Delcy Rodriguezek amnistia legea proposatu du Venezuelan

Jarduneko presidenteak goizaldean eman du albistearen berri, eta datorren astean eztabaidatuko dute legea. 1999tik gaur arte kartzelan sartu dituzten presoak hartuko dira kontuan. Oposizioak esan du gauzatzen bada AEBen presioari eskerrak izango dela.

Venezuelako Gobernuak amnistia legea proposatzeko Caracasen egin duen ekitaldia. VENEZUELAKO GOBERNUA / EFE
Venezuelako Gobernuak amnistia legea proposatzeko Caracasen egin duen ekitaldia. VENEZUELAKO GOBERNUA / EFE
Beñat Mujika Telleria.
2026ko urtarrilaren 31
17:25
Entzun 00:00:00 00:00:00

Venezuelako jarduneko gobernuak, Delcy Rodriguez buru duenak, amnistia legea mahai gainean jartzea erabaki du, lege proposamen bat aurkeztuta. Euskal Herrian goizaldea zela jakinarazi du albistea presidenteak berak, eta xehetasunak eman ditu. Besteak beste, 1999tik gaur arteko epean kartzelatutako presoak askatzea da asmoa, baina lege proposamen horretatik kanpo leudeke «giza eskubideen urraketengatik, droga trafikoagatik eta hilketengatik auzipetuta edo kondenatuta» dauden presoak. Ustez, datorren astean eztabaidatuko dute legea, eta, ondo bidean, onartu egingo dute.

«Iragarri nahi dut amnistia orokorrari dagokion lege bat ezartzea erabaki dugula, 1999. urtetik gaur arteko indarkeria politikoaren aldi osoa beteko duena». Hitz horiekin jakinarazi du albistea Rodriguezek. Era berean, adierazi du nahiko lukeela lege horrek balio izatea konfrontazio politikoak zabaldutako zauriak «konpontzeko», baita Venezuelako herritarren arteko bizikidetza bideratzeko ere, «indarkeriatik eta estremismo politikotik» aldenduta.

Ia hilabete da AEB Ameriketako Estatu Batuek Venezuelan erasoa egin zutela, eta denbora horretan zortziehun preso baino gehiago askatu dituela adierazi du chavismoak. Urtarrilaren 8an jakinarazi zuen Venezuelako Parlamentuko presidente Jorge Rodriguezek «preso ugari» askatuko zituela gobernuak, nahiz eta ez zuen kopuru zehatzik eman. Horietako bi euskal herritarrak ziren: Andres Martinez Adasme eta Jose Maria Basoa. Astelehenean, baina, Caracasek esan zuen azken hilabeteetan 808 preso askatu dituela. Giza eskubideen aldeko hainbat elkartek, ordea, salatu dute iragarri baino askoz ere preso gutxiago askatu dituela Venezuelako Gobernuak orain arte.

AEBetako presidente Donald Trumpek behin baino gehiagotan eman ditu eskerrak jarduneko gobernuak orain arte presoak askatu izan dituenean, eta jarduneko presidentearen eta haren gobernuaren lana goraipatu du. Azkena astelehenean izan zen. «Atsegin handiz jakinarazi nahi dut preso politikoak erritmo bizian askatzen ari dela Venezuela. Eta datozen asteetan erritmo horrek gora egingo duela aurreikusten da», idatzi zuen AEBetako presidenteak Truth Social bere sarean. Eta eskerrak eman zizkion jarduneko gobernuari, egindako «keinu humanitarioagatik». Hala ere, gogoraraztekoa da Trumpek Rodriguezi ohartarazia diola «ondo» portatzen ez bada Maduro atxilotzeko balio izan zionaren antzeko eraso bat egin dezakeela ostera.

Bestalde, Maria Corina Machado oposizioaren liderrak Kolonbian egindako elkarrizketa batean adierazi du legeak aurrera egitea espero duela, baina hala gertatzen bada AEBek egindako presioagatik izango dela, eta ez Venezuelako Gobernuak «bere borondatez» jardun duelako.

Helicoide eraikinaren birmoldaketa

Amnistiaren legearen berri emateaz gain, Venezuelako jarduneko presidenteak eskatu du Helicoide eraikinean —Venezuelako zerbitzu sekretuek gaur egun Caracasen duten egoitzan— kirol eta gizarte etxe bat egin dezatela. Trumpek fokupean jarri zuen eraikin hori duela aste gutxi. Izan ere, Venezuelan dagoen «tortura ganbera» baten inguruan jardun zuen Etxe Zuriko maizterrak.

Helicoide egoitza 1950ean sortu zen, eta hasieran saltokigune bat izan zen. Gerora, ordea, Venezuelako Inteligentzia Zerbitzuaren eta Polizia Nazional Bolivartarraren (PNB) egoitza bilakatu zen. Trumpek azken asteetan egin bezala, oposizioak eta gobernuz kanpoko hainbat erakundek askotan salatu izan dute bertan jende ugari «torturatu» izan dutela. Nazio Batuen Erakundearen Venezuelarako Nazioarteko Misio Independenteak, esaterako, bertako «tortura eta abusu» kasuen berri eman du, nahiz eta Venezuelako Gobernuak beti ukatu izan dituen salaketa horiek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.