Beste bi pertsona erreskatatu dituzte onik Nepalen

Erreskate lanei eutsiko diete zentral hidroelektrikoetan. Nepalgo lehen ministroak NBEren aurrean hitz egingo du hilaren amaieran.

Poliziek Nepalgo andre bat erreskatatu dutenekoa. EFE
Poliziek Nepalgo andre bat erreskatatu dutenekoa, gaur. EFE
Julen Otaegi Leonet.
2026ko irailaren 5a
18:25
Entzun 00:00:00 00:00:00

Nepalen bi lagun erreskatatu dituzte onik gaur, uholde handi batzuk gertatu eta 11 egunera: hondamena gertatu zenean zentral hidroelektriko batean zegoen langile txinatar bat, Lu Haitao izena duena; eta Nepalgo andre bat, Chandrika Shrestha. Atzo beste bi langile erreskatatu zituzten Rasuwa barrutiko beste zentral hidroelektriko bateko tunel batean, eta Nepalgo armadakoek eta Hego Koreako sorosleek gaur topatu dute Haitao, tunel baten barruan, 225 metro ingurura.

Sudhan Gurung Nepalgo Barne ministroak gaur esan du erreskateak «esperantza izpi bat» direla, eta eutsi egingo dietela zentral hidroelektrikoetako tuneletako erreskate lanei. Behargin txinatarra Trishuli 1 proiektu hidroelektrikoan zegoen uholdea izan zenean; gutxi gorabehera 1.400 pertsona zeuden han, horietako 557 desagertuta daude, eta uste da ehun baino gehiago daudela tuneletan harrapatuta. Bestalde, uholdeek etxean harrapatu zuten erreskatatu duten Nepalgo andrea, Nuwakot barrutian, eta poliziek lokatz artean topatu dute gaur.

Glaziar bat erori izanak luizi eta uholdeak eragin zituen Nepalen eta Tibeten abuztuaren 26an. Nepalgo Poliziaren azken datuen arabera, 1.344 gorpu berreskuratu dituzte jada, eta 4.887 pertsona daude desagertuta.

Nazioartearen ardura

Balendra Shah Nepalgo lehen ministroak NBE Nazio Batuen Erakundearen Batzar Nagusian parte hartuko du, irailaren 24an —organo horrek irailaren 22tik 28ra arte egingo du eztabaida orokorra—. Shahk martxoaren amaieran hartu zuen kargua, eta ordutik atzerrira egingo duen lehenbiziko bidaia izango da; The Kathmandu Post egunkariak kaleratu duenez, nazioarteko laguntza are gehiago lortzeko xedez joango da NBEren New Yorkeko egoitzara (Ameriketako Estatu Batuak).

Asteazkenean parlamentuan hitz egin zuen Shahk. Nabarmendu zuen Nepal ez dela kapaz uholdeek Rasuwa barrutian eragindako krisiari erantzuteko, eta nazioarteari eskatu zion klima larrialdia dela-eta bere gain hartu dezala dagokion partea «denen ardura» den auzi horretan.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA