Bigarren itzulira ozta-ozta sartu bazen ere, Nicusor Dan Bukaresteko alkateak irabazi ditu Errumaniako presidentetzarako hauteskundeak. Atzo egin zuten bozen bigarren itzulia, eta botoen %55 lortu zituen hautagai europazale independenteak. Lehen itzulian, George Simion AUR Errumaniarren Batasunerako Aliantza alderdi ultranazionalistako burua nagusitu zen, eta hautagai nagusia zen atzoko, baina ez zuen behar beste babes lortu.
Dan hautagai independentea da, baina eskuin mutur euroeszeptikoa gelditu nahi zuten zenbait alderdi europazaleren —batez ere eskuinekoen— babesa jaso du. Emaitzen berri izan ostean, bozen irabazlea jarraitzaileen aurrean mintzatu zen atzo gauean, Bukaresten: «Garaipen hau zuena da, Errumaniak norabide zuzena hartu dezakeela sinetsi duten milaka eta milaka herritarrena». Segidan, Errusiari mintzatu zitzaion: «Mosku, ez ezazu ahaztu, Errumania ez da zurea».
Duela bi aste pasa egin zuten bozen lehen itzulia, maiatzaren 4an: Simionek botoen %41 lortu zituen; haren atzetik izan ziren Dan bera eta Crin Antonescu Errumaniako gobernu koalizioko alderdien hautagaia: Danek botoen %20,99 bildu zituen, eta Antonescuk, %20,07. Biharamunean, Marcel Ciolacu Errumaniako lehen ministroak dimisioa eman zuen, eta PSD Alderdi Sozialdemokrata gobernutik atera. Atzo, garaipenaren berri izan ostean, Danek iragarri zuen gaur hasiko zituela gobernua osatzeko elkarrizketak. Hala, Errumaniako Antena 3 telebista katean esan zuen herrialdea pairatzen ari den «krisi politikoa» amaitu nahi duela.
Urte erdian bi aldiz joan dira errumaniarrak presidentetzarako bozen lehen itzulirako bozkatzera. Azaroaren 24an egin zuten lehenengoz, eta Calin Georgescu ultraeskuindarrak irabazi zuen, botoen %22,9 lortuta. Errumaniako Auzitegi Konstituzionalak, baina, bertan behera utzi zuen lehen itzulia bigarrena egin aurretik, ebatzi baitzuen Errusiak esku hartu zuela Georgescuren kanpainan. Hark babesa adierazi zion Simioni, eta, horren ondorioz, Georgescuk eskuratutako botoak azaroan bildutakoak halako bi izan ziren. Atzo, baina, hautagai europazaleak Moskuren gertukoa garaitu zuen.