Bolsonarok aurrea hartu dio Lulari Brasilgo presidente izateko lehian

Alderdi Liberaleko presidendegaiak botoen %47 lortu ditu; Langileen Alderdikoak, berriz, %45. Urriaren 25ean lehiatuko dira biak, bigarren itzulian.

Flavio Bolsonaro lehen itzuliko emaitzak atera berritan, atzo, Brasilian. ANDRE BORGES / EFE
Flavio Bolsonaro lehen itzuliko emaitzak atera berritan, atzo, Brasilian. ANDRE BORGES / EFE
Julen Otaegi Leonet - Beñat Mujika Telleria
2026ko urriaren 5a
06:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

Brasilgo hauteskunde orokorretan balantzekin bezala gertatu da: zenbat eta muturrerago egon, orduan eta dinbili-danbala handiagoa. Aurreko hauteskundeetan, Luiz Inacio da Silva Lula-k nahikoa zama jarri zion ezkerreko aldeari, eta lortu zuen Jair Bolsonaro presidente ohia (2019-2023) oposizioan zokoratzea; oraingoan, ordea, beste bolsonarotar bat izan du lehiakide, Flavio Bolsonaro. PL Alderdi Liberaleko presidentegai ultraeskuindarrak botoen %47,03 lortu ditu, eta PT Langileen Alderdiko presidentegai aurrerakoiak, berriz, botoen %45,16. Ez batak eta ez besteak ez dute lortu botoen erdiak eskuratzea, eta, hortaz, Bolsonarori eta Lulari berriz ere egokituko zaie balantza gainean jartzea, azkenerako zeinen aldera makurtuko. Urriaren 25ean izango da hori, orduantxe egingo baitute hauteskundeen bigarren itzulia.

«Aldaketa nahi du Brasilek; horixe da analisia», esan du bart Bolsonarok, hauteskunde orokorretako emaitzak jakin berritan. Brasilian egindako agerraldi batean, adierazi du «oso pozik» dagoela, botoa eman diotenek «konfiantza» izan dutelako berarengan, «demokrazia» errespetatzen duen gobernu bat osa dezan: «Kezkatuta nago Brasilen etorkizunaz, eta jarrera horri eutsiko diot datozen hiru asteotan, bigarren itzulira arte».

Kopuruei erreparatuz gero, bi milioi boto pasaren aldea atera dio Bolsonarok Lulari: PLkoak 56,1 milioi lortu ditu, eta PTkoak, berriz, 53,8 milioi. Presidentegai ultraeskuindarrak bere aitak baino emaitza hobea lortu du, Jair Bolsonarok 51 milioi boto eskuratu baitzituen 2022ko hauteskunde orokorretan; presidente izandakoa 27 urteko espetxe zigorra betetzen ari da orain, etxeko atxiloaldian —Brasilgo Auzitegi Gorenak erruduntzat jo zuen iaz, 2023ko urtarrilean, Lulak hirugarren agintaldia hasi berritan, presidentearen kontrako kolpea ematen saiatzeagatik—.

Batera edo bestera, jakina zen Lula bigarren itzulira igarotzekoa zela, baina, duela lau urteko emaitzekin konparatuz gero, orduko hartan gutxi gorabehera 3,4 milioi boto gehiago lortu zituen lehen itzulian —eta botoen %48,4—. Hiru aldiz izan da presidente: 2003tik 2011ra bi agintaldi egin zituen jarraian, eta 2023an berriz ere hartu zuen kargua. Ikusteko dago lortuko ote duen hori laugarrenez egitea. Bart egindako agerraldi batean, ohartarazi du lehiakideak «ziurgabetasuna» ekarriko diola herrialdeari, eta gaurtik aurrera «beste kanpaina» bat hasiko dela: «Prest egon daitezela bolsonarotarrak».

Ia 159 milioi herritarrek zuten bozkatzeko aukera, eta, botoa ematea berez derrigorrezkoa izanagatik ere, bostetik ia lauk eman dute botoa. Abstentzioa %21,08 izan da —alegia, 33,5 milioi lagunek ez dute botorik eman—, 1998ko hauteskunde orokorrez geroztiko handiena. Orduko hartan %21,49 izan zen, eta duela lau urte %20,9.

Hamar bototik bederatzi (%92,19) Bolsonarok edo Lulak eskuratu dituzte, eta Brasilgo presidente izateko lehiatik kanpo geratu dira, hortaz, gainontzeko hautagaiak: besteak beste, Avante alderdi zentristako Escritor Augusto (%2,89), Missao alderdi ultrako Renan Santos (%2,24) eta PSD Alderdi Sozialdemokratako Ronaldo Caiado (%2,18).

Berebizikoa izango da horien jarrera balantzak alde batera edo bestera egin dezan, baina Augustok bart iragarri du ez duela inoren alde egingo: «Nahiago dut tutik ere ez esan bigarren itzulian egongo direnen inguruan, eta argi utzi nahi dut inork ez duela baimenik nire izenean botoak eskatzeko, edo esateko bi hautagaietako edozein babestuko dudala». Santosek ere berdin: «Ez dut kanpainarik egingo inoren alde, ezta boto baliogabeen alde ere». Caiadok, aldiz, esan du bere alderdiko buruekin kontsultatuko duela zer jarrera hartu.

Ingurukoak, kontent  

Aintzat hartzekoa da eskuinak eta are eskuin muturrak hauspoa izan dutela Donald Trumpek iazko urtarrilean Ameriketako Estatu Batuetako presidente kargua hartuz geroztik Latinoamerikan egin diren hauteskunde guztietan: Ekuadorren, Bolivian, Txilen, Hondurasen, Costa Rican, Perun eta Kolonbian.

Bada, Brasilgo hauteskundeek ez dute eten bolads, eta inguruko agintari zenbaitek pozarren hartu dituzte emaitzak. Javier Milei Argentinako presidenteak sare sozialetan idatzi du Amerikan «libre» bizi nahi dutela: «Askatasuna Brasilerantz doa. Zorionak, Flavio Bolsonaro nire lagun kuttuna, hauteskunde historiko hauetan Lula komunistari aurre egiteagatik». Nabarmendu du «hamaika» aukera egongo direla bi herrialdeek elkarrekin jarduteko: «Biba askatasuna, zer demontre!».

Abelardo de la Espriella Kolonbiako presidenteak ere Bolsonarok aipatutako aldaketa izan du hizpide: «Nire bihotza Brasilekin dago gaur, Jainkoa erruki bedi herrialde hartaz, Kolonbiarekin egin bezala. Benetako kanbioa ezkerra mendean hartzea da». Sare sozialetan idatzitako mezu batean, «besarkada handi bat» bidali dio Bolsonaro «lagunari».

Halaber, Maria Corina Machado Venezuelako oposizioburuak sare sozialetan idatzi du Brasilen «askatasunerako bideari» ekingo diotela «aurki», eta «betiko» atzean utziko dituztela «komunismoa, biolentzia eta krimena».

Kongresu Nazionala, are eskuinerago

Hauteskunde orokorrak izanda, Brasilgo Kongresu Nazionalerako bozak ere egin zituzten atzo. Diputatuen Ganbera osoa berritzeko bozkatu dute, baita Senatuaren bi heren berritzeko ere. Azken legealdian kutsu eskuindarra izan du behe ganberak, Alderdi Liberalak eduki baititu ordezkari gehien; aurrerantzean ere hala izango da: Bolsonaroren alderdiak 121 eserleku eskuratu ditu (+22); Lularen alderdia buru duen koalizioak 88 (+8); Batasun Progresiboa eskuineko koalizioak 87; PSD Alderdi Sozialdemokratak 43 (+1); Errepublikanoak alderdi kontserbadoreak 41 —duela lau urte ere kopuru bera irabazi zuen—; eta MBD Mugimendu Demokratiko Brasildarrak 36 (-6). Gainontzeko eserlekuak alderdi txikiagoen artean banatu dituzte. Presidentea Bolsonaro edo Lula izan, behe ganberak berdin-berdin izango du kutsu eskuindarra.

Senatuak 81 eserleku ditu, eta horietako 54 zeuden jokoan: PLk hemeretzi eserleku irabazi ditu, eta lehen zituen eserlekuak halako bi izango ditu, 28 —eserlekuen herena pasatxo—; PTk, berriz, sei eserleku irabazi ditu, eta guztira bederatzi izango ditu. Errepublikanoak eta Novo eskuineko alderdiek, PLren aliatuek, sei eta hiru eserleku eskuratu dituzte, hurrenez hurren; horiek horrela, hiru alderdiek 37 izango lituzkete guztira, eta 41 botoren gehiengo osotik hurbil egongo lirateke.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA