Chavistak eta oposizioa, berriz ere bilduta

Venezuelako Gobernua eta oposizioa trantsizio politikoaz ari dira eztabaidatzen. Zortzi bider bildu dira aurrez, eta lehenbiziko negoziazioa dute AEBek Maduro bahitu eta Rodriguez jarduneko presidente denez geroztik.

Dinorah Figuera —erdian— eta Jorge Rodriguez —bizkarra ematen—, Caracasen, joan den asteko bilera batean. MIGUEL GUTIERREZ / EFE
Dinorah Figuera —erdian— eta Jorge Rodriguez —bizkarra ematen—, Caracasen, joan den asteko bilera batean. MIGUEL GUTIERREZ / EFE
Julen Otaegi Leonet.
2026ko irailaren 25a
15:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bederatzigarren saiakera dute dagoeneko: chavistek eta Venezuelako oposizioak beste elkarrizketa prozesu bat hasi zuten joan den abuztuan, eta, okerrik ezean, urte amaierara arte biltzen segitzekoak dira.

Abian den prozesuaren lehen zikloan, esaterako, Auzitegi Goreneko epaile guztiak berritzea adostu zuten —joan den astean ekin zioten horri, eta zenbait aste iraungo du—, eta baita Ingalaterrako Bankuak 4.000 milioi dolarren —3.500 milioi euro— urre erreserbak New Yorkeko Erreserba Federalaren Bankura transferitzeko elkarlanean aritzea ere. Bigarrengo zikloan, zeina gaur amaitzekoak diren, adierazpen askatasunari eta informazio askatasunari buruz eztabaidatu dute, baita oposizioko kideen inhabilitazioei buruz ere, besteak beste.

Nork hauspotu du oraingo prozesua?

Ameriketako Estatu Batuetako armadak Nicolas Maduro Venezuelako presidentea bahitu zuen joan den urtarrilean, eta Delcy Rodriguezek hartu zion lekukoa, jarduneko presidente gisa; paradoxikoki, orduz geroztik harremana berreskuratu du Caracasek Washingtonekin, eta azken horrek eman die bultzadatxoa chavistei eta oposizioko kideei, beste negoziazio prozesu bat abiatu dezaten: Jorge Rodriguez parlamentuko presidentearen gidaritzapean ari dira chavistak, eta oposizioa Dinorah Figuera diputatu ohiaren ardurapean da —zortzi urte egin ditu erbestealdian, Espainian, eta AEBetako Estatu Departamentuak hala eskatuta itzuli da jaioterrira; ekainean heldu zenean, esan zuen «agertoki demokratikoa, askotarikoa eta instituzionala eraikitzeko bide orria» ontzea zuela helburu, «herrialdea berreskuratzeko»—.

Machadorekin eta Gonzalezekin zer?

Plataforma Unitario Demokratikoak, oposizioko indarrak biltzen dituen aliantzak, bilera egin zuen maiatzean Panaman, eta jakinarazi zuen aldeen arteko negoziaziorik izatekotan oposizioa Maria Corina Machado oposizioburuak zuzenduko zuela. Ez da hala izan, eta Edmundo Gonzalez oposizioko kidea ere —2024ko presidentetzarako bozetara aurkeztu zen— alde batera utzi dute. Dena den, esana dute espero dutela elkarrizketa prozesuak bidea ematea presidentetzarako bozak deitzeko.

Irailaren hasieran, Donald Trump AEBetako presidenteak esan zuen ez duela uste Venezuela «prest» dagoenik hauteskundeak egiteko, irizten baitio «oso berria» dela gobernua: «Diktaduratik atera genituen, eta ondo moldatzen gara gobernuarekin. Delcy, dakizuen bezala, lan oso-oso ona egiten ari da». Atzo goizaldean Nazio Batuen Erakundearen Batzar Nagusian emandako diskurtsoan, Rodriguezek iragarri zuen hauteskundeak egingo dituztela, bai, baina ez zuen zehaztu noiz.

Noiz egin dituzte gainontzeko prozesuak?

Nicolas Madurok Venezuelako presidente kargua hartuz geroztik, hamabi urtean chavistek eta oposizioak bederatzi bider ekin diete negoziazioei; oraingoa lehenbiziko negoziazioa dute Rodriguez jarduneko presidente denez geroztik. Aldi horietan guztietan nazioartearen laguntza izan dute, eta ez dute adostu erabateko akordiorik edo gisakorik.

2014an, Unasur Hego Amerikako Nazioen Batasuna eta Vatikanoa bitartekari lanetan aritu ziren gobernuaren eta MUD Batasun Demokratikoaren Mahaia oposizioko koalizioaren artean, eta negoziazioak bertan behera geratu ziren, MUDek iritzi baitzion ez aurrera eta ez aurrera zeudela. 2015ean Asanblea Nazionalerako hauteskundeak egin zituzten Venezuelan, eta MUDek eskuratu zuen gehiengoa; bada, hurrengo urtean, beste elkarrizketa batzuk bultzatu zituzten, baina kale egin zuten orduan ere.

Bozak eztabaidagai

Urtebete beranduago, berriz hasi ziren biltzen, Santo Domingon, Danilo Medina Dominikar Errepublikako presidente ohiak (2012-2020) gonbit eginda. Hauteskundeetara deitzeko baldintzez-eta negoziatu zuten aldeek, baina 2018ko otsailean bertan behera geratu zen prozesua, oposizioak iritzi baitzion ez zegoela bozak egiteko nahikoa bermerik.

2019ko uztailean, Oslon hasi ziren biltzen, Norvegia aritu baitzen bitartekari, eta Barbadosen ekin zieten berriz negoziazioei; chavisten ordezkaritzak Jorge Rodriguez zuen buru, eta oposizioarenak Juan Guaido —artean Asanblea Nazionaleko presidentea zenean, 2019ko urtarrilean, behin-behineko presidente izendatu zuen bere burua—. AEBek zigor ekonomikoak ezarri zizkion Venezuelari, eta gobernuak bertan behera utzi zituen negoziazioak.

Bi urte igaro ziren berriro elkartu baino lehen: 2021eko abuztuan bildu ziren, eta orduan ere Norvegiak bultzatu zuen negoziazio erronda, Mexikon. Chavistek eten zuten prozesu hori, urrian Alex Saab negozio gizon kolonbiarra AEBetara estraditatu baitzuten —Venezuelako Industria ministro izan zen 2024ko urritik 2026 hasierara arte—, Maduroren bitartekaria izatea eta dirua zuritzea leporatuta. Hori bai, akordio partzialak ez ezik memorandum bat ere sinatu zuten aldeek, eta urtebete geroago berrezarri zuten prozesu hori; dena den, Madurok hauteskundeetara deitzeko baldintza ezarri zuen: herrialdearen kontrako zigor ekonomikoak bertan behera uztea. Urtea amaitu baino lehen eten zituzten negoziazioak. 2023an ere bildu ziren, 2024ko presidentetzarako bozetarako eredu bat ezartze aldera; 2024ko urtarrilean, ordea, oposizioa mahaitik altxatu zen, tartean Machado inhabilitatu egin zutelako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA