Espainiako Auzitegi Gorenak ez du atzera egiteko asmorik; Pablo Llarena epaileak gaur jakinarazi duenez, baztertu egin du Carles Puigdemont Kataluniako Generalitateko presidente ohiari eta Antoni Comin kontseilari ohiari amnistia aplikatzeko eskaera. EB Europako Batasuneko Justizia Auzitegiak oniritzia eman zion uztailaren 16an Espainiako amnistia legeari, iritzita bateragarria dela talde komunitarioaren zuzenbidearekin. Auzitegi Goreneko magistratuak gaineratu du ez duela bertan behera utziko bi kargudun ohiak atxilotzeko agindua —Bruselan erbesteratuta daude 2017ko udazkenetik—.
Ikusi gehiago
Halere, Llarenaren erabakia ez da behin betikoa, eta orain Espainiako Auzitegi Konstituzionalak ebatziko du Generalitateko kargudunek Gorenaren erabakiari jarritako helegitearen inguruan. Espainiako Kongresuak 2024ko maiatzaren amaieran onartu zuen amnistia legea, eta hilabete batzuk geroago, uztailean, Gorenak ebatzi zuen Generalitateko kargudun ohiei ezin zitzaiela amnistia legea aplikatu, bi arrazoiengatik: epaitegiaren arabera, «beraientzat irabaziak lortzeko» erabili zuten 2017ko urriaren 1eko independentzia erreferenduma aurrera eramateko diru publikoa, eta ekintza horiek kalte egin ziezaieketen Europako Batasunaren finantza interesei. Orain, talde komunitarioko justizia auzitegiak bigarren arrazoia indargabetu ostean, Llarena epaileak lehen argudioari eusten dio.Â
Auzitegi Konstituzionala urriaren 22an hasiko da auzi horren inguruan eztabaidatzen. Iazko ekainean ebatzi zuen amnistia legeak ez duela urratzen Espainiako Konstituzioa, baina, Gorenaren ustez, diru publikoaren erabilera bidegabeari ezin zaio amnistia aplikatu.
2024ko maiatzean onartutako legeak barne hartu zituen 2011ko azarotik 2023ko azaroaren 13ra Kataluniako prozesu independentistarekin lotuta izandako ekintzak, Espainiak legez kontrakotzat jo izan zituenak. Hirurehun pertsona inguru baliatu dira legeaz. Halere, Generalitateko 35 kargudun ohi daude auzipetuta oraindik, funts publikoak bidegabe erabiltzea leporatuta.