Negua hurbildu ahala, are larriagoa bilakatzen ari da errefuxiatuentzako eremuetan bizi diren palestinarren egoera Gazan. Ostiraletik, euriteek eta uholdeek hartuta daude Gazako zenbait kanpaleku, eta urak denda ugari eraman eta beste batzuk hondatu egin ditu, han bizi ziren palestinarrak kale gorrian utzita. Atzo, hareazko ezponda bat amildu egin zen zenbait dendaren gainean Deir al Abalahko eremuan, eta han bizi ziren bost palestinar hil ziren. Haietako hiru adingabeak ziren.
Israelek ezarritako blokeoak oztopo handiak jartzen dizkie Gazara laguntza humanitarioa bidali nahi duten elkarteei. Krisien Kudeaketarako Europako komisario Hadja Lahbibek esan du behar-beharrezkoa dela laguntza Gazara helaraztea: «Familiak lapikoak eta zartaginak erabiltzen ari da ura dendetatik ateratzeko. Uholdeek errefuxiatuen kanpalekuak suntsitu dituzte. Euritea larriagotzen ari da lehenagotik ere jasanezina zen egoena».
Gaur egun, 1,65 milioi palestinar bizi dira errefuxiatuentzako eremuetan ezarritako kanpalekuetan, eta 44.000, berriz, Israelgo armadaren bonbek kaltetutako eraikinetan.
Agiri baten bidez, Hamasek Israelen okupazioa eta su etena kudeatzeko ardura duen Bake Batzordea jo ditu egoeraren erantzule: «Neuak krimena eta setioa utzi ditu agerian. Okupazioa hondamendia areagotzen ari da, su etenaren akordioan ezarritako laguntza protokoloa oztopatuta, eta Bake Batzordeak ez du ezer egiten horren aurrean».
Beste bi hildako eraso batean
Uholdeek ez dituzte geldiarazi Israelen erasoak palestinarren kontra, eta iazko urriaren 9tik Israelen eta Hamasen arteko menia ustez indarrean dagoen arren, bonbardatzeek ez dute etenik. Atzo, Israelek Al Qadisiyako errefuxiatuentzako eremuari eraso egin zion, drone batetik jaurtikitako bi misil erabiliz, eta bi palestinar hil zituen, gizonezko bat eta emakume bat.
NBE Nazio Batuen Erakundeko batzorde independente batek salatu du genozidioak bere horretan iraun duela su etena ezarri zenetik, eta azken urtean Israelek ia 1.500 palestinar hil dituela. Gazaren kontrako erasoa hasi zenetik, Israelgo armadak ia 75.000 palestinar hil ditu, Gazako Osasun Ministerioak emandako datuen arabera.