Erasoak gorabehera, su etena indarrean dagoela esan du Pentagonoak

Hegsethek adierazi du Iranen eta AEBen arteko atzoko erasoak ez direla nahikoa gerra berriro pizteko. Iranek negoziazioen alde egin du, eta esan du AEBen erruz egin diela eraso Arabiar Emirerri Batuei.

Pete Hegseth, AEBetako Gerra idazkaria, artxiboko irudi batean. JIM LO SCALZO / EFE
Pete Hegseth, AEBetako Gerra idazkaria, artxiboko irudi batean. JIM LO SCALZO / EFE
Igor Baigorri Perez (2)
2026ko maiatzaren 5a
16:25
Entzun 00:00:00 00:00:00

Iranek eta AEBek su etenari eustea lortu dute oraintsura arte, erasoei dagokienez behintzat, hura urratzea leporatu izan baitiote apirilaren 8tik, menia ezarri zutenetik. Baina astelehenaz geroztik egon da bonbardaketarik Ormuzko itsasartearen bueltan. Pentagonoak, ordea, irizten dio azken eguneko gertakariak ez direla nahikoa gerra berriro areagotzeko; Pete Hegseth AEBetako Gerra idazkariak adierazi du badela «marra» bat, eta, oraingoz, Iranek ez duela zeharkatu. Gaur eman duen prentsaurreko batean, erantsi du Ormuzko pasabidetik ontziak igarotzeko misioa «defentsarako ekintza» dela, eta ez dutela liskarrik nahi Iranekin.

Baina, halabeharrez, AEBek Iranen aurka egin beharko du, hark Ormuz gurutzatzea galarazten dien ontziek eduki dezaten nabigatzeko modurik. Brad Cooper AEBetako armadako almiranteak atzo jakinarazi zuen Irango Guardia Iraultzailearen sei ontzi hondoratu zituztela, argudiatuta ontziak eskoltatzeko operazioaren kontra esku hartzeko helburua zutela. Teheranek, berriz, salatu du ontziak ez zirela Irango armadako adar horrenak, eta zibilak zeudela ontzietan; erasoan bost lagun hil izana egotzi dio Washingtoni.

Mohammad Bagher Ghalibaf Irango Parlamentuko presidenteak AEBek ontziei eraso egin izana salatu du. «Onartezina» dela adierazi du gaur X sare sozialean, eta erantsi egungo egoera «jasangaitza» dela AEBentzat: «Itsas garraioaren segurtasuna kolokan jarri dute AEBek eta haien aliatuek. Su etena urratu dute, eta blokeoa ezarri. Badakigu AEBek ezingo diotela eutsi statu quo-ari; oraindik ez gara hasi ere egin».

AEBetako armadak Askatasuna proiektua izeneko misioa abiarazi zuen atzo, Iranek Ormuzen blokeatuak dituen ontziak eskoltatzeko. Donald Trumpek igandean eman zuen operazioaren berri, eta atzo, Fox News katean egindako elkarrizketa batean, ohartarazi zuen Iran «mapatik ezabatuko» zuela AEBetako ontzidiari eraso egiten badio. Hori esan aurretik, Truth Social bere sare sozialean jakinarazi zuen Iranen zazpi txalupa motordun atzeman zituztela AEBek, baita droneak eta misilak ere; horiek atxikitzea misioaren parte zela argudiatu zuen.

8

Zenbat ontzik zeharkatu zuten atzo Ormuzko pasabidea. Gutxienez zortzi ontzik gurutzatu zuten atzo Ormuzko itsasartea, Kpler etxearen arabera. Horietatik bakarra izan zen ontzi komertziala, Botswanakoa. Hortaz, datu etxeak adierazi du, erasoak gorabehera, atzo «egonkor» eutsi ziola ontzien trafikoak, kopuru hori ohikoa izan baita azken egunetan. Gaineratu du bi ontzik Irango bandera zeramatela, eta, hortaz, Irango 134 ontzi igaro direla Ormuztik otsailaren 28az geroztik.

Trumpen hitz horiei erantzun die gaur Abbas Araghtxi Irango Atzerri ministroak, eta ohartarazpena egin dio X sare sozialean: «Ormuzko gertakariek argi uzten dute krisi politiko batek ezin duela irtenbide militarrik izan. Elkarrizketak aurrera doaz Pakistanen, borondatezko esfortzuari esker. AEBek tentuz ibili beharko lukete, asmo txarreko pertsonek berriro ere hondamendira eraman ez ditzaten, eta gauza bera Arabiar Emirerri Batuek. Askatasuna proiektua baino gehiago, geldialdiaren proiektua da».

Sua emirerrietan

Arabiar Emirerri Batuetako Atzerri Ministerioak atzo salatu zuen Iranek bi drone jaurti zituela herrialde hartako petroliontzi baten aurka, eta Iranek jaurtitako misil batek eztanda egin zuela petrolioa esportatzeko Fujairahko portuan; horren ondorioz, sute bat piztu zen. Gaur esan du misilak eta droneak atzeman dituztela, eta aire eremua mugatuko dutela.

Pakistanek «gogor» gaitzetsi ditu Iranen eraso horiek. «Guztiz ezinbestekoa da su etena berrestea eta errespetatzea. Elkarrizketekin aurrera egiteko eta eskualdean bakea eta egonkortasuna lortzeko espazio diplomatikoa beharrezkoa da», idatzi du gaur Shehbaz Sharif lehen ministroak sare sozialetan.

Baina Iranek esan du AEBen erasoak izan zirela. Irango IRIB telebistak, iturri militarrak aipatuz, jakinarazi du Iranek ez zuela aurretiaz Arabiar Emirerri Batuei eraso egiteko asmorik, eta AEBen «abenturazaletasun militarrari» egotzi diote misilak jaurti behar izana. Iturrien arabera, AEBek «legez kanpoko korridore bat» ireki asmo zuten, ontziak Ormuzko «legez kanpoko bideetatik» ateratzeko. Argudiatu du hori eragozteko egin behar izan ziotela eraso Fujairahko petrolio plantari. «Ea AEBetako armadak zer duen esateko», esan dute.

Gerrak ez dio kalterik egin Irango ahalmen nuklearrari

AEBetako zerbitzu sekretuen gertuko iturriek Reuters albiste agentziari jakinarazi diotenez, iazko udatik Iranek ez du galdu ahalmen nuklearrik; gogoratzekoa da aurrez, ekainean, AEBek eta Israelek azpiegitura nuklearren kontrako erasoaldia egin zutela, eta ondorioztatu txikituta utzi zituztela. Iturri horien arabera, Iranek arma nuklearrak ekoizteko beharko lukeen denbora ez da aldatu orduz geroztik; AEBek eta Israelek Iranen kontrako azken erasoaldia hasi eta gero, otsailaren 28an, Teheranen programa nuklearra ez da kaltetua izan, erasoak eten arte Israelek zenbait azpiegitura nuklear garrantzitsuri eraso egin dien arren.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA