Orain arte gutxi izan dira bisera gorria kentzera ausartu direnak. Donald Trump AEBetako presidentea iazko urtarrilean Etxe Zurira itzuli zenetik, haren hurbilekoenen artean ia inork ez ditu kritikatu presidentearen erabakiak; ez, behintzat, jendaurrean. Eta hala egin dutenak urrundu egin dira Etxe Zuritik, Elon Musk adibidez. Azken asteetan, ordea, Washingtonek Iranen aurkako erasoaldia abiarazi duenetik, gero eta arrakala gehiago agertu dira MAGAÂ Make America Great Again (Egin berriro Amerika handi) mugimenduaren barnean.
Trumpek ez duela bere hitza bete salatu du Tucker Carlson AEBetako telebista aurkezle eta eskuineko aktibista politiko ospetsuak. MAGA mugimenduaren babesle nabarmenetako bat izan da Carlson, baina Iranen aurkako erasoaldia kritikatu du. Etxe Zuriko maizterrak America First (Aurrena, Amerika) doktrina albo batera utzi duela salatu du Fox telebista kate kontserbadoreko aurkezle ohiak. «Zergatik hasi da Irango gerra? Erantzuna oso sinplea da: Israelek hala nahi izan duelako», azaldu zuen bere Youtubeko kanalean, martxoaren 2an, erasoaldia hasi eta bi egunera.
«Hau Israelen gerra da, ez AEBena. Eta ez du zerikusirik AEBen segurtasun nazionalarekin», adierazi zuen Carlsonek. Aktibista ultrakontserbadoreak gaineratu du atzerriko herrialde baten interesak AEBen interesen aurretik jarri dituztela, eta oroitarazi berak Trumpen aldeko botoa eman zuela presidentetzarako bozetan: «Ez genuen [Benjamin Netanyahu] Bibi hautatu gure herrialdeko presidente». Trumpek adierazi du Carlsonek «iparra galdu» duela, eta jada ez dela MAGA mugimenduaren parte.
MAGA mugimenduaren barnean pisu handia hartu dute hainbat influencer-ek; orain, horietako batzuek Irango esku hartze militarrak errepublikanoentzat izan ditzakeen kalteez ohartarazi dute. Jack Posobiec izan da horietako bat —hiru milioi jarraitzaile baino gehiago ditu X sare sozialean—. Charlie Kirk ekintzaile ultrakontserbadoreak —iazko irailean tiroz hil zuten, ekitaldi batean hizketan ari zela— esandako hitz batzuk gogora ekarri ditu azken egunetan: «Charlie Kirkek esan zigun AEBetako belaunaldi gazteenek garrantzi handiagoa ematen diotela barne politikari, nazioarteko gatazkei baino. Ezin dugu hori ahaztu agintaldi erdiko hauteskundeak ditugun urtean».
Keith eta Kevin Hodge anaia influencer-ak ere Trumpen aliatuak dira, baina Irango operazio militarra kritikatu dute: «Guk ez genuen Trumpen aldeko botoa eman Irango herritarrak aska zitzan». Hodgetwins kanalak 3,5 milioi jarraitzaile ditu Xn, eta beste horrenbeste Youtuben.
Marjorie Taylor Greene Ordezkarien Ganberako diputatu errepublikano ohia ere erasoaldiaren kontra agertu da. Aurrena, Amerika agendaren aurkako erabakia dela salatu du, baita Irango haurrak hiltzen ari direla ere. Greenek urtarrilean utzi zuen Ordezkarien Ganberako kargua. MAGA mugimenduaren defendatzaile izandakoak Gazako «sarraskian» Israeli emandako babesa kritikatu izan du, baita Epstein auziaren inguruko dokumentuei sekretua kentzeko orduan Trumpek jarritako oztopoak ere. Horregatik, AEBetako presidenteak «traizio» egitea leporatu zion Greeneri, eta ziurtatu ez ziola babesa emango agintaldi erdiko bozetan. Horren ostean kargua utzi zuen ordezkari errepublikanoak.
Gaitzespenez harago, dimisio bat ere ekarri du Irango erasoaldiak. AEBetako Terrorismoaren Aurkako Zentroko zuzendari Joseph Kentek bere kargua utzi zuen iragan astean. «Ezin dut Irango gerra babestu. Iran ez zen mehatxu bat gure nazioarentzat, eta klaru dago Israelen eta hark Amerikan duen lobby boteretsuaren presiopean ekin geniola gerra honi», esanez argudiatu zuen bere erabakia. Kentek dimisioa eman izana «albiste on» gisa definitu zuen Trumpek, eta berretsi Teheran «mehatxua» dela AEBentzat.
Oinarriak, Trumpi fidel
Eztabaidak eztabaida, 2024ko bozetan Trumpen alde egin zutenen artean ez da orokortu Irango esku hartzearen aurkako jarrera. Hala erakusten dute Politico AEBetako egunkariak iragan astean egindako inkesta baten emaitzek. Beren burua MAGA mugimenduaren parte dutenen artean, hamar pertsonatik zortzik babesten dute esku hartzea; eta, MAGAkoak ez, baina Trumpen alde bozkatu zutenen %61ek babesten dute erasoaldia.
Alderdi Demokrataren boto emaileen artean, kontrara, %89 operazioaren aurka daude, NBC News hedabideak martxoaren 4an argitaratutako inkesta baten arabera. Eta inkestan parte hartu zuten guztien artean, erdiak baino gehiagok —%52k— uste dute AEBek ez zutela Iranen aurkako erasorik egin behar.
Laugarren astean sartu da erasoaldia, eta jada gutxienez 1.400 herritar hil dituzte Iranen, HRANA Giza Eskubideen Aldeko Aktibisten Irango agentziaren arabera —AEBetan du egoitza—. Gainera, AEBetako armadako hamahiru soldadu ere hil dira. Horretaz gainera, Ekialde Hurbileko gatazkak erregaien garestitzea eragin du. AEBetan egindako azken hauteskundeetan erdigunean egon da erosahalmenaren gaia, eta erregaien garestitzea dela medio, are eta garrantzi handiagoa hartuko du.
Alderdi Demokratako kideak argudio hori erabiltzen ari dira errepublikanoen aurka egiteko. AEBetako bizitzaren kostua garestitzen ari den bitartean, nazioarteko gatazketan dirua xahutzea egozten diete: «Herrialdea erosahalmen krisi betean dagoen bitartean, errepublikanoek ez dute arazo hori konpontzeko ezer egin. Baina Ekialde Hurbilean bonbak jaurtitzeko milaka milioi gastatzeko prest daude», idatzi du sare sozialetan Hakeem Jeffriesek, Ordezkarien Ganberako demokraten buruak.
Azaroan egingo dituzte agintaldi erdiko hauteskundeak, eta Ordezkarien Ganbera eta Senatuaren herena berrituko dituzte. Gaur-gaurkoz errepublikanoek dute gehiengoa bi ganberetan. AEBetako Kongresuaren osaera berritzeaz gainera, bozen emaitzek erakutsiko dute herritarrek zenbateraino babesten dituzten Trumpek hartutako neurriak.