EBko Justizia Auzitegiak oniritzia eman dio Espainiako amnistia legeari

Europako Batasuneko justizia instantzia gorenaren arabera, testua bateragarria da talde komunitarioaren zuzenbidearekin. Sententziak baldintzatu egingo du Puigdemont Generalitateko presidente ohi erbesteratuaren etorkizuna.

Carles Puigdemont agerraldi batean Perpinyan, iazko urrian. DAVID BORRAT / EFE
Carles Puigdemont agerraldi batean Perpinyan, iazko urrian. DAVID BORRAT / EFE
Igor Susaeta.
2026ko uztailaren 16a
16:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

EB Europako Batasuneko Justizia Auzitegiak oniritzia eman dio Espainiako amnistia legeari. EBko justizia instantzia gorenak horri buruzko ebazpena kaleratu du gaur, Espainiako Auzitegi Nazionalak eta Kontu Auzitegiak duela urte eta erdi igorritako zalantzei erantzunez. Defendatu du legea bateragarria dela talde komunitarioko zuzenbidearekin, ez dielako eragiten EBren gastuei, eta ez duelako talka egiten klubak «terrorismoari» buruz eginda daukan zuzentarauarekin.

Sententzia horrek baldintzatuko du Kataluniako prozesu subiranistaren ondorioz erbesteratuta edo inhabilitatuta dauden politikarien geroa; Carles Puigdemont Kataluniako Generalitateko presidente ohiarena eta Oriol Junqueras presidenteorde zenarena, besteak beste.

Auzitegi horretako presidente Koen Lenaertsek irakurri du sententzia, gaur, Luxenburgon, eta adierazi du amnistia legearen helburua zela «tentsio politiko eta instituzionala arintzea, eta berradiskidetzarako bidea erraztea». Espainiako Kongresuak 2024ko maiatzeko azken egunean onartu zuen legea. Hilabete batzuk geroago, Espainiako Kontu Auzitegiak, batetik, galdetu zion Luxenburgori ea testua bateragarria ote zen talde komunitarioaren zuzenbidearekin; eta Auzitegi Nazionalak, bestetik, duda zuen ea «terrorismoa» egotzita auzipetutako CDR Errepublikaren defentsarako batzordeetako hamabi kide amnistiatu behar ote zituen. Bi galderei erantzun die gaur EBko Justizia Auzitegiak.

Kontu auzitegiari zera erantzun dio 28 orrialdeko ebazpenean: «Ezin da esan Europako Batasunaren finantza interesak kaltetuak izango direnik soilik errenta nazionalean murrizketa bat izan daitekeelako lurralde nazionaleko zati baten sezesioaren ondorioz». Generalitateko 35 kargudun ohi daude auzipetuta, leporatuta funts publikoak erabiltzea prozesu subiranista hauspotzeko.

Auzitegi Nazionalaren galderari dagokionez, Luxenburgok azpimarratu du «terrorismoaren aurkako» EBren zuzentarauaren eta amnistia legearen artean ez dagoela bateragarritasun arazorik. Amnistia legeak jasotzen du ez dituela barne hartzen «jokabide terroristarik larrienak», ezta «norbanakoen aberasteari» bide eman dioten diru publikoaren erabilera bidegabeak ere.

Ikusteko dago zer gertatuko den Puigdemont erbesteratuarekin —antzera daude Lluis Puig eta Antoni Comin Generalitateko kontseilari ohiak ere; Bruselan daude hirurak 2017ko udazkenetik— eta Junqueras inhabilitatuarekin. Espainiako Auzitegi Gorenak ez die amnistia aplikatu ez haiei, ez beste buruzagi subiranista ohi batzuei, iritzita «beraientzat irabaziak lortzeko» erabili zutela 2017ko urriaren 1eko independentzia erreferenduma aurrera eramateko diru publikoa. 2017ko urrian Generalitateko kide ziren gehienak —orduan egin zuten independentzia erreferenduma—, dirua bidegabe erabiltzeagatik zigortu zituen Gorenak bi urte geroago, eta inhabilitatu egin zituen. 

Konstituzionalaren teilatuan

Horrenbestez, pilota orain Espainiako Auzitegi Konstituzionalaren teilatuan dago. Gorenak amnistia ez aplikatzea erabaki ondoren, Puigdemontek eta Junquerasek babes helegite bat jarri zuten Konstituzionalean, Espainiako instantzia judizial nagusian, duela bi urte —aintzat hartu behar da Puigdemonten kasuan haren kontrako atxilotze agindu bat emanda daukala Gorenak 2017ko udazkenetik—, eta, helegite horiei buruz ebatzi aurretik, Konstituzionalak jakin nahi zuen, aurrena, zer iritzi zuen EBko Justizia Auzitegiak. Horren guztiaren harira, gogoratu beharra dago Justizia Auzitegiko presidenteak gaur defendatutako tesia defendatu zuela Dean Spielmann instantzia horretako abokatu nagusiak aurreko azaroan. 

Amnistia legearen helburua «Kataluniako normalizazio instituzionala, politikoa eta soziala» da. Hori dago jasota arauaren izenburuan, eta hori berretsi du gaur Luxenburgok. Amnistiak barne hartu zituen 2011ko azarotik 2023ko azaroaren 13ra Kataluniako prozesu independentistarekin lotuta izandako ekintzak eta Espainiak legez kontrakotzat jo izan zituenak. 300 pertsona inguru baliatu dira jada legeaz.

Duela bi urte pasa onartu zuen legea Espainiako Kongresuak. Hilabete batzuk lehenago, 2023ko uztailean, Espainiako Gorteetarako hauteskundeak egin ondoren, Pedro Sanchez Kataluniako bi alderdi independentista nagusiek egingo zutenaren menpe zegoen Espainiako Gobernuko presidente izaten jarraitzeko. ERC Esquerra Republicanaren eta JxC Junts Per Catalunyaren laguntza behar zuen horretarako, eta, babesaren truke, bi alderdi horiek baldintza nagusi bat jarri zioten: has zedila amnistia legea tramitatzen. Horretan hasi zen PSOE, eta urte hartako azaroan Sanchez berriro izendatu zuten presidente, Kataluniako bi alderdi horiek ere haren alde bozkatuta.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA