Boricek «demokrazia» aldarrikatu du estatu kolpearen 50. urteurrenean

Minutu bateko isilunearekin gogoratu dute Moneda bonbardatzen hasi zireneko unea. Txileko presidenteak «elkarbizitza sendotzea» nahi du

Gabriel Boric Txileko presidentea, atzo emandako hitzaldian, Moneda jauregian. ELVIS GONZALEZ / EFE.
Jon Ordoñez Garmendia - Ander Perez Zala
2023ko irailaren 12a
00:00
Entzun

Txilek minutu bateko isilunea egin zuen atzo Salvador Allenderen kontrako estatu kolpearen 50. urteurrenean. 1973ko irailaren 11n 07:00etan altxatu ziren militarrak, AEBen laguntzarekin, Herri Batasunaren gobernuaren kontra, eta 11:52an hasi ziren Moneda jauregia bonbardatzen, presidentearen egoitza. Atzo, ordu horretan —16:52ak Euskal Herrian— milaka txiletar egiten ari zirena utzi eta isilik geratu ziren minutu batez. Dolu eguna izendatu du Gabriel Boricen gobernuak irailaren 11. Eta urteurrenaz egindako hitzaldian, Txileko presidenteak «demokrazia» aldarrikatu zuen «indarkeriaren» aurrean.

Moneda jauregian, Santiagon, Txileko Gobernuak antolatuta, ekitaldi instituzional bat egin zuten atzo, urteurrena gogoratzeko, nazioarteko hainbat gonbidatu bertan zeudela. Han izan ziren, besteak beste, Andres Manuel Lopez Obrador Mexikoko presidentea, Gustavo Petro Kolonbiakoa, Luis Arce Boliviakoa, Alberto Fernandez Argentinakoa, Luis Lacalle Pou Uruguaikoa, Antonio Costa Portugalgo lehen ministroa, eta Christopher Dodd, Joe Biden AEBetako presidenteak Ameriketarako duen aholkularia, Boricekin batera.

Txileko presidenteak ekitaldia baliatu zuen herrialdeak estatu kolpeaz duen iritziez aritzeko, eta, afera horretaz, esan zuen «elkarbizitza sendotzea» nahi duela. «Demokrazia etengabeko eraikuntza bat da, eta bide bakarra gizarte bidezkoago bat eraikitzeko. Ez naiz damutzen, nire gobernuarekin batera, sufritu zutenen alboan egoteagatik».

11:52ak iritsi zirenean ekitaldia eten zuten Monedan, eta kanpai-hots batzuek iragarri zuten minutu bateko isilunearen hasiera. Batzuek ukabila altxatuta egin zuten, Augusto Pinocheten diktadurak hil eta desagerrarazi zituztenen argazkiak eskuan. Isilunea amaitu zenean, biktimen senideen oihuak entzun ziren: «Orain eta beti, Allende presente», «Allende presente dago» eta «garaipenera arte, beti».

Minutu bateko isilunearen ostean, Isabel Allendek hartu zuen hitza, Salvadorren alabak. Aitaz hitz egitean, hitzaldia eten behar izan zuen, hunkituta: «Aitaren ingurukoen artetik goiz horretan Monedan sartu zen azkena izan nintzen. Militarren altxamenduaren berri izan nuen, eta senarra geratu zen haurrekin. Astearte hotz eta gris bat zen, eta Morande kaleko 80. zenbakiko atetik sartu nintzen; hori erabiltzen zuen aitak».

Allendek gogor kritikatu zuen azken hilabeteetan eskuinak zabaldu duen errebisionismoa. «Benetako arduradunak Moneda bonbardatu eta hil eta torturatu zutenak dira. Baita isilik geratu zirenak ere. Demokrazia eta etorkizuna da memoria». Bere hitzaldian aitaren hainbat aipu egin zituen: «Historia gurea da, eta herriek egiten dute».

Milaka herritar kalean

Urteurreneko ekitaldi esanguratsuenetako batzuk herenegun egin ziren. Santiago hiriburuan milaka txiletar atera ziren kalera diktaduran hildakoak eta torturatutakoak gogoratzeko, eta, manifestazioa Moneda jauregira iritsi zenean, Boric eta Txileko Gobernuko eta sostengatzen duten alderdietako hainbat kide gehitu zitzaizkien: Camila Vallejo bozeramailea, Txileko Alderdi Komunistako ordezkariak, eta hildakoen eta desagerrarazitakoen senideen elkarteak.

Manifestazioan, Victor Jararen abestiak eta ezkerreko hainbat ereserki kantatu zituzten, eta «Allende, presente» eta «hildako desagerraraziak, presente» oihukatu zuten. Moneda jauregira iritsi zenean, manifestazioa Morande kaleko 80. ataritik pasatu zen, Allenderen gorpua Monedatik atera zuten tokitik; diktadura amaitu zenetik lehen aldia izan da hilak eta torturatuak gogoan dituen protesta bat hortik pasatzen dela.

«Harro hartu dut parte manifestazioan, bai baitakit egiaren eta justiziaren alde egin duten borrokari esker gaudela gu hemen. Herrialde honek asko zor die senide hauei, eta horregatik abiatu dugu Bilatzeko Plan Nazionala», esan zuen Txileko presidenteak, herenegun. Abuztuaren 30ean abiatu zuen Txileko Gobernuak plan hori, desagertuta jarraitzen duten atxilotuen gorpuak aurkitzeko.

Moneda jauregian Allenderen gorpua aurkitu zuten tokian plaka bat jarri dute, eta, haren ondoan, betiko jarri dituzte hil zen egunean zituen zapatak, kutxa batean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.