Katalunia

Clara Ponsatiri eurodiputatu izaera aitortu dio Europako Parlamentuak

Europarlamentari izaerarekin batera, Ponsatik immunitatea eskuratuko du Europako Batasunean.

Clara Ponsati, Cales Puigdemont eta Toni Comin eurodiputatu kataluniar independentistak, iazko maiatzean, Bruselan, Europako Parlamentuaren aurrean. LARA MALVESí, EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2020ko urtarrilaren 31
12:18
Entzun

Clara Ponsatiri eurodiputatu izaera aitortu dio Europako Parlamentuak, ohar baten bidez, eta otsailaren 10eko osoko bilkuran parte hartu ahal izango du. Kataluniako kontseilari kargugabetua Lliures per Europa hautagaitzan aurkeztu zen, hirugarren postuan, Carles Puigdemont eta Toni Comin europarlamentariekin batera.

Ponsatik txio batekin erantzun dio albisteari. «Hara, lana izango dut», adierazi du.

Ponsati brexit-aren ondorioz bihurtu da eurodiputatu. Erresuma Batuko ordezkariek Europako Parlamentua utziko dutenez, horien tokia hartuko dutenen artean da kontseilari ohia. Egun, Eskozian bizi da, erbesteratuta —Espainiak haren kontrako estradizio eskaria egina du—. Parlamentari izaerari immunitatea dagokionez, orain Europako Batasunean aske ibiltzeko eskubidea izan beharko luke. Egoera berean daude Puigdemont eta Comin ere, eta Belgikak bertan behera utzi zuen Espainiak haien aurka aurkeztu zuen euroagindua. Espainiak, berriz, ez du bertan behera utzi bi horien kontrako atxilotze agindua Espainiako Estatuaren lurraldean.

Ponsatiri diputatu izaera aitortuta, Europako Parlamentuak baztertu egin du Espainiako Hauteskunde Batzordeak politikari kataluniarraren egoerari buruz erabakitakoa. Batzordeak hutsik deklaratu zuen atzo kontseilari erbesteratuaren aulkia, ez zelako Madrilera joan Espainiako Konstituzioari men egitera.

Hauteskunde batzordearen irizpidea ez dator bat Europako Batasuneko Justizia Auzitegiak joan den abenduaren 19an eman zuen epaiarekin. Auzitegiak ebatzi zuen batzordearen aurrean konstituzioari men egiteko prozedura «formalismo» bat dela, eta ez dela beharrezkoa Europako bozetan hautatutakoen diputatu izaera aitortzeko. Hala, Luxenburgoko auzitegiak erabaki zuen Oriol Junqueras Kataluniako presidenteorde kargugabetuari eurodiputatu izaera aitortzea, eta, horrenbestez, immunitatea dagokiola adierazi zuen.

Epai horrek atea ireki zien Junquerasi, Puigdemonti eta Comini. Junquerasek espetxean jarraitzen du, Espainiako Auzitegi Gorenaren erabakiz, eta Puigdemontek eta Cominek diputatu egiaztagiria jaso zuten iazko abenduan. Urtarrilaren 13an, lehen aldiz parte hartu zuten Europako Parlamentuko osoko bilkura batean. Espainiako Auzitegi Gorenak suplikatorioa aurkeztu du europarlamentuan, ganberak immunitatea indargabetu diezaien. Kataluniako prozesu independentistaren auziagatik epaitu nahi ditu Gorenak.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.