Nor bere aldetik, baina Errusia eta Ukraina AEBekin negoziatzen ari dira. Hori bai, elkarrizketak gorabehera, ez dituzte eten elkarri egindako erasoak; are, gogortu egin dira azkeneko orduetan, eta gerra frontetik urrutira hedatu. Iturri ofizialen arabera, Errusiaren aireko eraso baten ondorioz gutxienez zazpi pertsona hil dira Kieven, eta, droneak baliatuz, Ukrainak aspaldiko erasorik gogorrena egin du Errusiaren kontra, eta gutxienez hiru pertsona hil ditu Rostov eskualde mugakidean. Bitartean, zenbait hedabide negoziazioetako iturriak aipatuz kaleratzen ari direnez, Kievek nabarmen aldatu ahal izan du AEBek eta Errusiak pasa den astean aurkeztu zioten Ukrainarako plana.
Nolanahi ere, negoziatzen segitzen dute. AEBetako armadako idazkari Dan Driscoll Errusiako ordezkaritza batekin bildu da gaur Arabiar Emirerri Batuetako hiriburu Abu Dhabin. Elkarrizketak «ondo» joan direla esan dio Reuters berri agentziari Driscollen bozeramaileak. Financial Times-ek dioenez, Ukrainako ordezkariekin ere biltzekoa da armadako idazkaria, Abu Dhabin.
Volodimir Zelenski Ukrainako presidentea itxaropentsu mintzo da azken orduetan. Atzo, gauero eman ohi duen hitzaldian, jakinarazi zuen Kiev eta Washington Genevan (Suitza) izaten ari diren elkarrizketen ondorioz egitasmoak jada ez dituela 28 puntu, «gutxiago» baizik —Financial Times Erresuma Batuko egunkariak dionez, hemeretzi ditu—, eta «egiazki ikuspegi zuzena» duela orain «zirriborroak».
Gaur, ordea, Errusiak lurraldearen luze-zabalean egin dituen erasoez informatzea egokitu zaio. Sare sozialetan esan duenez, 464 drone eta 22 misil jaurti ditu Moskuk, eta Defentsa Ministerioak ohar batean adierazi du aireko defentsa sistemek 438 drone eta hamalau misil erorarazi dituztela. Zelenskiren hitzetan, herrialdeko energia azpiegiturak zituzten helburu, neguaren atarian. Nahiz eta negoziazioak martxan egon, laguntza militarrean «etenik ez egotea» eskatu du. Eta horren guztiaren harira, Emmanuel Macron Frantziako presidenteak azpimarratu du Europak ezin duela «ahul» agertu Errusiaren aurrean, hura «mehatxu bat» baita. Hori esan du RTL irratian gaur egin dioten elkarrizketa batean. Hain zuzen, Frantzia da, Erresuma Batuarekin eta Alemaniarekin batera, Ukrainak Europan duen aliatu nagusia.
Ikusi gehiago
Kieven aurkako erasoan, frontetik urruti, Errusiak zenbait etxebizitza bloke jo ditu hiriburuan. Errusiako Defentsa Ministerioak ohar batean azaldu duenez, Ukrainak Errusiako energia azpiegiturei egindako erasoei emandako «erantzuna» da. Eta Ukrainak dozenaka drone jaurti ditu gaur Errusiako sei eskualdetara: Krasnodarrera, Rostovera, Brianskera, Kurskera, Belgorodera eta Lipetskera —Ukrainarekin muga egiten ez duen bakarra—. Moskuko iturriek esan dute 249 erorarazi dituztela; 116, Itsaso Beltzean. Erasoak, baina, hiru hildako eragin ditu Rostoven.
2Zenbat drone sartu diren Errumaniako aireko espazioan. Errumaniako Defentsa Ministerioak gaur jakinarazi duenez, Errusiak jaurtitako bi dronek Errumaniako aireko espazioa urratu dute. Iturri horrek berak adierazi du horietako baten hondakinak topatu dituztela. Ez da lehen aldia horrelako zerbait gertatzen dena. 2022ko otsailean Errusiak Ukrainako inbasioa hasi zuenetik, hamahiru aldiz urratu dute Errumaniako aireko espazioa.
Bilera Trumpekin
Errusiako Atzerri ministro Serguei Lavrovek prentsaurreko batean azpimarratu du, bestalde, Europako herrialdeek «hondatu» egin nahi dituztela «Trumpen ahaleginak». AEBek eta Moskuk ondu dute azken egunetan eztabaidagai izaten ari den proposamena, eta Kremlinek dio Trumpek eta Vladimir Putin Errusiako presidenteak abuztuaren 15ean Alaskan (AEB) adostu zutena jasotzen duela, gutxi-asko. Putinek berak zera esan zuen aurreko ostiralean, 28 puntuak «gatazkaren irtenbiderako oinarri bat» izan daitezkeela, eta tesi horri eusten dio Errusiak, Dmitri Peskov Kremlineko bozeramaileak gaur, eguneroko prentsaurrekoan, berretsi bezala.
Lavroven adierazpenak iritsi dira, hain justu, Europako potentziek —Alemaniak, Frantziak eta Erresuma Batuak— kontraproposamen bat plazaratu ondoren; hori argitaratu dute komunikabide batzuek, negoziazioen berri duten iturriak aipatuz. Potentzien planteamendua bat dator, finean, Ukrainak ezartzen dituen marra gorrietako batzuekin; esaterako, uste du lurralde batasunari ezin diola uko egin, hori ez dela negoziagarria; eta ezin zaiola, Errusiak nahi bezala, debekurik jarri ez NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundearen hedatzeari, ez Ukraina horren kide bihurtzeari.
Trumpek proposamena onartzeko epemuga bat jarri zion Zelenskiri: etzi, osteguna. Halere, ultimatum itxura zuen eskaera lausotu egin da azken egunetan, eta Etxe Zuriko maizterra bera prest agertu da epea luzatzeko. Kievek dio asmoa duela hilabetea bukatu baino lehen Zelenskiren eta Trumpen arteko bilera bat antolatzeko Washingtonen; Etxe Zurian aurten biek egindako laugarrena litzateke.