Erbesteratuena «heriotza zibila» da. Hori uste du Josu Chueca historialariak. Eta bai Francisco Francok 1936an emandako kolpe militarrak hurrengo hiru urteetan eragindako gerraren ondorioz, bai gerraosteko diktadurapeko egoera errepresiboagatik, Euskal Herritik milaka pertsonak alde egin zuten; Euskal Memoria Fundazioaren arabera, orduko Euzko Jaurlaritzak 150.115 errefuxiatu erregistratu zituen 1936 eta 1939 bitartean. Batzuk ezin izan ziren luzaroan itzuli; beste batzuk, inoiz ez. «Jende hori desagertu egin da gizartearentzat, historiarentzat, eta ia familiaren eremuan bakarrik gordetzen dute haien memoria», azpimarratu du EHUko irakasle ohi eta Intxorta 1937 elkarte memorialistako kideak. Horren berri ematen duten bi kasu dira, hain zuzen, Nile Ordorika Bengoetxearena eta Jesus Landa Bernedorena: ozeanoaz bestaldera joan ziren biak.
Mexikora heldu zen Ordorika 1939an, zazpi urterekin, eta hango hiriburuan bizi da ordutik. 93 urte ditu, eta bideo dei bidez mintzo da, alboan German Saavedra (1960) semea duela. Bost urterekin alde egin zuen Lekeitio jaioterritik (Bizkaia); aurrena, Bilbora; handik, Donibane Lohizunera (Lapurdi); eta bi urte geroago, azkenik, itsasoz bestaldera —espainolezko eskolak hartu zituzten Iparraldean, Mexikorantz abiatu aurretik—. «Ez naiz gogoratzen, baina esan zidaten bonbardaketaren biharamunean Gernikatik autoz igaro ginela Bilbora bidean». Estepan Urkiaga Lauaxeta zuen gidari ibilgailu hark. Izan ere, Nileren aita Joseren lagun mina zen kazetari eta idazlea. Eta Jose Ordorika Ruiz de Azua izan zen, hain zuzen, Vita itsasontziko kapitaina: 1939ko martxoan, Ingalaterra eta Mexiko artean, Espainiako II. Errepublikako agintariek pilatutako ondasunak garraiatu zituen.
Jesus Landak, Ispasterko (Bizkaia) Zarandona baserriko semeak, berriz, gerraostea pairatu zuen. 1936 eta 1939 artean kolpisten aurka borrokatu zen frontean, eta, gerra galdu ondoren, Frantzian egon zen Argeles-sur-Mer-eko kontzentrazio esparruan, baita Suitza eta Frantzia arteko mugako landetxe batean ere, «esklabo», haren seme Josuk (1953) posta elektronikoz kontatu duenez.
«Jende hori desagertu egin da gizartearentzat, historiarentzat, eta ia familiaren eremuan bakarrik gordetzen dute haien memoria»
JOSU CHUECA Historialaria
Baina Frantziako armadak frankisten esku utzi zuen, kartzelatu zuten hiru urterako, eta beste hiru urtez soldaduska frankista egin behar izan zuen. 1945a zen, eta Zarandonako ugazaba «karlistak» etxegabetu egin zuen. «Egoera sozial, ekonomiko eta politikoa izugarria zen bera bezalako batentzat. Zigortuen familia batekoa zen». Ahal bezala segitu zuen aurrera «purgatorio bat» jasanez, harik eta 1950ean, «trikimailu batzuen bidez», frankistek Venezuelara joaten utzi zioten arte. «Ez zen egia, baina suposatzen zen handik deika ari zitzaizkiola». Josu Landaren ustez, helmugako herrialdea Venezuela izatea zen, «beharbada», gakoa. Junta militar batek agintzen zuen han.

Ordorika, berriz, umea zen gerra piztu zenean. «Oroitzen naiz 4 urte nituela norbait hilik ikusi nuela espaloian. Baina ez daukat oroitzapen izugarritzat...». Eta badu beste bat. Bazekiten elizako kanpaien hotsa entzuten zutenean etxe azpian zakuekin egindako aterpera joan behar zutela babes bila, zer gerta ere.
Ikusi gehiago
Zuen adina kontuan hartuta, Ordorika izan zitekeen 1936an eta 1937an hainbat espediziotan Euskal Herritik itsasoz erbesteratu ziren haurretako bat; Gogora institutuak dionez, bi urte haietan 5 eta 12 urte arteko 30.000 ume inguruk alde egin zuten. Chuecaren esanetan, bizipen horiek «modu positibo batean» gogoratzen zituzten. «Batetik, gerratik alde egin zutelako; eta, bestetik, Bilbon-eta janari eskasia zutelako». Itzuli zirenen sentipenak bestelakoak ziren: «Frankismo hasierako urteetako egoera gogorra nozitu zuten».
«Oroitzen naiz lau urte nituela norbait hilik ikusi nuela espaloian. Baina ez daukat oroitzapen izugarritzat...»
NILE ORDORIKA BENGOETXEA Erbesteratua
Historialariaren hitzetan, behin betiko erbestean geratu ziren espedizioetatik kanpo ihes egin zutenak; gurasoak militante edo arduradun politiko zituztenak. Horietako bat zen, esate baterako, Carlos Blanco Aginaga idazle irundarra (1926-2013). Chuecak azaldu duenez, Blancoren aitak «ardura politiko handiak» zituen alde errepublikanoan, eta Mexikora alde egin zuten 1939an. «Blanco Aginagak bizitza osoa pasatu zuen kontu horietaz hitz egiten, gerra aurrekoez, erbesteaz eta abar».
Landak dionez, Caracasen, beren etxean, «frankismoaren eta antifrankismoaren gorabeherak iruzkin iturri ziren egunero, orduero». Eta familiaren eremuan, «euskara» zen baimenduta zegoen hizkuntza bakarra. «Eta hau diot euskararekiko jarrera hori bizi zelako, agian, frankismoaren tiraniaren kontrako adierazpen soil eta sakon baten gisara». Landa Mexikon bizi da 1983tik —Euskal Herrian igaro zuen 1960ko hamarkada—, filosofia doktorea da, eta eskolak ematen ditu UNAM unibertsitatean. Idazlea ere bada, eta, esaterako, erbesteaz idatzi zuen Zarandona nobelan (Txalaparta, 2000).

Euskarari eusten dio Landak; baita Ordorikak ere, nahiz eta gazteleraz erantzun dituzten galderak. Ordorikaren etxean ez ziren frankismoaz-eta mintzo; ez, behintzat, umeen aurrean: «Aitak eta amak ez ziguten sentitzen zuten angustia eta kezka transmititzen; gure aurrean kontuz ibili ziren horrekin». Baina Ordorikak eta haren bi anaiek, Jokinek eta Imanolek, bazekiten, bai, «Francorengatik» zeudela han. Arkitektoak izan ziren hiru anai-arrebak.
Nile Ordorikaren seme Germanek hartu du hitza: «Aittittak ez zigun, ume ginela, gerraz-eta hitz egiten, baina Euskal Herriarekiko kariño handia transmititu zigun». Jose Ordorika 1966an itzuli zen aurrenekoz Lekeitiora; hori bai, horretarako, aurrena, jaioterriko lagunei galdetu zien ea zerrenda beltzen batean ote zegoen. Germanek gogoan du nola joaten zen aitonarekin Iparraldera, eta nola ekartzen zituzten handik, «ezkutuan», ikurrinak-eta.
«Diasporako jendeak hainbeste denboraz itxaron zuenez Francoren heriotza edo haren amiltze politikoa, gailentzeagatik lehiatu ziren emozioen tropel bat eragin zuen gertatu zenean»
JOSU LANDA Erbesteratuen semea
Eta beste oroitzapen bat arrantzatu du memoriaren putzutik: 1973an hil zen Ordorika, eta gogoan du nola heriotzaren ondoren, aitonaren paperen artean begiratzen, ikusi zuen jasotzen zituela politikari buruzko Euskal Herriko argitalpen batzuk. «Berak ez zuen horiei buruz hitz egiten, baina jakinaren gainean zegoen zer gertatzen zen Euskadin». Pena bat du: aitona ez zegoela bizirik Franco hil zenean, eta, horrenbestez, ezin izan zuela ikusi ikurrina Lekeitioko plazan jarrita. «Ilusio handia egingo zion horrek».
Aldarrikapena
Diktadorea hil zeneko eguna gogoratuta, 1975eko azaroaren 20a alegia, Nile Ordorikak adierazi du «gustu handia» hartu zuela. Egun hartaz galdetuta, Josu Landak hausnarketa bat plazaratu du: «Diasporako jendeak hainbeste denboraz itxaron zuenez Francoren heriotza edo haren amiltze politikoa, gailentzeagatik lehiatu ziren emozioen tropel bat eragin zuen gertatu zenean; sentsazio hori dut». Poza eta itxaropena «agerikoak» ziren Landaren iritziz, baina ziurgabetasuna eta zalantzak ere arnas zitezkeen.
Sasoi hartan soziologia ikasle «errebelde bat» zen Landa Orienteko Unibertsitatean (Venezuela). Pozak hartu zuen. «Frankistek eragindako gerra zibilak modu ezabaezin batean markatu zituzten bi belaunaldi, gutxienez: nire gurasoena, eta gurea». Erbesteratu horiek, oro har, ezezagunak dira. Aldarrikatu egin ditu Chuecak: «Historiarako ez dugu behar bezala berreskuratu erbesteratuen historia»