Donald Tusk Poloniako lehen ministroak eman du albistearen berri, sare sozialetan: «Aske utzi dute Andrzej Poczobut! Ongi etorri Poloniako etxera, lagun». Poloniak eta Bielorrusiak preso truke bat egin dute gaur, eta, horien artean, Poczobut kazetaria da espetxetik atera direnetako bat.
2021eko martxoan atxilotu zuten Bielorrusia mendebaldeko Hrodna hirian, eta zortzi urteko espetxe zigorra ezarri zioten, gorrotoa bultzatzea leporatuta, besteak beste —gobernuaren kontrako 2020ko protesten berri emateagatik, Bielorrusiako gutxiengo poloniarraren aldeko adierazpenengatik eta 1939an sobietarrek Poloniaren kontra abiatutako inbasioa «erasotzat» jotzeagatik—.
Poloniako Atzerri ministro Radoslaw Sikorski Ameriketako Estatu Batuek Bielorrusian duten mandatari berezi John Coalerekin bildu zen atzo, eta gaur sare sozialetan idatzi du «kontu garrantzitsuak» izan zituztela hizpide; ordu batzuk geroxeago heldu da Poczobut aske utziko dutelako iragarpena. Arratsaldean emandako prentsaurreko batean, Sikorskik adierazi du lanean jarraituko dutela Minskek «preso politiko» gehiago aska ditzan; Coaleren arabera, era horretako 800-900 preso daude. «Poloniaren aldeko konpromisoaren sinboloa da, baita prentsa askatasunaren eta kazetarien aldekoa ere», esan du Atzerri ministroak Poczobuti buruz. Are, prentsaurrekoan jakinarazi duenez, Poloniak errusiar bat utzi du aske; Ukrainak eskatua zuen preso hori estraditatu zezatela.Â
AEBetako mandatari bereziak adierazi du hiru poloniar eta bi moldaviar askatu dituztela preso trukeari esker —Bielorrusiakoa da Poczobut, baita hango gutxiengo poloniarraren parte ere bai—. «Trump presidentearekin batera, Amerika bere aliatuen alde jartzen da, eta inork lortu ezin dituen garaipen diplomatikoak ematen ditu», idatzi du sare sozialetan. Aleksandr Lukaxenko Bielorrusiako presidenteari ere eskerrak eman dizkio, «harreman eraikitzailea» edukitzeko asmoagatik.
Europako Parlamentuak Sakharov saria eman zion iaz Poczobuti, «askatasunaren eta demokraziaren sinbolo» izateagatik. Mzia Amaglobeli kazetari georgiarra ere saritu zuen; iazko abuztuan bi urteko espetxe zigorra ezarri zioten herrialdeko presidentearen aurkako protestetan parte hartzeagatik, eta preso dago oraindik.