Ez da EB Europako Batasuneko kide guztiek onartutako neurri bat, baina bada, nolabait, talde komunitarioak migrazio arloan hartutako bidearen erakusgarri. Alemaniak, Austriak, Danimarkak, Herbehereek eta Greziak akordio bat egin dute Ruandako Gobernuarekin, Afrikako herrialde horretan deportazio esparru bat eraikitzeko. «2027an lehen itzultze esparrua eraiki asmo dugu Ruandan», adierazi du Christian Stocker Austriako kantzilerrak, Vienan egindako agerraldi batean.
Austriako hiriburuan izan da Mette Frederiksen Danimarkako lehen ministro sozialdemokrata ere. Haren bulegoak zabaldutako oharraren arabera, Frederiksenentzat egungo asilo sistema «sostengaezina eta gizagabea» da. Horregatik, txalotu egin du Ruandan deportazio esparru bat eraikitzeko egindako akordioa.
Bruselak ere ontzat jo du bost herrialdeek adostutako neurria. Europako Batzordeko bozeramaile Markus Lammertek akordioa txalotu du gaur emandako prentsaurreko batean: «EBren itzulketa sistema ahalik eta eraginkorrena izatea lehentasuna da Batzordearentzat».
Herrialde sinatzaileen arabera, «egoera irregularrean» dauden migranteei asilo eskubidea ukatu ostean eramango dituzte Ruandako zentro horretara. Eta bertan egongo dira behin betiko kanporatze prozesua amaitu bitartean. Sinatzaileen arabera, migranteek Ruandako gizartean «integratzeko» edo jatorriko herrialdera itzultzeko aukera edukiko dute.
Ruanda eta giza eskubideekiko errespetua
Ekainean sartu zen indarrean EBren Migrazio eta Asilo Itun berria; haren arabera, talde komunitarioko estatu kideek EBtik kanpoko herrialde batean deportazio esparruak eraiki ahal izango dituzte. Hori bai, bermatuta egon beharko da herrialde horiek giza eskubideen inguruko nazioarteko legedia betetzen dutela.
NBE Nazio Batuen Erakundearentzat eta giza eskubideen arloko hainbat erakunderentzat, Ruandan ez da hori bermatzen. Are gehiago, ohartarazi izan dute Kigalik prentsa eta adierazpen askatasunak mugatzen dituela, eta oposizioko kide eta giza eskubideen aldeko ekintzaile batzuk atxilotu izan dituela.
Londresek ere gisa horretako akordio bat egin zuen Kigalirekin. Erresuma Batuan zeuden asilo eskatzaileak Ruandara bidaltzea adostu zuten, baina 2023an Erresuma Batuko Auzitegi Gorenak bertan behera utzi zuen akordio hori, argudiatuta giza eskubideak urratzeko arriskua zegoela.