Amore eman du. Venezuelako jarduneko presidente Delcy Rodriguezek eskerrak eman dizkio Donald Trump AEBetako presidenteari Caracasekin harreman «diplomatikoak» berriz abiarazteagatik. Gainera, aitortu du Venezuela «erabateko demokraziarako» bidean dela orain, eta hasiak dituztela herrialdea «berpizteko» aldaketa politikoak, ekonomikoak eta «espiritualak». Horretarako, bozak egingo dituztela agindu du NBE Nazio Batuen Erakundearen Batzar Nagusiaren aurrean emandako hitzaldian, gaur goizaldean —atzo arratsaldea New Yorken—.
Ikusi gehiago
Rodriguezen diskurtsoa erabat aldatu da 2019an NBEren Batzar Nagusiaren eztabaida orokorrean hitz egin zuenetik; orduko hartan, Venezuelako presidenteordea zen. Trumpek adierazi zuen Venezuelako «demokrazia berrezarriko» zuten egunaren zain zegoela, eta orduan izango zela herrialde hori «aske» —Trumpen lehen agintaldia zen—. Eta Rodriguezek «estatu terrorismoa» praktikan jartzea leporatu zion, Venezuelaren aurka hartutako neurri ekonomikoengatik. Orain, ordea, egoera guztiz bestelakoa da. AEBek eraso egin zioten urtarrilean Venezuelari, eta Nicolas Maduro presidentea gatibu hartu. Ordutik, Rodriguez buru duen gobernua gero eta gehiago hurbildu da Washingtonen altzora. Eta atzo, NBEko herrialde kideetako ordezkarien aurrean, Venezuelako jarduneko presidenteak aditzera eman zuen orain arte Venezuela ez dela «erabateko demokrazia» izan. Hein batean bere egin du Trumpen diskurtsoa, Rodriguezek berak 2019an gaitzetsitakoa.
«Erantzukizun historiko bat daukagu: Venezuela gidatzea ezjakintasun eta gatazka testuinguru batetik erabateko demokrazia aldi batera», adierazi du, NBEren egoitza nagusian. Eta gaineratu du Venezuelako oposizioarekin hitz egiten hasi direla bermatzeko hauteskundeetan alde guztiek «baldintza berberetan» parte hartzen dutela: «Hauteskundeak egitea ez dira demokraziaren berme. Demokrazia hauteskunde horietako lehiaren kalitatearekin neurtzen da». Ez du argitu noiz egingo dituzten bozak.
NBEren Batzar Nagusian hitz egin bezperan, Rodriguez Trumpekin batzartu zen. AEBetako eta Venezuelako presidenteek 25 urte baino gehiago zeramatzaten formalki bilera bat egin gabe, eta Venezuelako jarduneko presidenteak eskerrak eman zizkion Trumpi Venezuela «babesteagatik espazio multilateraletan sartzeko prozesuan». NBEren egoitzan bezperan esandakoak berretsi ditu: «Eskerrak eman nahi dizkiot Donald Trump presidenteari eta haren gobernuari harreman diplomatikoen eta elkarlanaren bidera itzultzeagatik».
Bestalde, Rodiguezek Venezuelaren eskaera historiko bati ere heldu dio. Guyanako Essequibo eskualdea erreklamatzen du Venezuelak, eta Rodriguezek oroitarazi du Caracasek «eskubide historikoak» dituela lurralde hori beretzat hartzeko. Gatazka hori konpontzeko, Guyanako Gobernuari negoziatzeko deia egin dio.