«Zer egun da gaur?»

Bi pertsona onik erreskatatu dituzte Nepalen, uholdeak gertatu eta hamar egunera. Bietako bat oso larri dago. Iturri ofizialek adierazi dute tunel batean ziren behargin gehiago erreskatatzeko ahaleginean ari direla.

Nepalen gaur onik erreskatatu duten beharginetako bat. NARENDRA SHRESTHA / EFE
Igor Susaeta.
2026ko irailaren 4a
10:12
Entzun 00:00:00 00:00:00

Nepalen, uholde handi batzuk gertatu eta hamar egunera, hondamendia gertatu zenean tunel batean lanean ari ziren bi behargin erreskatatu dituzte gaur erreskate taldeek. Iturri ofizialek adierazi dute, gainera, zentral hidroelektriko baten proiektuan tunel horretan lanean ari ziren langile gehiago erreskatatzeko aukera zabalik dagoela, eta horretan ari direla erreskate taldeak. 

Glaziar bat erori izanak luizi eta uholde bortitzak eragin zituen Nepalen eta Tibeten, eta orain arte ia 1.300 hildako zenbatu dituzte, eta desagertuak 5.000 pasa dira. Uholdeek bete-betean jo zuten Trishuli 3A proiektu hidroelektrikoa, eta tunela lokatzez eta lohiz estali zuen. Iturri ofizialek uste dute proiektu horretan lanean ari ziren 550 langile inguru desagertuta daudela.

(ID_16411526) NEPAL FLASH FLOOD
Erreskate taldeak lanean gaur, Nepalen. NARENDRA SHRESTHA / EFE

Iturri ofizialek adierazi dutenez, tunelaren barruan 170 metro ingurura topatu dituzte bi langileak. Sanjay Sha izena du erreskatatutako lehen beharginak, eta ondoren Kabir Maharjan atera dute tuneletik. Nepalgo hiriburu Katmandura eraman dituzte hegazkinez; Sha egonkor dago, eta Maharjan, aldiz, oso larri.

EB-ren laguntza heldu da

EB Europako Batasunak emandako laguntza humanitarioa daraman lehen hegaldia heldu da gaur Nepalera, iturri komunitarioek jakinarazi dutenez. 82 tona eraman dituzte guztira, kontuan hartuta elikagaiak, ura, gailu sanitarioak eta, besteak beste, ostatua zein babesa errazteko baliabideak. Europako Batzordeak nabarmendu du, gainera, 500.000 euro jarriko dituela premiazko beharrak asetze aldera. Joan den astean, EBk onartu zuen laguntza humanitarioan bi milioi euro ematea Nepali.

Erreskate taldeak tuneletik pertsona gehiago ateratzeko ahaleginean ari dira orain. «Erreskate taldeei esan diete tunelean ahotsak entzuten direla. Erreskate taldeak tunelean sartu dira, eta operazioa indartu dute», idatzi du Facebooken Nepalgo Asanblea Nazionaleko diputatu Ram Neupanek. Hori bera berretsi du sare sozialetan Komunikazioen ministro Bikram Timilsinak. «Itxaropentsu gaude, zain...».

Erreskatatutako langileetako batek, Shak, azkeneko hamar egunetan nozitu duena kontatu du. Erreskatatua izan eta gutxira esan dituenak zabaldu ditu Nepalgo armadak. Guztiz lokaztuta baina bere kordean zela atera dute, eta erreskatatu dutenekin hizketan hasi denean, zera galdetu du lehenbizi: «Zer egun da gaur?».

Azkeneko hamar egunetako bizipenak eta sentipenak deskribatzen hasi denean, zehaztu du uholdeak harrapatu zituenean kontrolgunean zegoela. «Normalean, bospasei pertsona egoten dira bertan, baina orduan 40-45 lagun egongo ginen barruan». Eta lohiak eta lokatzak estali zituen. «Kontrolgunean nengoenez, nire erantzukizuna zen denak salbatzea. Gisa horretako istripu bat gertatu ondoren, ezin nuen neuk bakarrik ihes egin». Besteak ohartarazten hasi zen. «Jende guztiari esan nion istripu larri bat gertatu zela, eta korrika alde egiteko eskatu nien». Berak ezin izan zuen ihes egin, ordea. «Besteak ateratzeko ahaleginean, denbora galdu nuen, eta neronek ezin izan nuen tuneletik alde egin».

Aire poltsei esker

Lurpean gelditu zen, eta azaldu du denbora pasatu zuela mantrak errezitatzen. Esan duenez, lurperatuta pasatu duen denboran hiruzpalau pertsonarekin komunikatu da. «Builaka aritzen ginen elkarrengandik gertu geundenok. Baliteke zentral hidroelektrikoaren barruan ere jendea egotea. Beharbada haietako batzuek ezin izan dute ihes egin».

(ID_16411636) NEPAL FLASH FLOODS AFTERMATH
Erreskate taldeak lanean gaur Nepalen. NARENDRA SHRESTHA / EFE

Bhote Koshi eta Trishuli ibaietako proiektu hidroelektriko gehienak aurrean eraman zituzten uholdeek. Azken egunetan, lohiz, lokatzez eta hondakinez inguratutako tuneletan harrapatuta egon daitezkeenak ateratzera bidali dituzte erreskate lanetako langileak, eta guztira 270 behargin inguru atera dituzte onik hainbat instalaziotatik. Iturri ofizialek adierazi dutenez, bizirik eutsi izan diote gertakariek eragindako aire poltsei esker.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA