Egiptoko Poliziak sarekadak egin ditu March to Gazako kideen hoteletan

Furgoneta batean sartu dituzte; Poliziaren arabera, Kairora bidean dira. Podemos Euskadiko ordezkaritzako kideek salatu dute gertatutakoa.

Egiptoko Poliziak atxilotutako bi ekintzaile, Alberto eta Maite, gaur. MAITE GARTZIA
Egiptoko Poliziak atxilotutako bi ekintzaile, Alberto eta Maite, gaur. MAITE GARTZIA
maddi iztueta olano
2025eko ekainaren 14a
17:22
Entzun 00:00:0000:00:00

Egiptoko Gobernua ahaleginak eta bi egiten ari da March to Gaza egitasmoko kideek Rafahrainoko ibilaldia egin ez dezaten. Podemos Euskadiko ordezkaritzako kideek salatu dute, sare sozialen bidez, Egiptoko Poliziak sarekadak egin dituela beren hoteletan; furgoneta batean sartu dituzte guztiak, eta jakinarazi Kairora eramango dituztela. Atxilo hartutakoen artean daude Espainiako eta beste herrialde batzuetako kideak ere.

March to Gaza egitasmoko kideek Kairora iristean zer gertatuko zen jakin gabe ekin zioten bideari, eskaera aurkeztu arren ez baitzuten Egiptoren baimen ofizialik jaso hara joan baino lehen. Dena den, ez zuten espero Egiptoko agintarien erantzuna hain bortitza izango zenik. Egitasmoan parte hartzen ari diren hainbat kidek egunotan jakinarazi dutenez, ehunka ekintzaile atxilotu dituzte; horietako hainbat deportatu egin dituzte, eta beste hainbati beren pasaporteak kendu dizkiete.

Hoteletik atera eta Kairora joatera behartu dituzten ekintzaileen artean dago Reem Dandan Hego Euskal Herriko ordezkaritzako kidea. Aitortu du ez dakitela zein izango den hurrengo urratsa, eta bilera batzuk egin behar dituztela gero zer egin erabakitzeko. Dena den, Podemos Euskadiko ordezkaritzako ekintzaile Maite Gartzia eta Alberto Villarealek jakinarazi dute Kairora iritsi direnean beren pasaporteak itzuli dizkietela.

Bestalde, sare sozialetan zabaldutako bideo batzuen bidez, zenbait ekintzailek salatu dute beren herrialdeetako enbaxadoreek eta politikariek ez dietela erantzuten beren laguntza eskaerei.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.