'La Directa' hedabide katalana zigortu dute polizia infiltratuen inguruko ikerketengatik

Datuen Babeserako Espainiako Agentziak zehapen prozedura bat ireki du herri mugimenduetan infiltratutako poliziak ikertu zituen hedabidearen aurka, eta 7.000 euroko zigorra ezarri dio.

 'Infiltrats', 3Cat telebistak eta 'La Directa' hedabideak egindako erreportajea. LA DIRECTA
'Infiltrats', 3Cat telebistak eta 'La Directa' hedabideak egindako erreportajea. LA DIRECTA
Aitor Garmendia Etxeberria.
2026ko uztailaren 29a
13:06
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ikertzeagatik zigortu dute La Directa hedabide katalana. Hain justu, Herrialde Katalanetako herri mugimenduetan infiltratutako poliziak ikertzeagatik. Datuak Babesteko Espainiako Agentziak zehapen prozedura bat ireki du La Directa-ren aurka, gaur hedabide horretako ordezkariek Bartzelonan emandako prentsaurreko batean jakinarazi dutenez. Polizia gehiegikeriak ikertzen dituztenentzat aurrekari «arriskutsua» izan daitekeela salatu dute.

7.000 euroko isuna ezarri diote La Directa-ri polizia infiltratuak identifikatzeko modua ematen duten informazioa zabaltzeagatik. Halaber, agindu diote ezabatzeko agente horien argazki denak, baita haiek identifikatzeko modua eman dezakeen informazio guztia ere. Gainera, polizia horiek erabilitako identitate faltsuak ere ez erabiltzeko agindu du Datuak Babesteko Espainiako Agentziak.

2020tik 2023ra hainbat polizia infiltratuta egon ziren Herrialde Katalanetako herri mugimenduetan eta mugimendu independentistetan, eta horiek ikertu zituen hedabide katalanak. 2019ko udazkenean, Katalunian mobilizazio jendetsuak izan ziren Espainiako justiziak hango prozesu independentistaren inguruan emandako epaien kontra. Testuinguru horretan, 2020ko lehen hilabeteetan infiltratutako lau agente ikertu zituen La Directa-k. Gero, 3Cat telebista kateak ikus-entzunezko erreportaje bat ondu zuen, La Directa-rekin eta Polar Star Films ekoiztetxearekin elkarlanean. 2025eko urtarrilean estreinatu zuten Infiltrats.

Lau polizia horiek jarritako salaketak izan dira Datuak Babesteko Espainiako Agentziak irekitako prozeduraren abiapuntu. Hasiern salaketak atzera bota bazituen ere, poliziek helegitea jarri ostean La Directa zigortzea erabaki du agentzia horrek.

Gaur emandako prentsaurrekoan, La Directa-ko ordezkariek adierazi dute herri mugimenduetan infiltratutako poliziak agerian utzi dituzten ikerketak «zilegi» direla, «komunikatzeko eta egiazko informazioa jasotzeko eskubideak» bermatzeko. Eta gaineratu dute hori dela komunikabideen «funtzio demokratikoaren» oinarria: «agintari publikoak gainbegiratzea, eta, batez ere, oinarrizko eskubideei eragiten dieten ekintza polizial sekretuak».

Hedabideak komunikatu bat zabaldu du, eta salatu litekeena dela Datuak Babesteko Agentziaren zigorrak «beldurra» zabaltzea eta «mozal» funtzioa izatea ikerketa kazetaritzan. Horregatik, exijitu dute hedabideari ezarritako zigorrak bertan behera uztea, eta bermatzea datuen babeserako araudia ez dela erabiltzen hedabideak «zentsuratzeko».

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA