AEB. Kongresurako hauteskundeak. Joseba Gabilondo. Filologo eta idazlea

«Bi urteko geldialdi batean sartuko dira AEBak orain»

Kongresuko gehiengoak aukera emango die demokratei Trumpen inguruko ikerketak azkartzeko. Hark, berriz, epaileak sar ditzake Auzitegi Gorenean, Senatuko babesagatik.

JON URBE / FOKU.
inaki petxarroman
2018ko azaroaren 8a
00:00
Entzun
Michigango Unibertsitateko irakasle, filologo eta idazle izanik, gertutik erreparatu die hauteskundeei Joseba Gabilondok (Urretxu, Gipuzkoa, 1963). Demokratek oreka politikoa aldatu dutela uste du, baina errepublikanoekin ados jartzeko azaldu duten asmoak pareta joko duela iruditzen zaio. Horrek ez aurrera ez atzera utziko du AEBetako politika, presidentetzarako bozak arte.

Zertan aldatu dute boz hauek AEBetako egoera politikoa?

Errotik aldatu dute. Kongresua demokraten esku geratu da, eta hark dauka ikerketak abiatzeko eskumena. Beraz, horrek esan nahi du demokratek ikerketa pila bat has ditzaketela Trumpen administrazioaren inguruan. Horrek botere oreka erabat aldatuko du, zeren eta, adibidez, Robert Mueller III.aren ikerketek —Errusiak 2016ko presidentetzarako bozetan izan zuen esku hartzea ikertzen ari da— ez zuten bide handirik izango errepublikanoek irabazi balute. Trump paretaren kontra geratuko da orain.

Geografiak erakutsi du berriro ere eragin handia duela emaitzetan, ezta?

Erabatekoa. Demokratek 3,5 milioi boto gehiago izan dituzte, baina [behin-behineko emaitzen arabera] bi ordezkari gehiago bakarrik. Nekazari guneak nagusi diren estatuek askoz ere ordezkaritza handiagoa dute, boto bakoitzeko, hiriguneetakoek baino. Mundu hori da demokratek gehien galdu dutena, eta, oraingoz, behintzat, ez dirudi berreskuratuko dutenik. Aldiz, hemengo inkesten arabera, emakumeen %60k baino gehiagok ez dute Trump gustuko. Beste kontraste handi bat dago unibertsitate ikasketak dituztenen eta ez dituztenen artean. Izan ere, titulazioak dituztenen artean askoz zale gutxiago ditu Trumpek.

Ekinaldi legegilea kongresuak dauka. Horrek nola eragingo dio Trumpen agintaldiari?

Horretan oso egoera txarra dauka. Boto guztiak zenbatu beharko dira jakiteko zer-nolako abantaila izango duten demokratek, baina egoerak Trump neutralizatuko du, ez baitago ohituta elkarrizketara, kontsentsuak lortzen saiatzera eta besteekin lan egitera. Bestalde, demokratek oso estrategia naifa hartu dute. Haien bozeramaileak esan du bi alderdien artean lan egitearen alde daudela, elkarrizketa bultzatuko dutela eta akordioak lortu nahi dituztela. Eta argi dago errepublikanoek ez dutela nahi halakorik. Horrek esan nahi du gorren arteko elkarrizketa bat izango dela eta ez daukala irteera garbirik.

Senatuaren gehiengoari eutsi dio Trumpek. Horrek ere berebiziko garrantzia izango du, ezta?

Eutsi bakarrik ez, handitu ere egin du gehiengoa. Horiek oso albiste txarrak dira demokratentzat, zeren eta Auzitegi Gorenean oso jende adinekoa dago aurrerakoien aldean —haietako batek dementzia arazoak erakutsi ditu jadanik—, eta, beraz, Trumpek hautagaiak sartzen baditu Auzitegi Gorenean, herri honek eskuinean segituko du hurrengo 40 urteotan. Eta horretarako behar dena da Senatuko gehiengoa. Beraz, horretan izugarrizko boterea eman diote botoek Trumpi.

Hemendik aurrera zer gertatuko da AEBetan??

Ez da ezer gertatuko. Hau da, blokeo egoera bat etorriko da. Demokratek esan dute bi alderdien artean lan egin nahi dutela, elkartasunean... Adostu dezakete zerbait, agian, azpiegituren arloan, baina hortik aurrera ez dute ezer adostuko, errepublikanoek ez dutelako nahi. Eta demokratek ere karta hori jokatu nahiko dute 2020ko bozetan, Trumpi egotziko diotelako ezer adostu ez izanaren errua. Trumpek badaki bere oinarriari eusteko demokratei aurre egin behar diela, eta, beraz, garrantzitsuak diren gai horietan —immigrazioa, osasuna...— ez dute inongo konpromisorik hartuko. Bi urteko geldialdi batean sartuko dira AEBak orain.

2020ko presidentetzarako bozen abiapuntuan gaude, beraz. Demokratek asko dute argitzeko, ordea, horiei begira, ezta?

Bai, bururik gabeko alderdi bat dira oraintxe. Eta ez dute gaizki egin, batez ere, estatu bakoitzean egoera ezberdina zela jakitun, ez dutelako mezu homogeneo bat eman nazio osorako. Bazekiten lekuan lekuko diskurtso bat behar zutela lekuan-lekuan irabazteko. Eta hori egin dute. Baina orain ez daukate ez mezu bateraturik, ez bururik. Demokratek ez daukate bizkarrezurrik, ezta indarrik ere. Hala ere, duela hiru urte Trump ere ez zen hautagai nagusia, eta azken momentuan hautatu zuten, errepublikanoen aparatu osoaren iritziaren aurka. Trumpek eman zuen ezustekoa eman lezake demokrata batek ere.

Egun bateko lorea ez dela ere erakutsi du Trumpek.

Oraingoz bai. Baina daukan borroka nagusia Txina da. Izan ere, baliteke muga zergak haren aurka bihurtzea, ondo kudeatzen ez baditu. Oraingoz, Wall Streetek behera egin du, eta horrek ez dio lagunduko, zeren Trump esaten ari da AEBetako historiaren ekonomiarik onena dugula oraintxe. Soja nekazariak oso kaltetuta geratu dira jada haren politika ekonomikoekin. Soja ezin saldurik dira, eta aste batzuk egon daitezke, baina sei hilabete barru berdin jarraitzen badute, nekazariekin arazoak izango ditu Trumpek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.