Greba orokorra

CCOOk eta UGTk protesta gogortuko dute, gobernuak keinurik egin ezean

Hilabete eman diote sindikatuek Espainiako Gobernuari jarrera aldatzeko; Madrilek dio erreforma «geldiezina» delaSindikatuen arabera, %70ekoa izan da greba; gobernuarentzat, aldiz, «oso mugatua»

Jon Fernandez.
2012ko martxoaren 30a
00:00
Entzun
«Arrakasta eztabaidaezina» eduki du greba orokorrak Espainian, Herrialde Katalanetan eta Galizian ere, CCOO eta UGT sindikatuen arabera. Langileen indar erakustaldiaren ostean, lan erreforma aldatzeko negoziaziorako eskua luzatu eta keinu bat eskatu diote Espainiako Gobernuari. Maiatzaren lehenera arteko epea eman diote horretarako. Atzoko greba orokorraren ostean Mariano Raxoiren gobernuak lan erreforma parlamentuan «zuzentzea» litzateke «logikoena» sindikatuentzat. Hilabeteko epean Madrilek keinurik egiten ez badu, protesta soziala gogortuko dutela iragarri dute sindikatuek.

PP Alderdi Popularraren gobernuak berehala erantzun die sindikatuei: «Gobernuaren agenda erreformista geldiezina da». Lan erreformaren oinarrizko zatiak ez dituztela aldatuko adierazi du Fatima Bañez Lan ministroak. «Gure kezkarik handiena lana sortzea eta bost milioitik gora langabeei aukera bat ematea da, eta horretarako ari gara lanean». Gainera, gogorarazi du Madrilgo Kongresuaren gehiengo osoak babestu zuela erreforma joan den martxoaren 8an —PPko, CiUko, UPNko eta Foro Asturiasko 197 diputatuek—, «eta Kongresuak biltzen du subiranotasun nazionala». Erreformaren funtsa ez dutela aldatuko esan arren, gobernua «beti bezala» elkarrizketarako prest dagoela nabarmendu du, «testua hobetzeko eta aberasteko».

Grebaren batez besteko erantzuna %77koa izan da Espainiako sindikatu nagusien arabera—2010eko irailaren 29koak izandakoa baino 7 puntu gehiago—, baina duela bi urtekoaren aldean «eragin oso mugatua» izan duela esan du Madrilek. Argindarraren kontsumoaren datua ere erabili dute Espainiako Gobernuak zein sindikatuek grebaren «arrakasta» ala «eragin oso mugatua» defendatzeko. Energia elektrikoaren kontsumoa %16 inguru jaitsi da Espainiako Sare Elektrikoaren datuen arabera; 2010eko irailaren 29ko greba orokorrean, adibidez, bataz beste %14 egin zuen behera argindarraren kontsumoak.

Lanuztea zifren borroka gisa ikusi beharrean «negoziaziorako aukera» gisa ikusteko eskatu dio gobernuari Candido Mendez UGTko idazkari nagusiak. «Gobernuarekin adostutako konpromiso bat bilatu behar dugu, baina horretarako, ezinbestekoa da lan erreforma eta murrizketen politika zuzentzeko borondatea izatea». CCOOko idazkari nagusi Ignacio Fernandez Toxok ere Mendezen hitzak babestu ditu, eta Bruselaren aitzakiarik ez erabiltzeko eskatu dio Raxoiri.

Gaur, hain zuzen ere, Europako Batasunak agindutako %5,3ko defizita lortzea helburu duten aurrekontuen lege aurreproiektua onartzekoa da Madrilgo gobernua Ministroen Kontseiluan. Aurrekontu horiek xehe-xehe aztertuko dituztela jakinarazi dute sindikatuek.

PSOEren diskurtso aldaketa

Bestalde, erreforma laborala atzera botatzeko ahaleginean, legea Herriaren Defentsariarengana eta Lanaren Nazioarteko Bulegora eramango dutela iragarri dute CCOOk eta UGTk. Greba liskar garrantzitsu barik igaro dela nabarmendu dute bi sindikatuek, eta PPren gobernuaren «paranoia» salatu dute, hainbat hiritako kaleak poliziaz betetzeagatik. «Ez dakigu kontzienteki ala inkontzienteki egin duten, baina greba ordena publikoko gatazka bat bilakatzen ahalegindu dira. Ez dute horrelakorik lortu, dena dela».

Espainiako segurtasun indarrek, gutxienez 176 lagun atxilotu dituzte grebaren harira —Euskal Herriko atxiloketak tartean—, eta gutxienez 46 zibil eta 58 polizia zauritu dira liskarretan. Cayo Lara IUko koordinatzaile nagusiak «CEOEren pikete bezala aritzea» leporatu dio Barne Ministerioari. Madrilgo kongresuaren atarian egin ditu adierazpenok Larak, beste 25 diputatu bezala ez baita parlamentuko saiora joan, grebarekin bat egin duelako. Izquierda Pluraleko, ERCko, BNGko, Compromiseko eta Amaiurreko diputatuek egin dute greba Espainiako Kongresuan, eta baita PSOEko diputatu batek ere. Alderdi sozialistak PPren jarrera zurruna salatu du kongresuan, «akordioa lortzeko eta elkarrizketarako inolako borondaterik izan ez duelako». Eta grebari eginiko keinu gisa, Oscar Lopez PSOEko antolakuntza idazkaria bidali du Madrilgo manifestaziora.

Cayo Larak, baina, sozialisten «hipokresia» salatu du, «alde batetik langileen aldarrikapenak babesten dituztelako, eta bestetik ez dutelako bat egiten ez langileekin ez sindikatuekin».Oposiziora pasatu denetik diskurtsoa nabarmen aldatu du PSOEk bai lan erreformarekiko bai grebarekiko. Jose Luis Rodriguez Zapateroren gobernuak 2010ean lan erreforma onartu zuenean ere greba orokorra deitu zuten CCOOk eta UGTk. Zera esan zuen orduan sozialisten buru zenak: «Grebatik haratago, zailtasunak daudenean erabaki zailak hartzeko gai izatea da nazio handi bat bestelako batetik bereizten duena». Alfredo Perez Rubalcaba egungo PSOEko idazkari nagusiak ere erreforma onartuta zegoela eta ez zutela zutela «ukituko» esan zuen duela bi urteko grebaren ostean. Espainiako Gobernuko presidenteordea zen orduan.

Istiluak Bartzelonan

Herrialde Katalanetan ere jarraipen zabala izan du Raxoiren lan erreformaren kontrako greba orokorrak. Katalunian, esaterako, %82ko jarraipena izan du lanuzteak, CCOOren eta UGTren arabera. Madrilen bezala, Bartzelonan eta Valentzian ere manifestazio jendetsuak egin dituzte langileek: ehunka mila lagun atera dira kalera. Bartzelona erdialdean, baina, istiluak izan dira goizean zein arratsaldean. Hainbat manifestarik bankuen bulegoei egin diete eraso goizean, eta zenbait kaletan trafikoa eragotzi dute edukiontziei su emanda. Arratsaldeko manifestazioaren ostean, berriz, liskar handiagoak izan dituzte mossoek eta manifestari talde batek: lagun batzuk edukiontziak erre dituzte hiriaren erdialdeko Catalunya plazaren inguruan, eta Mossos d'Esquadrako agenteek gomazko pilotak eta negar eragiteko gasak jaurti dituzte euren kontra. Gutxienez 27 lagun atxilotu ditu Poliziak Herrialde Katalanetan.

Galizian, era berean, eragin handia izan du grebak. Industriaren alorrean izan du jarraipen handiena lanuzteak, %90ekoa, sindikatuen datuen arabera. Manifestazioak jendetsuak izan dira bereziki Vigon, A Coruñan eta Ferrolen. Eguna istilu larririk barik igaro arren, Poliziak gutxienez 11 lagun atxilotu ditu Santiagon, Ourensen eta Vigon.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.