COP31ren zirriborro berriak ez du aintzat hartzen erregai fosilak baztertzea

Europako Batasunarentzat testua «onartezina» da, eta neurria jaso arte negoziatzen jarraitzeko asmoa erakutsi du.

COP31 bilera egitn dute Antalyan (Turkia). EFE
COP31 bilera egiten ari dira Turkian. EFE
Maddalen Omaetxebarria
2026ko azaroaren 20a
15:09
Entzun 00:00:00 00:00:00

Europako Batasunak COP31ko azken akordioaren bigarren zirriborroa baztertu du, erregai fosilak bertan behera uztea ez baitu aipatu ere egiten. EBren ordezkaritzako iturri ofizialentzat, testua «onartezina» da, eta adierazi dute negoziatzen dihardutela testuan konpromiso hori jaso dezaten: «Hau ezin da erregai fosilen COPa izan». Aldeek negoziatzen segitzen dute.

Azaroaren 9tik 20ra egin dute NBE Nazio Batuen Erakundearen klima aldaketari buruzko goi bilera Antalyan (Turkia). Turkiak Australiarekin partekatu du konferentzia zuzentzeko ardura, eta biltzarraren azken egun ofizialean zabaldu dute bederatzi orriko zirriborro berria. Orriok irakurtzean, EB ez da bat etorri presidentetzaren proposamenarekin, ezinbestekoa begitantzen baitzaio «trantsizioa ardatz garrantzitsua izango den oreka baten alde» egitea. Izan ere, bigarren testu horretan ez dago hidrokarburoei buruzko aipamen espliziturik, nahiz eta azaroaren 16ko lehen zirriborroan aipatu zituzten.

Aurreko testuan zera jaso zuten, «erregai fosilak mailaka erabiltzeari uztea bizkortzeko» proposamena eta haientzako laguntza ez-eraginkorrak amaiaraztekoa, baina biltzarreko zuzendariek atzo iradokitakoa bestelakoa da: 2035erako elektrizitatearen kuota munduko azken kontsumoan %35eraino igotzea —zehaztu gabe iturri garbietatik datorren edo ez—. Neurri hori COP28an Dubain hitzartutakoaren osagarri gisa aurkeztu dute, zeinak 2030ean energia berriztagarriak hirukoiztearen eta efizientzia energetikoa bikoiztearen alde egiten zuen.

Erregai fosilek eta klima arloko finantzaketak piztu dituzte bereziki alde bien arteko talkak, baina goi bilerako beste gai batzuetan ere ez dira ados jartzeko gai izan. Bloke arabiarrak, esaterako, karbonoa atzitzeko, erabiltzeko eta biltegiratzeko beste helburu bat aurkeztu du txostenean, eta eskaera horrek ere polemika isiotu du biltzarkideen artean.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA