Ikusi serie honetako artikulu guztiak
Lan eskaintza bati esker iritsi zen Soren Munch (Horsens, Danimarka, 1962) Alemania iparraldean bizi den daniarren gutxiengoaren komunitatera, duela zenbait urte. Estrategia digitaleko proiektu baten gidaritzan hasi zen Flensborg Avis egunkarian, eta 2023ko abenduan editore eta zuzendari kargua hartu. Erdi irriz esan duenez, «kasualitatez kasualitate» ailegatu da haraino, eta, egun, etengabeko ikasketa prozesu batean murgilduta dago: «Daniarren gutxiengoak asko miresten du Danimarka; are, hango balioek gero eta estima handiagoa dute hemen, Alemanian».
Norentzat idazten du ‘Flensborg Avis’-ek?
Gutxiengo daniarrarentzat, zalantzarik gabe. Dena den, talde horren barruan bada multzo bat egunkaria beti babestu duena, eta ez duena inoiz harpidetza bertan behera utzi. Gutxiengoaren beste parte batek, ordea, noizbehinka irakurtzen gaitu, eta ez du loturarik sentitzen gurekin.
Handia da daniarren komunitatea?
Alde handia dago inkesta batetik bestera: 25.000 eta 75.000 pertsona artean omen daude. Eskualdean hauteskundeak izan genituen azken aldian, 80.000 herritar inguruk bozkatu zuten daniar gutxiengoaren alderdiaren alde. Horrek ez du esan nahi horiek guztiak daniarren komunitatearen parte direnik. Burbuila asko daude, eta komunitatearen parterik handiena Flensburgen dago.
Hiru urtez aritu zara egunkariko zuzendari lanetan. Zein izan dira bidean aurkitu dituzun erronkarik handienak?
Egunkaria daniarren gutxiengoaren erdigune izan dadin lan egiten dugu. Izan ere, zenbait urtetan urrun egon da, batez ere COVID-19aren pandemian, urte horietan norbere burua eta ingurukoak zaintzen ari baitzen, eta kanpoan egiten ziren jarduera asko, egunkariak bildu ohi zituenak, bertan behera utzi zituzten. Hori batetik, eta, bestetik, aintzat hartu behar da digitalizazioan izan den aurrerakuntza. Danimarkarekin alderatuz gero, zeina digitalizazioaren arloan aurreratuen dauden herrialdeetako bat den, apur bat atzean gaude, Alemanian eskuz edo analogikoki egiten baitira prozesu asko oraindik ere. Paperezko harpidetzetatik Interneteko harpidetzetarako jauzia egiten ari gara, hori da gure helburua. Erronka handia da, baina lanean gabiltza.
Paperezko edizioa bazter uztea da asmoa, hortaz?
Hedabide digital bat izan nahi dugu, baina paperezko edizioa ere badaukana, gure irakurle askorentzat paperezko edizioa baita eskaini diezaiekegun produkturik nabarmenena. Oraindik ere eusten diogu paperari. Sare sozialei dagokienez, ordea, oso ondo ari gara. Gero eta jarraitzaile gehiago ditugu Instagramen eta Facebooken. Bideo asko egiten ditugu, eta bideo horiek erabiltzaile askorengana iristen dira. Hortaz, kapaz gara jende asko erakartzen duen edukia sortzeko.
«Oso emankorra da beste egunkari batzuekin hitz egitea, eta antzeko arazoak eta aukerak ditugula jakitea»
Adimen artifizialak hedabideetan izan behar lukeen rola ere pil-pilean dago. Zer deritzozu?
Gu ez gaitu zeharo aldatu, baina lan asko erraztu ditu. Adibidez, adimen artifiziala erabiltzen dugu testuak zuzentzeko, itzultzeko, gure testuen kalitatea zorrozteko; baita dokumentazio lanetarako ere. Duela hiru urte adostu genituen adimen artifiziala erabiltzeko irizpide editorialak, eta pozik gaude horiekin. Irizpide nagusia hauxe da: adimen artifizialaren laguntzarekin sortutako eduki guztiak gizaki batek aztertu eta berrikusi behar dituela gure irakurleengana iritsi aurretik.
Eduki batzuk alemanez argitaratzen dituzue. Zergatik?
Daniarren gutxiengoko kide guztiek hitz egiten dute alemanez. Lurralde honetan bizi diren guztiek hitz egiten dute alemanez. Daniarren gutxiengoari buruzko eduki guztiak danieraz dira, gure helburua eta zeregina daniera eta daniar kultura babestea eta sustatzea baita. Baina alemana gu denon bizimoduaren parte da: Alemanian bizi gara, Alemaniako enpresa bat gara.
Zer-nolako harremana dauka daniarren gutxiengoak alemaniarren gutxiengoarekin?
Niretzat zaila da horri erantzutea, hiru urte soilik baitaramatzat Flensburgen, baina asko ikasten ari naiz. Adibidez, badakit 80ko hamarkada oso zaila izan zela. Baina harremanak hobetu egin dira, bai. Orain ondo ulertzen dugu elkar, ongi baitakigu harreman ona izatea komeni zaigula. Hala zehaztu zuen, hain justu, Kopenhage eta Bonneko Adierazpenak: elkarrengandik ikas dezakegula, eta elkarlanean aritu, gutxiengoak babestuta; daniarren gutxiengoa Alemanian, eta alemaniarren gutxiengoa Danimarkan. Gainera, jarduera asko antolatzen dira mugaren bi aldeetan.
Eta nolako harremana daukazue Danimarkako Gobernuarekin?
Batzorde bat dago Danimarkako Parlamentuan, zeina arduratzen den eskualde honetako egoerari erreparatzeaz. Bestalde, Danimarkako Gobernuak diru laguntza nabarmen bat ematen digu urtero; diru laguntza hori daniarren gutxiengoa osatzen duten elkarteen artean banatzen dugu. Horrek egonkortasuna bermatu du, eta lasaitasun ekonomikoa. Gutxiengo bat gara; ezinezkoa da hemen ezer egitea Danimarkaren babes ekonomikorik gabe. Ezinezkoa. Horri esker, hein batean, daniera eta kultura daniarra oso zabalduta daude. Entzun dezakezu, senti dezakezu. Hemen dago. Eskolek ere asko bultzatzen dute hori. Eta horrek ez du esan nahi daniarrak eremu hau konkistatzen saiatzen ari direnik; inondik inora ere, akordio eta adostasun zabalagoak lortzea da gure helburua.
Midas elkartearen parte ere bazarete. Zer ekarpen egiten dizue talde horrek?
Zer erronka eta zer aukera dituzte beste herrialdeetan eta beste egunkarietan? Nola aurre egiten diote digitalizazioari? Atsegina da beste eremu batzuetan aurrera doazela entzutea, eta, era berean, kezkagarria da beste zenbaitetan zailtasun handiak dituztela jakitea. Besteekin alderatuta, uste dut hemen bide onean goazela. Babes handia daukagu, ez dugu etorkizunari buruz kezkatuta egon beharrik. Baina oso harrituta gaude, adibidez, egunkari euskaldun eta katalanekin; aurrerakuntza handia dago digitalizazioari eta harpidetza digitalei dagokienez. Oso emankorra da beste egunkari batzuekin hitz egitea, eta antzeko arazoak eta aukerak ditugula jakitea.