Zeru gorrixkak argiztatu ditu Teheran eta Tel Aviv gaur gauean, Iranek eta Israelek ia etenik gabe egin baitiote eraso elkarri azken orduetan. Israelek egin zuen aurreneko urratsa, herenegun gauean: 200 gerra hegazkin erabiliz eraso egin zion Iranen «programa nuklearrarekin lotuta dauden dozenaka azpiegitura eta base militarri»; eta bere burua defendatzeko zilegitasuna duela argudiatuta, atzo iluntzean iritsi zen Iranen erantzuna. Teheranek ehunka misil balistiko jaurti zituen, eta horietako batzuk Tel Aviven erdigunean erori ziren; tartean, Defentsa Ministerioaren egoitzan. Horren harira, Israelgo Defentsa ministro Israel Katzek ohartarazpena egin dio gaur goizean Irani: «Geratu ezean, Teheranek sutan bukatuko du».
Ez du irudi, ordea, datozen orduetan bi herrialdeen bonbardaketak etengo direnik. Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahuk iragarri du eraso gehiago egingo dituztela, bere bulegoak sare sozialetan zabaldutako bideo baten bidez: «Irango erregimenaren eremu eta helburu guztiei egingo diegu eraso; laster, Israelgo gerra hegazkinak ikusiko dituzte Teherango zeruan». Jakinarazi du, gainera, inolako ebidentziarik erakutsi gabe, Iranek «20.000 misil balistiko ekoitzi» nahi dituela «Israelgo Estatua suntsitzeko». Eta bideo horretan Teheran are gehiago haserrarazi dezakeen mezu bat zabaldu du: Israel «Trumpen erabateko babesarekin» ari dela Irani eraso egiten.
Hain justu, goizean goizetik Israelek jarraitu du eraso egiten. Irango zenbait hedabidek kaleratu dutenez, Iranek eta Qatarrek kudeatzen duten gas findegi bati egin dio eraso, South Parsen; munduko gas hobi handienetako bat da. Informazio horren arabera, erasoaren ondorioz, findegiaren jarduna eten dute behin-behinean.
Irango telebista kate publikoak jakinarazi duenez, gutxienez 60 pertsona hil dira gaur goizaldean, Israelek Teherango zibilen eremu baten aurka egindako eraso batean; horietatik hogei adingabeak ziren. Iranek NBE Nazio Batuen Erakundean duen bozeramaile Saeed Iravaniren arabera, berriz, egunotako erasoetan denera 78 lagun hil dituzte, eta 320 zauritu. Herrialdeko iturri ofizialek ez dituzte kopuru horiek baieztatu. Tel Aviven, berriz, gutxienez hiru pertsona hil dira, eta 50 baino gehiago zauritu, herrialdeko larrialdi zerbitzuak baieztatu duenez.
Oraingoa ez da Iranek eta Israelek elkarri aire bidez eraso egiten dioten lehen aldia; 2023ko urriaren 7az geroztik, behin baino gehiagotan jaurti dituzte misilak bata bestearen lurraldeetara. Oraingoan, ordea, erasoen intentsitatea nabarmen handiagoa izaten ari da. Horren erakusgarri da, hain justu, Teheranek lortu duela Israelen aire eremuko defentsa igarotzea, eta hiriaren erdigunean erori direla jaurtitako misil balistikoetako batzuk. Hala, bi herrialdeek erabaki dute behin-behinean beren aireportuak ixtea eta hurrengo orduetarako programatuta zeuden hegaldiak bertan behera uztea.
Tel Avivek argudiatu du Iranen «arma nuklearrak ekoizteko gaitasuna» ahultzea zuela helburu ostegun gaueko erasoak. Bada, Irango Energia Atomikoaren Agentziak gaur esan du uranioa indartzeko azpiegitura batek «kalte txikiak» jasan dituela, baina ez dela «istripu larririk» izan. IAEA Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziak, halaber, ohar bidez jakinarazi du Isfahango fabrika nuklearretik kanpo ere ez dela «erradiazio isuririk» antzeman.
Mundua begira
Israelen eta Iranen arteko erasoaldiak hauspotu egin du, berriro ere, eskualde osoari eragingo liokeen gerra handi baten beldurra. Egiptoko Atzerri Ministerioak kargu hartu dio Tel Avivi, eta ohartarazi dio Iranen aurka egindako erasoek «ezegonkortasuna eta kaosa» zabaldu dezaketela Ekialde Hurbilean. Gauza bera leporatu dio Hegoafrikako Gobernuak, eta nabarmendu du herenegun gaueko erasoek urratu egin dezaketela nazioarteko zuzenbidea.
Antzera iritzi dio Txinak, herrialdeak NBEn duen enbaxadore Fu Congek gaur goizaldean prentsaurreko batean adierazi duenez. Haren arabera, Tel Avivek Iranen «lurralde osotasuna, subiranotasuna eta segurtasuna» urratu ditu. Errusiako Atzerri ministrorde Sergei Riabkovek, berriz, Erresuma Batuari, Frantziari eta Alemaniari leporatu die Iran «errudun gisa» aurkeztu nahi izatea.
Horrekin lotuta, gaur telefonoz hitz egin dute EB Europako Batasuneko diplomaziaburu Kaja Kallasek eta Irango Atzerri ministro Abbas Araghtxik. Kallasek ondoren jakinarazi duenez, Araghtxiri gogorarazi dio EBk ez duela «inoiz» baimenduko Iranek arma nuklearrak izatea, eta, erasoak areagotu direla kontuan harturik, «diplomazia lehenesteko» eskatu dio.
Gazaren aurkako erasoak
Israelgo armadak jarraitzen du Gazari eraso egiten. Zerrendako iturri ofizialen arabera, gutxienez 35 palestinar hil dituzte gaur lurraldean egindako hainbat bonbardaketatan; eraso horietatik gehienak, gainera, janaria banatzeko guneetatik gertu egin dituzte.
BERTAN BEHERA UTZI DITUZTE iran eta aeb-ak BIHAR EGITEKOAK ZIREN ITUN NUKLEARRARI BURUZKO NEGOZIAZIOAK
Israelgo erasoaren ondoren Ameriketako Estatu Batuekin akordio nuklearraren inguruko negoziazioekin jarraitzeak zentzurik ez duela uste du Iranek, herrialdeko Atzerri Ministerioko bozeramaile Ismail Baghaek gaur adierazi duenez: «Ezin duzu esan negoziatzen ari zarela, eta aldi berean erregimen sionistak Irani eraso egitea baimendu». Hain justu, egunotan Teheranek egotzi dio Washingtoni Israelen erasoaren «konplize» izatea, baita aldez aurretik bonbardaketen berri izatea ere. AEBen arabera, berriz, Israelek «alde bakarrez» jokatu du.
Bada, Omango Atzerri ministro Badr Albusaidik iragarri du, sare sozialen bidez, bertan behera geratuko dela bihar egitekoak ziren negoziazio erronda.