AEB-ak

Biden: "Migratzaile gehienak euren etxeetara bidaltzen ditugu"

Joan den larunbatean 9 urteko haur guatemalar bat hil zen AEBen eta Mexikoren arteko mugan, amarekin eta 3 urteko anaiarekin hura zeharkatzen ari zela.

Joe Biden, bere lehen agerraldian, bart. OLIVER CONTRERAS / POOL
jon ordonez garmendia
2021eko martxoaren 26a
12:05
Entzun

Etxe Zurira iritsi zenetik lehen agerraldia egin du bart Joe Biden AEBetako presidenteak. Hainbat gai izan ditu hizpide; besteak beste, Txinarekiko harremanak, Afganistango erretiratzea eta koronabirusa, baina nagusiki migratzaileez jardun da. Bidenek esan du Mexikotik mugara iristen diren gehienak euren herrialdeetara itzultzen dituztela: "18 urtetik gorako hamarnaka mila pertsona bidaltzen dira euren etxeetara. Familien gehien-gehienak bidaltzen ditugu bueltan. Ez dira muga pasatzen ari", esan du AEBetako presidenteak.

Migrazio horren ardura Mexikorena dela adierazi du, gainera, esanez ez dituela onartzen bere herrialdean. Azaldu du Andres Manuel Lopez Obrador Mexikoko presidentearekin negoziatzen ari dela, mugara iristen diren guztiak euren herrialdeetara bueltatzeko. Zehaztu du, baina, heldu baten laguntzarik gabe iristen diren adingabeak ez dituztela bakarrik itzularaziko.

2003tik 400.000 adingabe iritsi dira AEBetara heldu baten laguntzarik gabe, egunean 530, eta une honetan 17.000 haur eta gazte daude AEBetako administrazioaren ardurapean. Horietatik 12.000 horretarako prestaturiko azpiegituretan daude, baina ez beste 5.000, The Washington Post egunkariak argitaratu duenez.

Bidenek aitortu du Texasen mugan dituzten azpiegiturak ez direla nahikoa, eta horietan dauden adingabeetatik mila berehala aterako dituztela esan du. San Antonion 2.500 adingaberentzako beste azpiegitura bat egingo dutela iragarri du, bederatzigarrena.

Bide batez, esan du Donald Trump presidente ohiak gosez hiltzen uzten zituela adingabeak, eta berak ez duela hori egingo: "Ez nuke sekula egingo". Gaur jakin da, baina, martxoaren 20an Mexiko eta AEBen arteko mugan Rio Grande edo Bravo zeharkatu nahian 9 urteko haur bat hil zela. Guatemalakoa zen. Mugako poliziek konorterik gabe aurkitu zuten, amarekin eta 3 urteko anaiarekin batera, ibaiaren uharte batean; albiste agentzien arabera, Mexikoko aldean. AEBetako poliziek erreskatatu egin zituzten, eta ama eta anaia txikia salbatu zituzten. Ez, ordea, anaia nagusia.

Errepublikanoei erantzunez, Bidenek esan du migrazio hau urtero udaberrian gertatzen den zerbait dela, basamortuan hiltzeko arrisku gutxiago dutelako migratzaileek, eta ez duela zerikusirik bere politikekin. "Norbaitek uste du Trumpen garaian %31 handitu bazen migrazioa haren politikengatik izan zela? Ez da hori etortzeko arrazoia". Esan du ez dutela arazo osoa konponduko, baina pertsona askoren bizitza hobetuko dela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.