Rusten Sheskey lanean ari da berriz Kenoshan (Wisconsin, AEB). Hala jakinarazi du Daniel Miskinis hango poliziaburuak, eta gaineratu du agenteak ez duela zigorrik izango. Iazko abuztuaren 23an Jacob Blake afro-amerikarra tirokatu zuen polizia da Sheskey; poliziarekin eztabaidan ari zela, Blake bere hiru alabak zituen autorantz zuzendu zen, eta agenteak bizkarrean tiro egin zion, zazpi aldiz. Beltza da Blake, eta zuria, berriz, Sheskey. Bularretik behera elbarri utzi zuen Blake.
Plazaratutako idatzian, Miskinisek aitortu du badakiela «batzuk» ez direla pozik izango erabakiarekin, baina egindako ikerketari esker ondorioztatu dutela agenteak «Poliziaren politiken barruan jokatu zuela», eta, horregatik, ez duela zigorrik izango: «Agenteak legea errespetatu zuen, eta emandako formakuntzan irakatsi zioten bezala jokatu zuen».
Urtarrilean jakin zen polizia bakar bat ere ez zutela auzipetuko tiroketarengatik, nahiz eta bideoan grabatuta dagoen gertakaria, eta berehalakoan ezagun egin zen erasoa. Martxoaren 31n amaitu zitzaion laneko baimena Sheskeyri.
Protestak berpiztu zituen tiroketa
Polizia zuri batek Minneapolis hirian George Floyd hil eta hiru hilabete eskasera izan zen Blakeren aurkako tiroketa, eta horrek berpiztu egin zituen arrazakeriaren aurkako mobilizazioak, baita istiluak ere. Bereziki larriak izan ziren abuztukoak. Eskuin muturreko taldeek dei egin zuten Black Lives Matter eta arrazakeriaren aurkako taldeek deitutako mobilizazioen aurka jotzeko, eta bi manifestari tiroz hil zituzten horietako batean.
Kyle Rittenhouse eskuin muturreko jarraitzaileari leporatu zizkioten hilketak. Tiro egiten grabatu zuten. 17 urte zituen orduan, eta 18 dauzka orain.