Errusiako presidente Vladimir Putinen arabera, ez dago beste aukerarik: Donbass Errusiaren esku geratuko da. Kieven tropak lurralde horretatik ateratzen ez badira lurraldea Errusiako armadak «askatuko» duela ziurtatu du India Today telebista katean. Ukrainarako negoziazioetako gai arantzatsuena izaten ari da lurralde kontzesioena. Kievek eta haren aliatuek herrialdearen lurralde osotasuna defendatzen badute ere, Kremlinek argi du Donbassko bi eskualdeak —Donetsk eta Luhansk— beretzat hartuko dituela.
Gaur egun Errusiako armadaren esku dago Donbassen zatirik handiena, eta 2014tik okupatua du Krimea ere. AEBek Kremlinen onespenarekin Ukrainarako ondutako planaren arabera, lurralde horiek Errusiaren parte bihurtuko lirateke. Planak jasotzen du, era berean, Kherson eta Zaporizhia eskualdeak armada bakoitzak kontrolatzen duen eremuaren arabera banatuko lituzketela; gaur-gaurkoz, bien bi heren pasa ditu kontrolpean Errusiako armadak. Hortaz, Moskuk Ukrainaren ekialdeko zati handi bat kenduko lioke Kievi. AEBek proposatutako planak, baina, ez du oraingoz Ukrainaren oniritzia jaso, eta Washingtonekin negoziatzen jarraitzen dute.
AEBek Ukrainarako ondutako planaren berri eman zietenetik, Kieven ordezkariak hirutan batzartu dira Etxe Zuriko ordezkariekin. Atzo bertan azkenekoz. Miamin (AEB) bildu ziren, eta Euskal Herrian gaur goizaldea zela amaitu dute bilkura. Aurrez iragan asteburuan ere Miamin izan ziren, eta duela bi aste Genevan (Suitza) egin zituzten planaren inguruko negoziazioak.
JD Vance AEBetako presidenteordeak ere Ukrainaren inguruan hitz egin zuen atzo gauean, eta datozen asteetan «berri onak» iritsiko diela uste duela esan zuen NBC telebista katean. Aitortu du uste baino gehiago kostatzen ari zaiela Ukrainako gatazka konpontzea, baina «esperantza» duela ziurtatu du.
Kieven Europako aliatuak, baina, ez dira erabat fio AEBez. Donald Trump AEBetako presidentea Kievi presio egiten aritu da AEBek Errusiarekin adostutako plana onartzeko; epemuga bat ere jarri zion. Kosta ahala kosta gerra amaitzea lortu nahi horren aurrean, Ukrainaren aliatuek ez dute soilik Etxe Zuriko maizterraren eskuetan utzi nahi Kieven etorkizuna. Der Spiegel Alemaniako astekariak atzo gauean kaleratu zuenez, Emmanuel Macron Frantziako presidenteak Volodimir Zelenski Ukrainakoari ohartarazi zion posible dela AEBek Ukrainari «traizio» egitea lurraldetasunaren auzian, eta segurtasun bermeen inguruko «argitasunik» ez eskaintzea.
Astelehenean egindako dei batetik atera ditu hitz horiek Der Spiegel-ek. Macronek, Zelenskik, Friedrich Merz Alemaniako kantzilerrak, Alexander Stubb Finlandiako presidenteak eta Mark Rutte NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeko idazkari nagusiak hartu zuten parte dei horretan. Eliseoko iturriek El País Espainiako egunkariari argitu diotenez, Macronek ez zuen «traizio» hitza erabili, baina Frantziako presidenteak argi du ezin dela Ukrainaren eta Europaren inguruko erabakirik hartu bi horiek kontuan hartu gabe.
Izan ere, Europako hainbat agintari tentuz ari zaizkio erreparatzen Washingtonen eta Moskuren arteko harremanari. Ukrainarako aurkeztutako plana aurrez Kremlinen oniritzia izan ostean aurkeztu zion Zelenskiri. Eta berriki Kieven ordezkariekin plan horretaz negoziatu ostean, Putinekin batzartu ziren Etxe Zuriko ordezkariak. Bilkura hartan, lurraldetasunaren auzia konpondu ezean soluziorik ez dagoela oroitarazi zien Putinek AEBetako ordezkariei. Eta, aurretik, Europako potentzien aurkako adierazpenak egin zituen Kremlineko buruak: «AEBetako administrazioari Ukrainarako bake akordio bat lortzea galarazten ari da Europa».
Akordioa Indiarekin
Atzotik Indian dago Putin, bisita ofizialean. Narendra Modi Indiako presidentearekin batzartu da han, eta jakinarazi dio Kremlin Ukrainarako «bake adierazpen bat» negoziatzen ari dela AEBekin. Bilkura horren ostean, bi liderrek adostu dute Indiaren eta Errusiaren arteko lankidetza ekonomikorako ituna luzatzea 2030. urtera arte. AEBek eta EB Europako Batasunak salatu izan dute Delhik Errusiari erregaia erosten jarraitzen duela Mosku gerran ari den bitartean.