Diplomazia erabat baztertu gabe, AEBek eta Iranek gogor egin diote mehatxu elkarri

Trumpek esan du 1.000 misil daudela Irani apuntatzen. Mojtaba Khameneik mendekua agindu du. Nork bere aldetik, elkarrizketei eusten diete.

Pertsona bat Teheranen, uztailaren 5ean, Trump diana batean jartzen duen kartel bat eskuetan duela. JAIME LEON / EFE
Pertsona bat Teheranen, uztailaren 5ean, Trump diana batean jartzen duen kartel bat eskuetan duela. JAIME LEON / EFE
Igor Susaeta.
2026ko uztailaren 11
17:37
Entzun 00:00:00 00:00:00

Elkarri mehatxuka. Nor bere estiloan, horrela ari dira AEBak eta Iran azken egunetan, Donald Trump Etxe Zuriko maizterrak asteazkenean jakinarazi zuenetik jada ez dagoela indarrean bi herrialdeek duela hiru aste sinatutako konponbiderako memoranduma. «1.000 misil daude prest Irani apuntatzen», idatzi du AEBetako presidenteak gaur goizaldean Truth Social bere sare sozialean. Ordu batzuk geroago heldu da Teheranen erantzuna, Mojtaba Khamenei lider gorenaren bidez. Ostegunean lur eman zioten bere aita Ali Khameneiri, 1989tik aurtengo otsailera arte lider gorena izandakoari, eta oroitarazi du Israelek eta AEBek hil zutela, eta mendekua agindu. Horiek horrela, bi aldeak elkar neurtzen ari dira.

Trumpen hitzak heldu dira The Wall Street Journal-ek atzo kaleratutako informazio baten ondoren. Auziari buruzko informazioa duten iturriak aipatuz, AEBetako egunkari horrek argitaratu zuen Israelen espioitza zerbitzuek txosten bat bidali zietela AEBetakoei, eta bertan azaltzen zutela Iranek Trump hiltzen ahalegintzeko plan berri bat egin duela. Horrez gain, Ali Khamenei agurtzeko aurreko astean egindako hileta ekitaldietan mendekua agindua zuten irandarrek.

Orduan iritsi da Trumpen gaur goizaldeko mezua. AEBetako presidenteak nabarmendu du Teheranek «mehatxua» aurrera eramaten baldin badu armadari aginduko diola «Iran osorik txikitzeko». Eta zehaztu du agindua urtebetean egongo dela indarrean, eta «luzatu» daitekeela.

Mojtaba Khamenei mintzatu da, batez ere, irandarrei eskerrak emateko aita agurtzeko ekitaldietan parte hartzeagatik. IRNA berri agentziak jaso ditu haren hitzak. «Mendekua hartuko dugu martiri guztien odolarengatik, eta hiltzaile kriminalen kontra egingo dugu. Hori eskatzen du gure nazioak, eta eskatzen duena beteko dugu». Irango agintariek atzo jakinarazi zutenez, Khameneiren hileta ekitaldietan 43 milioi pertsonak parte hartu dute

Otsailaren 28an hil zuten AEBek eta Israelek aire eraso batean, eta haren semea bederatzi egun geroago izendatu zuten lider goren. Eraso horretan bertan zauritu zuten, Teheranek berak ere hala adierazia du, eta ordutik ez du agerraldi publikorik egin, eta ez dago haren ez ahots, ez bideo grabaziorik. 

513

Zenbat ontzi igaro ziren Ormuztik ekainaren 18tik uztailaren 5era. Ekainaren 17an sinatu zuten memoranduma Iranek eta AEBek. Jasotzen zuen Ormuzko itsasartea irekitzea, eta ondorengo ia hiru asteetan 513 ontzik zeharkatu zuten hura. Hori jaso du itsas trafikoa neurtzen duen PortWatch etxeak. Batez beste, 28 ontzik egunero; otsailaren 28an Israelek eta AEBek erasoaldia hasi aurretik, batezbestekoa ehun ontzikoa zen.

Horiek horrela, bi aldeen arteko harremanak etenda daude, elkarri mehatxu egiten diote, baina, nor bere aldetik bada ere, biak ari dira diplomaziaren bidea jorratzen. Trumpek, adibidez, Mohamed bin Salman Saudi Arabiako printze oinordekoarekin hitz egin du gaur goizaldean telefonoz. Horren berri eman du Riadek ohar batean, eta zehaztu Ormuzko itsasartea izan dela mintzagaietako bat, eta bat datozela biak «itsas nabigazioaren segurtasuna» bermatzeko ahaleginean. Eta Saudi Arabiak eta Pakistan bitartekariak ere hitz egin dute gaur, informazio ofizialek diotenez.

Bitartean, Iran Omanekin hizketan ari da. Persiar golkoko herrialde hori bitartekari aritu izan da AEBen eta Iranen artean, eta Irango Atzerri ministro Abbas Araghtxi hara joan da gaur. Tasnim berri agentziak kaleratu duenez, Irango diplomaziaburuaren eta Omango ordezkarien arteko bileraren helburua da «beharrezko neurriak» hartzea Ormuzko trafikoa segurua izan dadin.

Libanon erasoan

Eta Araghtxik, hain zuzen, AEBetako Altxorraren idazkari Scott Bessenten kontra egin du gaur sare sozialetan, iruditzen baitzaio Teheranek eta Washingtonek sinatutako ituna, Trumpek bertan behera utzitako hura, «urratu» duela; hain zuzen, 9. puntua. Horrek jasotzen du, besteak beste, statu quo-a mantenduko dutela, eta AEBek ez diotela Irani zigor berririk ezarriko. Washingtonek Ali Ansari Irango enpresaria zigortu zuen atzo, Khameneiri loturiko finantza sare bat edukitzea egotzita.

Bestalde, Israelek jarraitzen du Libanori eraso egiten, han ere halakoak ez gertatzeko su eten bat indarrean egonagatik. Libanoko berri agentzia nazionalak kaleratu du armadak Hula herriari eraso egin diola, Nabatieh eskualdean, eta hainbat etxe txikitu dituela. Tirori hiriari, berriz, airez egin dio eraso. Eta Gazan, Nuseirat errefuxiatu gunean, pertsona bat hil du, drone batekin, osasun iturriak aipatuz Al Jazeerak argitaratu duenez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA