Menia indarrean egon arren, Israelek Gazan «genozidioa» egiten diharduela salatu du NBEren batzorde batek

Nazio Batuen Erakundeko batzorde independente baten arabera, zerrendan ez ezik, Israelek Zisjordanian ere «gizateriaren aurkako krimenak» egin ditu iaztik hona, hala «torturak» nola «bortxaketak». Gaur dira Israelgo Parlamenturako hauteskundeak egitekoak.

Nerabe palestinar bat etxe hondatu batean, Gaza hirian, joan den astean. MOHAMMED SABER / EFE
Nerabe palestinar bat etxe hondatu batean, Gaza hirian, joan den astean. MOHAMMED SABER / EFE
maddi iztueta olano
2026ko urriaren 27a
10:13
Entzun 00:00:00 00:00:00

Iazko urriaren 9az geroztik Israelen eta Hamasen arteko menia indarrean egonagatik, Israelek Gazaren aurka «genozidioa» egiten diharduela salatu du NBE Nazio Batuen Erakundeko batzorde independente batek. Urtebete joan da su etena hitzartu zutenetik, baina egoerak bere horretan dirau. 

Atzo argitaratutako txosten batean jaso dituzte hamabi hilabeteotan Israelek zerrendaren aurka egindako erasoak, baita Zisjordaniaren kontra areagotutako ekintzak ere; hain justu, lurralde horretan «gizateriaren kontrako krimenak» ere egin dituztela ebatzi du batzordeak, hala palestinarren aurkako «torturak» nola «bortxaketak».

Hiru kidek osatzen dute batzordea, eta 2021ean sortu zuten. Iazko azarora arte, aurtengo Bakearen Nobel saria irabazi duen Navi Pillay epailea izan da batzorde horren buru, eta joan den urteko irailean ebatzi zuten, aurrenekoz, Israel Gazan «genozidioa» egiten ari zela. Bada, Israelek palestinarrak «desagerrarazteko» helburuari eusten diola ondorioztatu dute atzo zabaldutako txostenean, eta horren erakusletzat jo dute atzo bertan egindako eraso bat: gutxienez zazpi lagun hil ziren Israelek zerrendaren kontra egindako hainbat bonbardaketen ondorioz. Denera, azken urtean 1.431 palestinar hil dituzte Gazan; horietatik hirurehun inguru, adingabeak.

Hiru urte atzera eginez gero, ordea, Gazan hildakoen kopurua nabarmen handiagoa da: Gazako Osasun Ministerioaren arabera, gutxienez 74.500 pertsona hil ditu Israelgo armadak 2023ko urriaren 7az geroztik, eta ehunka mila zauritu. Iazko urriaren 9an hitzartu zuten Israelek eta Hamasek menia akordioa, eta orduan sartu zen indarrean AEBetako presidente Donald Trumpek ondutako hogei puntuko plana. Besteak beste, dokumentu horretan jaso zuten Gaza berreraikiko zutela, eta herritar bakar bat ere ez zutela behartuko bertatik alde egitera.

Urtebeteren ondoren, baina, bestelakoa da egoera. Txostenean, ohartarazpena egin du batzordeko buru Srinivasan Muralidharrek: «Israel areagotzen ari da Gazako lurretan daukan kontrola, eta hil edo zauritu egiten ditu eremu horietara hurbiltzen diren palestinar zibilak». Su etena indarrean sartu zenetik, lerro horia deiturikoak bitan banatzen du zerrenda eta eremu horren zatirik handiena Israelgo armadaren kontrolpean dago. Hesirik gabeko muga horretara hurbiltzen den palestinar oro «terroristatzat» jotzen du Israelek, eta horren aitzakiapean, tiro egin. 

Horrez gain, Palestinako agintariek salatu dute Israelen erasoek ez dutela etenik, eta laguntza humanitarioa iristeko zailtasunak dituztela.

Zerrendatik harago

Gazan ez ezik, Zisjordanian ere egoera nabarmen okertu dela ondorioztatu du NBEren batzorde horrek. 2023ko urriaren 7az geroztik, Israelgo armadak areagotu egin ditu lurralde horren kontrako operazio militarrak, eta palestinarren etxeak eta lurrak ostu asmo dituzten kolonoen indarkeriak ere nabarmen egin du gora. Hala salatu dute txostenean, eta gehitu kolonoen erasoak «zibilen kontrako ekintza sistematikoak» bihurtu direla, zeintzuek helburu duten Hamasek duela hiru urte egindako erasoagatik «palestinar oro zigortzea». 

Eremu horretan areagotu den indarkeriaren adierazle, batzordeak honako datu hau eman du: 2008 eta 2023ko urriaren 6a bitarte, sei palestinar hil zituen Israelek Zisjordanian; 2023ko urriaren 7tik joan den irailaren 30era, berriz, 254. «Zisjordaniako palestinar zibilak hiltzea, eta horien etxebizitzak hondatzea estrategia baten parte dira, zeinak helburu duen palestinarrak kanporatzea eta bizitzea ezinezko egiten duten baldintzak ezartzea», azpimarratu du Muralidharrek.

Hain justu, Israelgo armadak sarekada bat egin zuen joan den astean Zisjordaniako Hebron hirian, eta, ondoren, etxeratze agindua ezarri. Bada, Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahuk Zisjordaniako beste hiri batzuetan gauza bera egiteko asmoa adierazi zuen joan den ostiralean.

Israelgo Parlamenturako hauteskundeen atarian egin zituen adierazpen horiek Netanyahuk, Israelgo herritarrak gaur baitira botoa ematera joatekoak. Netanyahuk lehen ministro karguan egin ditu sei legegintzaldi.

Inkestek aurreikusi dutenaren arabera, alderdi arabiarrek daukate giltza, gobernuak, edozein dela ere, ez dezan gutxiengoan jardun; dena den, bai Netanyahuk eta bai Gadi Eisenkotek, lehen ministroari lehia egin diezaiokeen hautagai bakarrak, esana dute ez dietela aterik irekiko alderdi arabiarrei.

Israelen ukazioa

Orain arte erakutsitako jarrera bera adierazi du Israelek: Gazan egindako ekintzengatik kargu hartzen dion orori gezurretan aritzea leporatu. NBEren batzorde independente horrek kaleratutako txostenaren harira, NBErentzako Israelgo enbaxadore Danny Danonek esan zuen, atzo gauean, dokumentu horretan jasotako guztia «fikzioa» baino ez zela, eta batzordea «desegin» dezatela exijitu zuen. 

NBEren Batzar Orokorrean esan zituen hitz horiek, baita honako hauek ere: «Batzordeak bere egin ditu talde terroristek erabiltzen dituzten argudioak, eta NBEren dokumentu ofizial bihurtu ditu, bere jokamoldea justifikatzeko». Batzordeko burua ere han izan zen, ordea, eta defendatu «kontu handiz bildutako probak» hartu zituztela oinarri. Are, haiekin kooperatzeko gonbita ere egin zion Danoni. 

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA