Mugarik Gabeko Medikuak erakundeko larrialdietarako koordinatzailea

Esperanza Santos: «Ebolaren Bundibugyo aldaerak bestelako egoera bat eragin du Kongon»

Nazioarteko larrialdia ezarri dute Kongoko Errepublika Demokratikoan atzemandako ebola agerraldi baten harira, eta hara joatekoa da Santos: «Agudo erantzun behar dugu».

Esperanza Santos Etiopiako Tigray eskualdeko Abiy Addi herrian, 2021ean. IGOR BARBERO / MSF
Esperanza Santos Etiopiako Tigray eskualdeko Abiy Addi herrian, 2021ean. IGOR BARBERO / MSF
Julen Otaegi Leonet.
2026ko maiatzaren 27a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Kongoko Errepublika Demokratikora joateko bisa jaso duen egun berean hartu du telefonoa Esperanza Santos (Madril, 1979) erizain eta MSF Mugarik Gabeko Medikuak gobernuz kanpoko erakundeko larrialdietarako koordinatzaileak, maleta egiten hastekotan denean kasik; asteburu honetarako espero du hara heltzea, herrialdearen ekialdeko Hegoaldeko Kivu eskualdera, hain zuzen ere. Iparralderago geratzen diren eskualdeetan atzeman dituzte ebola birusaren Bundibugyo aldaeraren agerraldiak, Iturin eta Iparraldeko Kivun. OME Osasunaren Mundu Erakundeak nazioarteko garrantziko larrialdia ezarri du; haren arabera, gorputzeko isurien-eta bidez kutsatzen den gaitzak 220 hildako baino gehiago utzi ditu dagoeneko herrialde hartan, eta mila bat kasu atzeman dituzte. «Kontrolerako mekanismoak martxan jarri behar ditugu beste edonon eztanda egin baino lehen», ohartarazi du Santosek.

Ebolaren Bundibugyo aldaeraren kontra ez dago ez txertorik ez eta tratamendurik ere. Zuen jarduna zailtzen du horrek?

Zaildu egiten du, bai. Nola esan... Ebolaren kontrako txertorik, tratamendurik eta bestelakorik egon baino lehenago ere hor egon gara gu. Afrika mendebaldeko epidemiaz [2014 eta 2016 artekoa] eta geroago ere egon direnez geroztik, garatuz joan dira txertoak eta tratamendu antibiralak: lehendabizikoak gertuko kontaktuei jarri ondoren, kutsatzeek behera egin dute, bai; eta tratamendu antibiralek asko gutxitu dute hilgarritasuna.

Arazoa da 2012tik ez dela izan Bundibugyoren epidemiarik, eta azken urteotan egin diren aurrerapausoak, txertoei-eta dagokienez, Zaire aldaerarentzat egin direla. Ez dago frogatuta efektiboak direnik bestearen kontra; oxala, hasiak dira-eta ikerketak eta gisakoak egiten. Txertoaren kontua zaila da, baina tratamenduek balioko balute, asko erraztuko lukete lana.

Ez da berria aldaera hori.

Kongok izan dituen epidemiarik handienen artean bigarrena da hau, eta hamazazpi egon dira gaurdaino. Bundibugyoren bizpahiru epidemia gertatu dira orain arte [2007an Ugandan eta 2012an Kongoko Errepublika Demokratikoan]: ez ziren hain hilgarriak izan, eta kutsatze gutxiago gertatu ziren. Orain, bestelako egoera batean gaude.

Zer protokolo duzue?

Badira zenbait oinarri. Bata, noski, pazienteak bakartzea eta artatzea; saiatzen ari gara eskualde ugaritan birus hori tratatzeko zentroak jartzen. Ondoren, kasuen jarraipena egin behar da, eta kontaktu hurbilena ere bai, kutsatzeak eragozteko; bertako komunitateekin lankidetzan ere aritu behar da, prebentziorako neurriak har ditzaten. Ehorzketa seguruak bermatu behar dira, paziente bat hil eta gero baitago kutsatzeko arriskurik handienetakoa; oso-oso-oso kutsagarria da orduan, eta zaindu behar da ere lurperatzea egiteko erritualak zer eremutan egin, batzuetan ohikoa izaten baita jendeak hildakoak ukitzea eta han-hemenka zenbait herritan zehar ibiltzea, despedida emateko. Gainontzeko osasun zerbitzuen azpiegiturak ere zaindu egin behar dira; imajinatu, bestela, ze arrisku egongo litzatekeen beste gaixoak eta osasun langileak kutsatuko balira.

Ba al duzue nahikoa baliabiderik horretarako guztirako?

Mugarik Gabeko Medikuak elkarteak badu nolabaiteko independentzia, eta larrialdiak erantzutea lehentasuntzat jotzen dugu. Eskura ditugun baliabideak erabiltzen ari gara, eta, noski, gehiago beharko ditugu, baina ez dugu zertan itxaron funtsak heltzeari lanean hasteko; lankideak lehenbiziko egunetik dabiltza han.

Kongon dauden beste eragile batzuek —zeresana izan dutenak, esate baterako Osasunaren Mundu Erakundea, Nazio Batuen Erakundearen beste agentzia batzuk, Unicef, Osasun Ministerioa...— agian funts gehiago zituzten lehen halakoetarako, baina laguntza humanitariorako funtsen murrizketek bete-betean eragin diete. Egia da balitekeela gu geu bakarrik aritzea beste aldi batzuekin konparatuz gero.

Lantegia duzue han, baina ez da ahaztu behar Kongoko Errepublika Demokratikoko gatazka eta desplazatuen krisia.

Ez, noski. Horrek ere herritarrei eragiten die eta gure lanari ere bai. Milioika desplazatu daude; segurtasun falta dela eta, ez dute zerbitzuetarako sarbiderik, eta, gainera, osasun sistema ahulduta zegoen ordurako. Leku batetik bestera joatea ere ez da erraza; Kivun edo Iturin barrena mugitzeko bada herrialdetik atera behar izaten duenik. Gatazka dela eta, jendearentzat oso-oso konplikatua izaten da zerbitzu horietara heltzea, eta langile humanitarioentzat toki konkretuetara heltzea ere bai, berriro diot, gatazkagatik eta segurtasun kontuengatik.

Zenbait herrialdek mugak itxi nahi dituzte, eta frogatuta dago horrek ez dituela murriztuko kutsatzeak, jendeak muga igaro nahi duenean igaro egiten duelako. Aldi berean, neurri horrek zaildu egiten du laguntza humanitarioa eta baliabideak ailegatzea; kezka sortzen digu horrek.

Lana zailduko dizue gatazkak, hortaz.

Erantzunen bat azkar eta agudo eman behar izaten dugulako. Honek eztanda egin du dagoeneko, eta neurriak ezarri dira lantaldeak ere arriskutik kanpo mantentzeko, segurtasunari eta infekzioen kontrolari lehentasuna emateko... Baina, era berean, ahalik eta gehien egiten ahalegindu behar da. Horrelako interbentzioetan konplexua zera da: erantzun masiboa denbora laburrean ematea eta oinarri guztiei heltzea.

Zer diote han dauden lankideek?

Bada, egia esan, oraintxe bertan gainezka daudela. Gaixoak aztertzen ari dira egoerari nola heldu eta kasurik latzenei lehentasuna nola eman erabakitzeko. Iturin zentroak ari dira muntatzen, ohe gehiago eta gaixoak artatzeko ahalmen handiagoa izan ditzaten, guztia erabat gainezka dago eta. Ahal duten moduan ari dira.

Mugak ixtea aipatu duzu. Herrialde mugakideek erakutsi al dute kezkarik?

Nazioartean baliabideak jarri behar dira birusa kontrolatzeko, eta hori egiteko modurik onena jatorria tratatzea da, ez mugak ixtea. Beti jartzen dira kontrolerako neurriak; esaterako, lantaldeak ditugu Ugandan, Ruandan, eta Hego Sudanen, eta tokian tokiko osasungintza arduradunak ere beharrean ari dira ager litezkeen kasuak atzemateko.

Paranoiarik gabe, Kongon zentratu behar dugu, hortik baitatoz kasu guztiak. Herrialde guztiei lagunduko die horrek. Ugandan atzemandakoak inportatutako kasuak dira [zazpi bat]. Kontua ez baita epidemia bat dagoela Ugandan, eta beste bat Kongon.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA