Ezbeharra gertatu da bart gauean Suitzako Crans-Montana eski estazioan. Urteberri eguneko 01:30 aldera, sute bat piztu da Le Constellation tabernan, eta berrogei bat lagun hil dira, Frederic Gisler Valais kantonamenduko Poliziako komandanteak jakinarazi duenez. Zenbait agintarirekin batera, prentsaurrekoa eman du gaur arratsaldean Sion herrian, eta erantsi du gutxienez 115 lagun zauritu direla sutean, horietako asko oso larri.
Guy Parmelin Suitzako presidentea ere prentsaurrekoan izan da, eta iragarri du ikerketa abiatu dutela jakiteko «drama» hori zergatik gertatu den: «Biktimei, haien senideei eta traumak eragindako herritar guztiei zor diegu». Poliziaren arabera, oraindik ez dakite sutea zerk piztu zuen, baina jada baztertu egin dute atentatu baten ondorioz piztu zelako hipotesia. Hasieran zabaldu bada ere eztanda batek piztu duela sutea, argitu dute sutea ez dela leherketa baten ondorio izan, eta suaren beraren eraginez eztanda egin duela taberna barruan zegoen material piroteknikoak.
Bi lekukok Frantziako BFM hedabidearekin hitz egin dute, eta, haien hitzetan, txinpartak botatzen dituzten kandela horietako batek piztu du sutea: xanpain botila bati jarri diote kandela, eta sotoko egurrezko sabaiak su hartu du «segundo gutxian», botila sabaitik «oso gertu» zegoelako. Sutea azkar batean hedatu da goiko solairura, eta ihes egitea «oso zaila» izan da, lekuko horien arabera: «berrehun lagun inguru» zeuden barruan, eta sototik irteteko eskailerak «estuak» ziren.
Arratsaldeko prentsaurrekoan, kazetariek kandelaren hipotesiari buruz galdetu diote Beatrice Pilloud Valaisko prokuradoreari, eta hark erantzun die ikerketa abian egon bitartean ezin duela erantzun. «Hainbat hipotesi» dauzkate esku artean, eta uste dute litekeena dela sutea bat-batean zabaldu izana. Halere, argi utzi du denbora beharko dutela ondorioak ateratzeko.
Kazetariek Le Constellation tabernako segurtasun neurriei buruz ere galdetu dute: Pilloudek erantzun du tabernan izan dela gaur, eta sotorako eskailerak «estuak» zirela. Dena den, ez du zehaztu larrialdi irteerarik ba ote zegoen soto horretan; lekukoen arabera, eskailerak ziren ihes egiteko bide bakarra, nahiz eta agintariek eta Poliziak ez duten halakorik baieztatu.
Nazioarteko zenbait hedabidek kaleratu dutenez, tabernak hirurehun lagun har ditzake. Pilloudek esan du ez dakitela sutea piztu denean zenbat bezero zeuden barruan —berrehun, bi lekukoren arabera—, eta ikertu beharrekoa dela hori. Stephane Ganzer Valaisko Segurtasun Departamentuko buruak adierazi du «gazteen ospakizuna» zela bart gauekoa.

Besteak beste, 42 anbulantzia, hamahiru helikoptero, hiru kamioi eta larrialdietako 150 bat langile joan dira ingurura, barruan zeudenei laguntzera. 05:00ak pasatxorako artatuak zeuden zauritu guztiak, Poliziako Gisler komandantearen hitzetan. Crans-Montana inguruko osasun zentroetan hartu dituzte sutean zauritutakoak, eta, esaterako, zainketa intentsiboetako unitatea bete egin da Sion ospitalean. Arratsaldeko prentsaurrekoan, Mathias Reynard Valaisko Osasun Departamentuko buruak jakinarazi du hirurogei paziente daudela bertan.
