Hamasek irudikatu du Gazarako akordio bat lortuz gero nola izango litzatekeen preso palestinarren eta bahituen trukea. «Adostutako irizpideen eta kopuruen arabera», aske utzi beharreko preso palestinarren zerrenda osatu du talde islamistak, ohar bidez gaur jakinarazi duenez, eta negoziazioetako Israelgo ordezkaritzak jaso du jada.
Bestalde, Hamasen ordezkaritzako buruak, Khalil al-Hayyak, «benetako bermeak» eskatu ditu, akordioa lortuz gero Israelek hura bete dezan ziurtatzeko, eta, batez ere, ez diezaion berriro ekin Gazaren kontrako erasoaldiari. Al Qahera Egiptoko telebista kateari atzo emandako elkarrizketa batean, talde islamistako arduradunak gogorarazi zuen Israelek lehenago ere hautsi dituela gatibuak eta presoak trukatzeko su etenak: «Bitartekariekin batera erdietsitako konpromisoak hiltzen jarraitzen du».
Aldeen zeharkako negoziazioek hirugarren eguna dute Egiptoko Xarm el-Xeikh hirian, eta Ameriketako Estatu Batuetako ordezkaritza gaur helduko da hara. Qatar, Egipto eta Turkia aritu dira Israelen eta Hamasen arteko elkarrizketetan, eta Steve Witkoff AEBen Ekialde Hurbilerako mandatari bereziak zuzendutako taldea beste bitartekariei batuko zaie. Qatarko lehen ministro eta Atzerri ministro Mohammed bin Abdulrahman al-Thani ere Sinai penintsularen hegoaldeko hiri hartara heltzekoa da gaur.
Hamasentzat, sarraskia amaitzea eta «okupazio armadak» Gazatik ospa egitea da negoziazioen helburua, besteak beste. Donald Trump AEBetako presidenteak ondutako planak ez du eperik zehazten azken horretarako; erretiratzea talde islamistak dituen 48 bahituak askatu eta gero hasiko litzateke —aldi berean, Israelek ehunka preso palestinar ere askatuko lituzke—. Al-Jazeerak negoziazioetako iturri bat aipatuz jakinarazi duenez, ordea, Hamasek ez du nahi bahituak behingoan askatzea, Israelgo armadaren erretiratzearekin lotutako faseetan baizik: planteamendu horren arabera, azkenengo gatibuak eta azkenengo tropek aldi berean utziko lukete Gaza.
21.700AEBek zenbat milioi dolar jarri dituzten Israeli militarki laguntzeko Israel da Ameriketako Estatu Batuen aliatu nagusia Ekialde Hurbilean.
2023ko urriaren 7az geroztik, AEBek 21.700 milioi dolar jarri dituzte Israeli militarki laguntzeko, Brown Unibertsitateak kaleratutako txosten baten arabera. Aintzat hartzekoa da bi urte horietan gutxienez beste 9.600 milioi dolar gastatu dituztela Ekialde Hurbileko operazioetan.
Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak ez ditu negoziazioak aipatu ere egin, eta berretsi du «gerra helburuak» lortzeko beharrean jarraituko duela: bahituak itzultzea, «Hamasen agintea ezabatzea» eta Gaza «mehatxua» ez dela ziurtatzea. Atzo kaleratutako ohar batean zerrendatu zituen horiek, 2023ko urriaren 7ko Hamasen erasoaren bigarren urteurrenean —horri erantzunez hasi zuen Gazan Nazio Batuen Erakundeko batzorde batek eta gobernuz kanpoko hainbat erakundek genozidiotzat jo dutena—.
Israel, flotillen atzetik
Israelek berriro geldiarazi du Gazara bidean zihoan elkartasun ontzidi bat; oraingoan, Askatasunaren Flotilla delakoa. Ekinaldiaren arabera, Israelgo armadak flotillako bederatzi ontziak atzeman ditu jada, eta 140 ekintzaile inguru atxilotu. Aktibistek salatu dute legez kanpo atzeman dituztela, nazioarteko uretan zeudelako.
Askatasunaren Flotillak orain astebete ekin zion Gazako zerrendarako bideari, baina 04:34an beren webgunean jakinarazi dute Israelgo armadak eraso egin diela nazioarteko uretan zeudela. Soldaduek, ontzietara sartu, eta aktibistak atzeman dituzte. 120 itsas milia —220 kilometro— falta zitzaizkien Gazara heltzeko. Zeramaten giza laguntza ere kendu diete: sendagaiak, arnasa hartzeko tresnak, jakiak...
«Israelek ez du legezko autoritaterik ontzi horietan doazen nazioarteko boluntarioak atxilotzeko», adierazi du David Heap flotillako komiteko buruak. «Atxiloketa honek argi eta garbi urratzen du nazioarteko zuzenbidea, eta kontra egiten die Nazioarteko Justizia Auzitegiaren aginduei, zeintzuek exijitzen duten Gazara laguntza humanitarioa oztoporik gabe heltzea».
Zehaztu du boluntarioek ez diotela men egin behar Israelgo jurisdikzioari, eta ezin dituztela zigortu ez laguntza eskaintzeagatik ez legez kanpoko blokeoari aurre egiteagatik. «Atxiloketa arbitrarioa da, legez kanpokoa, eta lehenbailehen amaitu beharra dauka», ondorioztatu du Heapek.
Gaur zortzi, Global Sumud Flotillako aktibistak atxilotzeko operazioa hasi zuen Israelek, eta horietako gehienak deportatu egin zituzten. Ontzidian zihoazen lau euskal herritarrak astelehen gauean heldu ziren Euskal Herrira.
Ikusi gehiago