Karbono neutraltasuna lortzeko bidean, tarteko helburu bat proposatu du gaur Europako Batzordeak: 2040. urterako, berotegi gasen isuriak %90 murriztea, 1990. urteko datuen aldean. Mende erdirako isurietan neutrala bihurtzeko konpromisoa hartua du EB Europako Batasunak. Estatu kide guztiek adostu zuten helburua, baina, konpromiso klimatiko hori betetzeko zer bide jarraitu zehazteko orduan, ez da kontsentsurik, oraingoz. Estatu batzuek presio egin diote batzordeari, tarteko helburu apalago bat proposatu dezan, %90eko murrizketak ekonomiari kalte egingo liokeela argudiatuta. Aldiz, Bruselak eutsi egin dio bereari, helburua malgutuko luketen ñabardura batzuekin. Orain, proposamena eztabaidatu beharko dute Europako Parlamentuak eta Europar Kontseiluak.
Europako Batzordeko presidente Ursula von der Leyenen esanetan, helburuak ziurtasuna eskainiko die inbertitzaileei. «Europako herritarrak gero eta gehiago sumatzen dute klima aldaketaren eragina, eta Europak esku hartzea espero dute. Industriak eta inbertitzaileek norabide argi bat ezartzeko eskatzen digute. Gaur erakutsi dugu sendo eusten diogula Europako ekonomia 2050erako deskarbonizatzeko konpromisoari. Helburua argia da, eta bidea pragmatikoa eta errealista da».
Europako agintari batzuek bide orri mailakatuago bat nahi dute, ordea. Frantziako presidente Emmanuel Macronek ohartarazpen bat egin zuen joan den astean, Europar Kontseiluaren azken bilkuran: 2040rako %90eko murrizketa ezartzeak ez ote zuen EBren etorkizuna gehiegi zorpetuko. Nabarmendu zuen helburu klimatikoek ez dutela atakan jarri behar ekonomiaren lehiakortasuna. Hala, Frantziak bat egin zuen Poloniak, Italiak eta Txekiak %90eko helburuaren aurka hartutako jarrerarekin.
Beste estatu batzuek uste dute emisioak 2040rako %90eko murriztea EBk hartu beharko lukeen gutxieneko konpromisoa dela, klima larrialdiaren ondorioak direla eta. Talde horretan daude Alemania, Danimarka eta Espainia.
«Industriak eta inbertitzaileek norabide argi bat ezartzeko eskatzen digute. Gaur erakutsi dugu sendo eusten diogula Europako ekonomia 2050erako deskarbonizatzeko konpromisoari»
URSULA VON DER LEYEN Europako Batzordeko presidentea
EBko klima aldaketari buruzko aholkularitza talde zientifikoak ohartarazi zuen blokeak %90-95eko murrizketa lortu beharko lukeela 2040rako, mende erdia baino lehen emisioen neutraltasuna erdieste aldera. Ekainaren hasieran argitaratu zuen txosten batean jasotzen du helburu hori lorgarria dela eta bat datorrela EBren interes estrategikoekin.
Auziak eragin duen eztabaidaren ondorioz, Bruselak bere proposamena atzerapenarekin aurkeztu du, eta orain, negoziaziorako aldia hasiko da. Batzordearen egitasmoa indarrean sartu ahal izateko, batetik, europarlamentuak onartu beharko du, eta, bestetik, Europar Kontseiluan aho batez onartu beharko dute 27 estatu kideek. Prozesu horrek urtebete inguru irauten du normalean, baina Bruselak epeak azkartu nahi ditu.
Izan ere, EBk 2040rako helburu bat adosteak badu garrantzirik COP30 goi bilerari begira —klima aldaketari buruz Nazio Batuen Erakundeak egiten duen bilkura da—. COP30 biltzarra Brasilgo Belem hirian da egitekoa, azaroan, eta, hura hasi aurretik, 2035erako konpromiso klimatikoak aurkeztu behar dituzte partaide diren estatuek. EBko kideen konpromisoek bat etorri beharko lukete 2040rako ezartzen den helburuarekin, eta, horregatik, Bruselak ahalik eta azkarren jarri nahi du ados. Estatu kideetako Ingurumen ministroek ezohiko bilkura bat egingo dute irailaren 18an, COP30 goi bilera hasi baino aste gutxi lehenago, eta ordurako jarrera bateratu bat lortzen ahaleginduko da 27en blokea. Beraz, hurrengo hilabeteotan negoziazio biziak espero dira.
2040. urtearen aurretik, karbono neutraltasunerako bidean, EBk badu erdietsi beharreko lehen mugarri bat. Hamarkada hau bukatzerako, %55 murriztu beharko ditu berotegi gasen emisioak 1990eko datuekin konparatuta. EBren azken datuen arabera, blokeak emisioen %37 murriztu zituen 2023. urtean.
Bruselaren proposamena indarrean jarriz gero, EBk helburu hori lortzeko araudiak onartu beharko ditu datozen urteetan, eta aurreikustekoa da horiek ere eztabaida ugari piztuko dituztela. 2030erako %55eko murrizketaren helburuari dagokionez, kontuan izan behar da argindar sektoreari begirakoak izan direla neurri gehienak, baina 2040rako konpromisoak beste jarduera ekonomiko batzuk egokitzea eskatuko duela.
«Malgutasuna»
Bruselak 2040rako emisioen %90eko murrizketa proposatu badu ere, helburu horrek baditu argitu beharreko ñabardura batzuk. Egitasmoak «malgutasun neurriak» jasotzen ditu. Horien artean daude karbono kredituen erabilera, berotegi gasen xurgatze «egonkorra» eta sektoreen arteko konpentsazioei begirako neurriak. Izan ere, konpentsazio horiek bide emango diote emaitzak orekatzeari, kontuan hartuta sektore batzuek ezin izango dutela helburua bete baina beste batzuk haren gainetik ariko direla.
Karbono kredituen neurriak eragin du eztabaidarik handiena. Hari esker, estatuek kreditu horiek eros ditzakete emisioen gutxitze gisa aintzat har daitezen. Hau da, aukera izango dute EBtik kanpo emisioak gutxitzen dituzten proiektuak finantzatzeko, eta, murrizketa horiek egiten diren herrialdean zenbatu beharrean —garabidean dauden herrialdeak izan ohi dira—, proiektua finantzatu duen estatuaren murrizketen multzoan sartuko lirateke. Gisa horretako kredituak 2036. urtetik aurrera erabili ahal izango dira soilik, eta gehienez ere emisioen %3ko murrizketa justifikatzeko balioko dute.
Talde ekologistek kritikatu egin dute karbono kredituen erabilera, eta EBko klima aldaketari buruzko aholkularitza talde zientifikoak ere, ekainaren hasierako txostenean, aukera horri buruzko ohartarazpen bat egin zuen. Lan horretan adierazi bezala, neurriak ekar dezake baliabideen zati garrantzitsu bat desbideratzea, eta, EBk behar dituen inbertsioetarako erabili ordez, kreditu horiek erosteko erabiltzea. Talde ekologisten iritziz, neurriak bide ematen die jarduera kutsatzaileei kutsatzen jarraitzeko, horiek eraldatzera bultzatu beharrean. Horrez gain, neurria abian jarri zenetik, auzitan da karbono kredituen sinesgarritasuna eta eraginkortasuna.