Blanca Serra i Puig Kataluniako ezkerreko aktibista eta militante historikoa hil da, 82 urterekin. Bartzelonan jaio zen, 1943ko abenduaren 20an, eta Kataluniako mugimendu independentistaren ikurretako bat izan da. Frankismoan eta Trantsizioan atxilotu eta torturatu zuten, Bartzelonan eta Madrilen, eta Espainiako Memoria Demokratikoaren Fiskaltzan polizia frankistaren torturak salatu zituen lehena izan zen: «Beti kostako zait hau barneratzea: bizitza osoan akusatu naute eta orain ni naiz akusatzailea», esan zuen epailearen aurrean. Torturatu zutela onartu baina torturen erantzuleak identifikatu ezin zituztelakoan, salaketa hori artxibatu egin zuen pasa den martxoan epaileak, eta Serrak hala esan zuen bere azken agerraldi publikoan: «Gazteek ez dakite zer den erregimen autoritario batean bizitzea, askatasunik gabe, beldurrez eta jazarrita».
Jose Mari Pastorrek otsailean ekarri zuen Serraren lana BERRIAra, Untxia eta latinismo supremazista artikuluan: «Zer da identitate latinoa? Blanca Serra historiagile katalanak ahoan bilorik gabe heldu zion gaiari, aspaldi ez dela: 'Bada, benetan, identitate latinoamerikarrik? Argentinar batek kolonbiar, paraguaitar, ekuadortar, dominikar, venezuelar, brasildar ere sentitzen du bere burua? Edo estatu horietako bakoitza, kolonizazio europarraren eta esklabotzaren fruitua dena, bere identitate propioa eratzen ari da, zeinak maien, maputxeen, kitxuen eta abarren identitate historikoak itotzen dituen?'».
Hizkuntzalaritza eta militantzia politikoa uztartuz
Pastorrek berak 1982an Anaitasuna aldizkarian Eva Serrari, Blancaren ahizpari, egin zion elkarrizketan zioen familia katalanista batean jaio zirela; Eva ere militante historikoa izan zen, eta 2018an hil zen. Blancak Bartzelonako Unibertsitatean ikasi zuen, Filologia Klasikoa, eta hizkuntzalaritza eta irakaskuntza militantzia politikoarekin uztartu zituen. 1960ko hamarkadan Kataluniako Fronte Nazionala alderdi politikoko kide izan zen, zeinak abertzale katalanak batzea zuen helburu. 1969an hori utzi eta Herrialde Katalanetako Askapenerako Alderdi Sozialistara pasatu zen, eta batzorde eragileko kide izan zen. Ipar Katalunian errefuxiatu zen, eta handik bueltan lau aldiz atxilotu zuen Espainiako Poliziak 1970eko eta 1980ko hamarkadan, Eva ahizparekin batera. ETArekin eta Terra Lliure erakunde armatuarekin kolaboratzea ere egotzi zioten, beste delitu batzuen artean: «Gogoratzen dut aurpegia estali eta ez zidatela arnasa hartzen uzten. Eta oinen azpialdean jotzen ninduten. Ez nekien horrek hainbeste min eman zezakeenik. Hatz pare bat puskatu zizkidaten eta ezin nituen oinetakoak lotu».
Hezkuntza eta kultura arloko hainbat erakunderekin izan zuen lotura, eta 2006an Dret a Decidir (Erabakitzeko eskubidea) plataformako bozeramailea izan zen, eta ondoren Kataluniako Asanblea Nazionalaren sorreran parte hartu zuen. CUPen hauteskunde zerrendak osatu zituen zenbait bozetan. Kataluniako prozesu independentistaz esan zuen gehiago egin ahal izan zela: «2017an aukera bat galdu genuen. Baina ez dugu negartiak izan behar, eta aurrera egin behar da. Gure ondoren beste batzuk etorriko dira».