Bestalde, kasurik larrienak Lausanneko eta Zuricheko unibertsitate ospitaleetara bideratu dituzte, erredura larrietan espezializatutako zentro bakarrak baitira Suitzan. Lausanneko ospitalean 22 lagun artatu dituzte, Claire Charmet zuzendariak 24 Heures egunkariari elkarrizketa batean esan dionez: «Prozesu luzea eta sakona izango da, asteak iraungo du, agian hilabeteak». 16 eta 26 urte arteko pazienteak dira, eta «goizegi» da esateko arriskuan ote dauden: «Pazienteak jaso, identifikatu eta senideekin harremanetan jarri ditugu, zaintza prozesua bermatzeko». Zuzendariak erantsi du balitekeela kasu arinagoak ere laster jasotzea.
Zuricheko ospitalean dozena bat pertsona artatu dituzte. Genevako unibertsitate ospitalean, bestalde, dozena erdi paziente daude. Halaber, Antonio Tajani Italiako Atzerri ministroak jakinarazi du Milango Niguarda ospitalean ere badagoela modua zaurituak tratatzeko; hiru hartuko dituzte oraingoz. Frantziak eta Alemaniak ere laguntza eskaini diote Suitzari, eta prest daude pazienteak jasotzeko.
Nazioarteko estazioa
Suitzako presidenteak atsekabea adierazi du biktimengatik: «Egun alai bat tragedia bihurtu da bart Crans-Montanan. Suitzan oihartzuna izan du tragedia horrek, baita harago ere», idatzi du sare sozialetan. Eski estaziora heldu denean, kazetarien aurrean hitz egin du: «Gogoan ditugu familiak: antsiatuta daude. Ez dakite seme-alabak hilko ote zaizkien. Batzuk ospitalean daude, ataka zailean». Nabarmendu du ez dela «gutxietsi» behar biktimak identifikatzeko prozesua: «Familia batentzat biziki gogorra da ez jakitea nola dagoen senidea, edo ospitalean edo hilda».
Oraingoz, lehentasun gisa jarri dute hildakoak identifikatzea, Beatrice Pilloud Valaisko prokuradoreak goizean esan duenez. Hori berretsi du Poliziako Gisler komandanteak, arratsaldean: asmoa dela biktimak identifikatzea, «gorpuak ahalik eta azkarrena itzultzeko familiei». Aitortu du «egun dezente» iraungo duela prozesu horrek: «Oporleku honen ezaugarriak direla eta, espero izatekoa da atzerriko biktimak ere egotea».
Crans-Montana Suitza hego-mendebaldean dago, eta 10.000 pertsona inguru bizi dira han, baina leku turistikoa izan ohi da bai udan bai neguan. Horregatik, Pilloudek azaldu du litekeena dela hildakoen artean Suitzatik kanpoko jendea egotea. Oraingoz eskuragarri dagoen informazioaren arabera, ez dago euskal herritarrik hildakoen edo zaurituen artean.
Gian Lorenzo Italiako Gobernuak Suitzan duen enbaxadoreak adierazi du zenbait italiarrek ez dutela senideen berririk, nahiz eta enbaxadak oraindik ez duen informazio nahikorik. Italiako RAI telebista publikoan hitz egin du Lorenzok, eta erantsi litekeena dela «asteak» behar izatea biktimak identifikatzeko lanetarako. Tajani Italiako Atzerri ministroak jakinarazi du dozena bat italiar artatu dituztela zauriengatik, eta hamasei desagertuta daudela. «Espero dut biktimarik [italiarrik] ez egotea, baina ezin dugu ezertxo ere baztertu», esan du Italiako Sky TG24 telebista katean.Â
800Azken hamarkadan zenbat lagun hil diren aisialdi guneetako suteetan Azken hamarkadan gutxi gorabehera zortziehun lagun hil dira aisialdi guneetako suteetan: festa aretoetan, diskoteketan, jatetxeetan, kafetegietan... Tarte horretan biktima gehien eragin dituen ezbeharra iaz jazo zen, Santo Domingon: diskoteka bateko sabaia erori egin zen su hartu eta gero, eta gutxienez 231 lagun hil ziren.
Â