Mariana Avila: «Delinkuentzia antolatuak beldurra kapitalizatu du Mexikon»

Ikertzaileak Gizarte eta Genero Indarkeriaren Aurkako Behatokia zuzentzen du Mexikon. Desagerpenak eta feminizidioak salatzen ditu, eta biktimei laguntzen die.

Mariana Avila, Bilbon. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Mariana Avila, Bilbon. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Paula Marques
Bilbo
2026ko urriaren 15a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Mexikoko institutu forentse bateko pantaila batean, ezagutezinak diren pertsonen gorpuen argazkiak pasatzen dira etengabe. Pertsona talde batek hamabi ordu eman ditu irudion aurrean, adi, ezagutzen duten tatuajeren bat aurkitzeko zain. Erregistro ofizialen arabera, 130.000 lagun inguru daude desagertuta herrialdean; erakunde eta kolektibo batzuek, ordea, 150.000 baino gehiago izan daitezkeela uste dute. Asko errekrutatuak izaten dira beren borondatearen kontra: krimen antolatuko taldeek gazteak bahitzen dituzte, ondoren beren jardueretan lan egitera behartzeko; errekrutamendu esparruetan entrenatzen dituzte askotariko zereginetarako, eta mehatxuak eta biolentzia erabiltzen dituzte ihes egin ez dezaten.

Errekrutatuen familiei laguntzeko, hainbat talde daude Mexikon, eta horien artean da Mariana Avilarena (Mexiko Hiria, 1984), Gizarte eta Genero Indarkeriaren Aurkako Behatokia. Avila 16 urte zituela hasi zen aktibismoan; ondoren, unibertsitatean, ikasleen mugimenduan sartu zen, Aguascalientesen (Mexiko), eta 2014an behatokia sortu zuen. Giza eskubideak defendatzearren mehatxatua izan da, eta Mexikotik alde egin behar izan du. Irailean Euskal Herrian izan da, Gallartako Martin Etxean (Bizkaia); bertan, migratzaileak eta jaioterrian jazarpena pairatzen duten giza eskubideen defendatzaileak hartzen dituzte.

«Ez nuen erabaki joatea hiltzeko edo torturatua izateko beldurragatik; konturatu nintzen bide kolektibo hau eratu zuten eta ni sostengatzen ari ziren pertsonak oso nekatuta zeudela»

Aguascalientesen jarraitzea zaila zen harentzat: «Etxean sartu zitzaizkidan; mehatxu deiak egiten zizkidaten, nirekin zer gertatuko zen esateko». Haren ingurukoentzat ere oso gogorra zen laguntza eta babesa ematea: «Ez nuen erabaki joatea hiltzeko edo torturatua izateko beldurragatik; konturatu nintzen bide kolektibo hau eratu zuten eta ni sostengatzen ari ziren pertsonak oso nekatuta zeudela».

Urteetan Mexikon desagerpenak eta errekrutatzeak salatzen eta biktimei laguntzen egindako lanak eragin zuen Avilaren aurkako bortizkeria. Behatokiaren lehen kasuetako bat izan zen hotel batean desagertu ziren bi gazterena: «Familiak kontatu zigun goizaldean talde armatu bat heldu zela eta gelaz gela joan zirela gazte guztiak ateratzen». Hori dela eta, fiskaltzara joan ziren erantzun bila, baina gazteek ez zuten desagertu txostenik, eta esan zieten ezin zela ezer egin. «Nire ezjakinean, kontatu nien hotel batean izan zela eta pertsona asko eraman zituztela; ezinezkoa zen kasua besteetatik ez desberdintzea. Orduan, hamaika karpeta seinalatu zizkidaten: guztiak hotelen kasuak ziren. Orduan ulertu nuen norainokoa zen gertatzen ari zena». Ez ziren kasu bakanak, beraz, eta Avilak ondorioztatu zuen pertsona boteretsuak zeudela horien atzean; besteak beste, politikariak eta poliziak.

Bahitutako gazteak, bestalde, askotariko lanetarako erabiltzen dituzte. Errekrutatzaileek «entrenatu» egiten dituzte beste batzuk errekrutatzeko, kristala ekoizteko, hobiak zulatzeko, zelatatzeko, lehergailuak ekoizteko, dendariei dirua eskatzeko segurtasun truke, edo, adibidez, beste pertsona batzuk erailtzeko. «Bada gauza izugarri bat: errekrutamendu behartuen entrenamenduetan, elkar hiltzera behartzen dituzte gazteak. Bizirik ateratzen direnak dira errekrutatuak, sari bat izango balitz bezala», azaldu du Avilak. Hori dela eta, gizon gazteak eta indartsuak bilatzen dituzte errekrutatzaileek.

Emakume desagertuak

Emakumeak beste gauza batzuetarako erabiltzen dituzte; errekrutamenduetan ere «genero karga» nabarmena baitago. Entrenamendu guneetan, adibidez, kozinatzeko edo garbitzeko erabiltzen dituzte emakumeak, baita sexualki esplotatzeko ere. Avilak kontatu duenez, leku batzuetan, adibidez, taberna batzuetan neska gazteak esplotatzen dituzte sexualki. Haren behatokiak desagertutako emakume bat aurkitu zuen horietako batean, beste hamabirekin batera. «Interneten plataforma bat aurkitu zuten emakume horien eta beste batzuen 2.000 argitalpenekin eta irudi pornografikoekin». Lekua ixtea lortu zuten, baina soilik bi pertsona atxilotu zituzten: «Edukia sareratzen zuen 21 urteko emakume bat, segur aski errekrutatua izan zena, eta ustezko errekrutatzailea». Avilaren arabera, horrelako beste zazpi lokal daude oraindik Mexikon. Izan ere, zaila da delinkuentzia antolatuaren aurka zeozer egitea.

Engainuak eta mehatxuak dira haien armarik eraginkorrena. Bahitutakoei, adibidez, esaten diete haien familiei zeozer egingo dietela beraiek ihes egiten badute, eta ez dira soilik hitzetara mugatzen. «Senideen eskolen, lantokien eta etxeen argazkiak erakusten dizkiete». Gainera, errekrutatuak erabiltzen dituzte beldurra beste batzuei sorrarazteko; adibidez, gazteak lokaletara bidaltzen dituzte dendariei dirua eskatzeko «segurtasunaren» truke. «Delinkuentzia antolatuak beldurra kapitalizatu du Mexikon», nabarmendu du Avilak.

Lan eskaintza faltsuak ere tranpa bat izan dira milaka gazterentzat: ustez lan elkarrizketa bat egitera joan, eta ez dira etxera bueltatu. Avilak oso ondo gogoratzen du familia baten kasua: «Senideek kontatu ziguten 18 urteko mutiko bat lan elkarrizketa batera joan zela eta ez zela itzuli. Jarraian, behatokiak alerta bat igorri zuen, eta bilaketa hasi zen. Hurrengo astean, mutila beste hamabost gazterekin batera atera zen narkotrafikoaren kontrako operatibo batean egindako argazki batean. Kartel bateko lider gisa aurkeztu eta atxilotu zituzten hamasei gazteak». 

Gazte haiek errugabeak zirela defendatzeko, prentsaurreko bat egin zuten. «Argitu genuen denak biktimak zirela, delinkuentzia antolatuak errekrutatu zituela, eta inkomunikatuta eta mehatxupean zeuzkala bertan ». Gainera, gobernuari ere mintzatu zitzaizkion: «Esan genien kartel baten lider gisa aurkeztu zituztela Ameriketako Estatu Batuei erantzun bat eman behar zietelako drogaren aurkako politikaren inguruan». Baina fiskaltzak egoerari buelta eman zion, eta hurrengo egunean Avilaren aurpegia agertu zen egunkari guztien azalean, «narkoen defendatzailea» zelakoan. «Momentu hartan dena aldatu zen, kartel batekin erlazionatu gintuztelako. Horregatik zaindu behar dugu geure burua, estatuaren erreakziotik ez ezik, karteletik ere». Nahiz eta desagerpenak, errekrutamenduak eta indarkeria salatzeak arriskuan jartzen dituen, Avilak nabarmendu du beren lana ez dela eten:  «Oraindik hor jarraitzen dute hainbat kolektibok eta familiak».

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA