Azken hilabeteetan aro berri batean sartu dira Venezuelaren eta AEBen arteko harreman diplomatikoak. Eta horren erakusgarri, Delcy Rodriguez Venezuelako presidenteak eta Donald Trump AEBetakoak gaur goizaldean New Yorken edukitako bilera. Rodriguezek esan duenez, «historikoa» izan da. Biak ala biak irribarretsu ageri dira bi ordezkaritzek hedabideei zabaldutako argazkietan.
Urte hasieran AEBek Venezuelako presidente Nicolas Maduro bahitu eta behin-behinean kartzelatu zutenetik bi herrialdeek egindako bilera esanguratsuena izan da NBE Nazio Batuen Erakundearen Batzar Nagusiaren eztabaida orokorraren testuinguruan egindakoa, eta Rodriguezek X sare sozialean eskerrak eman dizkio Etxe Zuriko maizterrari, Venezuela «babestu» duelako berriro «espazio multilateraletan sartzeko prozesuan». Jarduneko presidentearen arabera, bileran hitz egin dute esparru geoestrategikoez, hala nola, energiaz eta segurtasunez —hedabideek ez dute sarbiderik eduki—, eta balio izan du «aldebiko harremana indartzeko».
AEBetako eta Venezuelako presidenteek 25 urte baino gehiago zeramatzaten formalki bilera bat egin gabe. Bill Clinton eta Hugo Chaves 1999an batzartu ziren; 2015ean, Panaman, Ameriketako Goi Bileran, Barack Obamak eta Maduro elkarrizketa informal bat eduki zuten.
Urtarriletik, Maduroren kontrako operaziotik, AEBen nolabaiteko kontrolpean dago Venezuela. Trump NBEren eztabaida orokorrean mintzatu zen atzo, eta esan zuen, bulartsu, «operazio masibo bat» egin zutela urtarrilean Venezuelan, «Nicolas Maduro diktadorea eta kriminala atxilotzeko». Rodriguez Batzar Nagusiaren aretoan zegoen, Trumpek horiek esan zituenean. «Garaileak dena hartzen du», errematatu zuen Trumpek.
Aurreikusi bezala, ordu batzuk geroago egin zuten bilera, eta horretan parte hartu zuten, besteak beste, Marco Rubio AEBetako Estatu idazkariak eta Scott Bessent Altxorraren idazkariak.