Evren Çevik (Sirmak, 1981) BDP Bakearen eta Demokraziaren Alderdiko Atzerri gaietarako arduraduna da. Turkiako Hauteskunde Batzorde Gorenak hamabi hautagai kurdu ekaineko bozetatik kanpo uztea erabaki du, baina erabakia behin betikoa dela jakin artean BDPk itxarotea erabakia du. Hala ere, ilun ikusten du geroa Çevikek, «prozesu demokratikoa apurtzear baitago».
Espero zenuten horrelako erabakirik?
Ez dago hartu duten erabakia hartzeko arrazoi objektiborik. Aritu gara bila, baina ez dugu bat bera ere aurkitu. Kontrolpean izan nahi gaituzte, eta horregatik hartu dute erabakia.
Zer egingo du orain BDPk ekainaren 12ko hauteskundeei begira?
Momentuz, Turkiako Hauteskunde Batzorde Gorenak erabakia aldatu zain gaude. Helegitea jarri diogu, ez dugulako ikusten hamabi hautagaiak betatzeko arrazoirik. Bost egun dituzte erabakia berretsi ala aldatzeko.
Aldatuko dutelakoan zaude?
Ikusi egin behar. Kemal Kiliçdaroglu oposizioko buruak ere Legebiltzarrean saio berezia deitzeko eskatu du haustekunde batzordeare erabakiak sortutako krisia bideratzeko. Gure jarrera zehaztu aurretik, azken erabakia zein den jakin nahi dugu.
Zein jarrera hartuko duzue?
Ekaineko hauteskundeei boikota egitea izan daiteke aukeretako bat. Baina, nolanahi ere, hauteskunde batzordearen azken erabakiaren ostean zehaztuko dugu jarrera.
Dena dela, ez dira kurduak izan Turkiako Hauteskunde Batzorde Gorena kritikatu duten bakarrak.
Bai, Gobernuaren gertuko politikari batzuk kritikatu dute, baina horren atzean ez dago hausnarketarik. Gobernuak abiatu behar luke erabakia aldatzeko ekimena, baina ez du egingo.
Zein da, zure ustez, erabakiaren benetako arrazoia?
Kurduei zuzendutako erabaki politikoa da. Izan ere, hautagaiak legez kanpo uzteko eman dituten arrazoi berberarekin beste alderdietara jo izan balute hainbat hautagai aurkituko lituzkete egoera berean. Erdogan lehen ministroa bera ere kartzelan egona da.
Kurduen ehiza da, beraz.
Datorren legealdian, Legebiltzarrean 35 diputatu kurdu izateko aukera daukagu, eta hori saihesteko hartu dute erabakia.
BDP demokraziaren bidetik aldendu eta borroka armatura bultzatzeko hartutako erabakia dela esan du Turkiako hainbat egunkarik.
Gobernuak bide demokratikoan oztopoak jartzen jarraitzen badu, eta Legebiltzarrean izaterik ez badaukagu, prozesu demokratikoa etengo dute. Hori horrela, kurduen auzia konpontzeko aterabide demokratikoak ez du aurrerabiderik izango, eta borroka armatua geratuko zaigu aukera bakar gisa.Turkiako armadak prozesu demokratikoaren kontrako operazio latzekin jarraitzen badu, ez da su-etenik aldarrikatzeko aukerarik izango. Ez digute Legebiltzarrerako biderik erakusten, mendirako bidea baizik.
Evren Çevik. BDPko Atzerri Gaietarako arduraduna
«Borroka armatua geratuko zaigu aukera bakar gisa»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu