EBko Justizia Auzitegiak ebatzi du Hungariak taldearen balioak urratu dituela LGTBI kolektiboaren kontrako legearen bidez

2021ekoa da legea, Orbanen gobernuak bultzatutakoa. Talde komunitarioko justizia instantzia gorenak aurrenekoz ebatzi du taldearen oinarrizko arauak urratu dituztela.

Orbanen kontrako kartel bat, iazko ekainaren 28an Budapesten egindako Harrotasunaren Eguneko mobilizazioan. LUIS LIDON / EFE
Orbanen kontrako kartel bat, iazko ekainaren 28an Budapesten egindako Harrotasunaren Eguneko mobilizazioan. LUIS LIDON / EFE
Igor Susaeta.
2026ko apirilaren 21a
14:56
Entzun 00:00:00 00:00:00

EB Europako Batasuneko Justizia Auzitegiak ebatzi du Hungariako Parlamentuak 2021ean onartutako LGTBI kolektiboaren kontrako legeak talde komunitarioaren «balioak» urratzen dituela. Horren berri eman du gaur klubeko justizia instantzia gorenak. Viktor Orban ultrakontserbadorearen gobernuak bultzatuta onartu zuten, eta, besteak beste, LGTBI kolektiboari buruzko edukiak debekatzen ditu ikastetxeetan eta hedabideetan, adingabeak babestea argudiatuta. Europako Batzordeak auzitara eraman zuen Hungaria, eta justizia auzitegiak epaian nabarmendu duenez, lege hori «ordenamendu juridiko gisa batasunak duen identitate propioaren aurkakoa» da; alegia, klub komunitarioaren «pluraltasunaren» kontrakoa.

Horrenbestez, EBko Justizia Auzitegiak aurrenekoz ebatzi du taldearen oinarrizko arauak urratu direla, taldearen hitzarmenaren bigarren artikuluan jasotakoak. Zera diote artikulu horretan: «Europako Batasunaren oinarrizko balioak dira giza duintasuna errespetatzea, askatasuna, demokrazia, berdintasuna eta Zuzenbide Estatua, baita giza eskubideak errespetatzea ere, gutxiengoetako kide direnenak barne. [...]».

Epaiak dioenez, 2010az geroztik Hungariako gobernuburu denak bultzatu zuen legea —hauteskundeak galdu zituen duela hamar egun, eta kargua utziko du aste batzuk barru— «koordinatutako neurri sorta diskriminatzaile bat» da, eta urratu egiten ditu «pertsona ez-zisgeneroen edo ez-heterosexualen eskubideak, pertsona transenak barne». Tamara Capeta EBko Justizia Auzitegiaren abokatu orokorrak ere Hungariako Parlamentuak onartutako legea kritikatu zuen iazko uztailean, auziari buruzko ebazpena kaleratu zuenean. Azpimarratu zuen, nagusiki, EBren arautegia urratzen zuela.

Orbanek zenbat eta urte gehiago egin agintean, EBk orduan eta gehiagotan tira egin dio belarrietatik, zuzenbide estatua urratzea leporatuta. Duela bost urteko ekainean onartutako legeak harrabotsa eragin zuen. Hori indarrean sartu berritan, talde komunitarioko hamasei kidek diskriminazioa borrokatzeko eta eskubideak defendatzeko beharra zegoela nabarmendu zuten manifestu batean; iaz, legea bertan behera uzteko eskatu zuten hogei estatuk —Bulgariak, Errumaniak, Eslovakiak, Hungariak, Italiak eta Kroaziak ez zuten eskaera hori sinatu—. NBE Nazio Batuen Erakundearen idazkari Antonio Guterresek ere «onartezintzat» jo zuen. Orbanen arabera, baina, «pedofilo homosexualen aurkako» lege bat zen.

Talde komunitarioko instantzia judizial gorenak esan du Hungariak sexu joera batzuk besteen gainetik lehenesten zituela, eta, horregatik, beste horiek «estigmatizatuta» gera daitezkeela.

Magyar, presiopean

Orbanek jomugan eduki izan du LGTBI kolektiboa, eta iaz ere, esaterako, beren eskubideak are gehiago murrizteko lege bat onartu zuen parlamentuak —Fideszek, Orbanen alderdiak, gehiengoa zuen—. Modu horretan, harrotasunaren eguneko mobilizazioa debekatu zuten, esaterako. Azkenean, baina, iazko ekaineko azkeneko larunbatean, martxa egin ahal izan zuten, eskuin muturraren eta gobernuaren beraren mehatxuak gorabehera. Inoizko jendetsuena izan zen, eta milaka pertsonak parte hartu zuten, baita EBko estatu kideetako politikariek ere.

Ikusteko dago nola jokatuko duen Peter Magyarrek, Hungariako lehen ministro izango denak. Hauteskundeak irabazi zituen apirilaren 12an, eta haren alderdiak, Tiszak, bi hereneko gehiengoa edukiko du parlamentuan. Europazalea da Magyar, baina baita kontserbadorea ere, eta iaz, Orbanek harrotasunaren mobilizazioa debekatu zuenean, epel erreakzionatu zuen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA