Venezuelako armadak gobernuarekin bat egin ondoren, Delcy Rodriguez orain arteko presidenteordeak du agintea, eta gobernuak atzo egin zuen ministro kontseiluaren lehen bilera hura buru zuela. AEB Ameriketako Estatu Batuei dagokienez, gonbita egin die «elkarrekin lan egiteko» eta «elkarlanerako agenda bat» osatzeko betiere «nazioarteko legedia» errespetatuz eta «bizikidetza indartuz»; jarduneko presidenteak sare sozialetan kaleratu duen mezu batean, «lehentasun» gisa azpimarratu du «harreman orekatua» edukitzea bai AEBekin eta bai inguruko herrialdeekin: «Donald Trump presidentea: gure herriek eta gure eskualdeek bakea eta elkarrizketa merezi dituzte, ez gerra. Horixe izan da beti Nicolas Maduro presidentearen nahia, eta horixe da Venezuela osoaren nahia oraintxe bertan».
Venezuelako Justizia Auzitegi Gorenaren mandatua jaso du Rodriguezek jarduneko presidente izateko. Ministro kontseiluaren bileraren aurretik jakinarazi zuen kargua sinatu zuela, ekitaldi ofizialik gabe. Venezuelako telebistako irudietan ikus daitekeenez, Diosdado Cabello Barne eta Justizia ministroak ere parte hartu zuen, Maduroren kontrako auzian auzipetuta dagoen arren.
Dena den, Venezuelan nork agintzen duen galdetuta, irmo agertu nahi izan du Donald Trump AEBetako presidenteak, eta ez ditu aipatu Edmundo Gonzalez eta Corina Machado oposizioko kideak: «Guk dugu agintea». Air Force One hegazkin ofizialean mintzatu zen atzo berriro Trump, eta iragarri zuen Marco Rubio AEBetako Estatu idazkariak, Pete Hegseth Gerra ministroak edo John Ratcliffe CIAko buruak gobernatuko dutela Venezuela «zehaztu gabeko denbora batez».
Lehen gobernu bileran, Delcy Rodriguezek Nicolas Maduroren eta haren emazte Cilia Floresen askatasuna kudeatzeko batzorde bat sortu du. Jorge Rodriguez Parlamentuko presidentea du buru —Delcy Rodriguezen neba da—, eta Yvan Gil Atzerri ministroak, Freddy Ñañez Komunikazio ministroak eta Camilla Fabri migranteak itzultzeko gobernuaren programaren presidenteak osatuko dute. Ñañezek jakinarazi duenez, Venezuelako jarduneko presidentea ospitalera joan da larunbateko erasoan zauritutakoak bisitatzera, eta ziurtatu du Venezuelan egoera lasai dagoela, bakea dela nagusi eta gobernu erakundeak babestuta daudela. Venezuelako Gobernuak ez du oraindik larunbateko erasoaren balantzerik egin. Kubak jakinarazi du 32 soldadu kubatar hil zirela, eta, The New York Times-en arabera, guztira laurogei lirateke AEBek hildakoak.
EB Europako Batasunak, bestalde, Gonzalez eta Machado oposizioko kideak kontuan hartu behar direla azpimarratu du. Anitta Hipper Europako Batzordeko bozeramaileak adierazi du «trantsizio demokratikorako bidean» elkarrizketak egin behar direla eta horietan hitza izan beharko dutela Venezuelako oposizioko buruek. Txinak, bestalde, AEBen erasoa gaitzetsi du, eta Maduro askatzeko exijitu diete. Gainera, Atzerri Ministerioko bozeramaile Lin Jianek jakinarazi du Pekin harremanetan dagoela Venezuelako Gobernuarekin, eta egoera «hurbiletik» aztertzen ari dela.