Sedizioa eta diru publikoaren erabilera okerra egozten dizkio Espainiak Toni Comin kontseilari ohiari, eta diru publikoa oker erabili izana Lluis Puig kontseilari izandakoari. Gorenak haien aurka emandako euroagiduari lotuta deklaratu dute bi buruzagiek Bruselan, eta biak fidantzarik gabe aske utzi ditu epaileak, bai aldiz, kautelazko neurriak.
Simon Bekaert abokatuak azaldu duenez, epaileak datorren astean iragarriko du euroaginduei buruzko auzia noiz egingo den eta litekeena da Cominen eta Puigen aurkako eskaerekin batera egitea Carles Puigdemonten euroaginduaren gaineko auzi saioa ere. Azken hori abenduaren 16rako dago aurreikusia.
Joan den asteartean eman zuen Espainiako Gorenak Puig, Comin eta Clara Ponsati kontseilari ohien aurkako euroagindua. Azken horren kasuan, ordea, Erresuma Batuak atzera bota du Espainiaren eskaria, «neurrigabea» dela iritzita. Halere, erabakia ez da behin betikoa. Izan ere, dokumentuak zehazten du berriro «ebaluatuko» dutela, Llarenak Ponsatiren «delitu ibilbideari buruzko informazioa» helaraziz gero.