suitzan eta Luxenburgon ere alerta gorria ezarri dute hainbat eskualdetan.

Beroaldiari aurre egiteko, hainbat herrialde neurriak hartzen hasi dira. Frantzian, esaterako, 1.300 ikastetxe itxi zituzten atzo, eta beste 4.000tan ordutegiak egokitu zituzten. Garraio publiko zerbitzuak ere murriztu dituzte; Parisen, atzoko tren zerbitzuen ia herenak bertan behera utzi zituzten. Belgikan ere atzo eta gaur bertan behar utzi dituzte zenbait tren linea. Madrilen aterpe klimatikoak ireki dituzte etxegabeentzat, eta bertan behera utzi dituzte kanpoan egitekoak ziren hainbat ekitaldi.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA