Erdoganen arabera, Turkiaren jardun militarrak ekarri du PKKren armagabetzea

Turkiako presidenteak esan du kurduekin harremanak onbideratzeko prest dagoela. Kurduen aurkako 1990eko «gerra zikina» onartu du.

Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidentea bere alderdikideen aurrean, gaur Ankaran. NECATI SAVAS / EFE
Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidentea bere alderdikideen aurrean, gaur Ankaran. NECATI SAVAS / EFE
Igor Susaeta.
2025eko uztailaren 12a
17:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidentearen esanetan, PKK Kurdistango Langileen Alderdia gerrilla kurduaren armagabetzea ez da iritsi negoziazioengatik edo elkarri egindako «kontzesioengatik», baizik eta Turkiaren jardun militarraren ondorioz. «Azken urteetan guztiz hautsi dugu erakunde terroristaren ekintzarako gaitasuna, eta eragotzi egin dugu beren ekintzek mina eragitea», adierazi du bera buru duen AKP Justizia eta Garapenaren Alderdia indarraren ekitaldi batean, Ankaran.

Armagabetzea hasteko zeremonia bat egin zuen PKK-k atzo Iraken menpeko Kurdistanen, eta arma batzuk suntsitu zituen, sutara botata. Gerrillaren inguruko iturriek eta Ankarak azken egunetan adierazi dutenez, armagabetze prozesuak hilabete batzuk iraungo du, nahiz eta ez duten horri buruzko zehaztasunik eman. Erdoganek azpimarratu du «adi» jarraituko diola prozesuari.

Turkiako presidentearen iritziz, «historikoa» izan zen atzoko eguna, eta adierazi du Turkiaren historian «beste aro bat» hasi dela, zeinean turkiarrek eta kurduek «elkar besarkatuko duten era adiskidetsu batean». Turkiako presidentea harago joan da, eta esan du PKKrekin «aurrez aurre» hitz egiteko prest dagoela. Turkiak kurduen eskubideak zapaltzen zituela iritzita, gerrillak 1984an hasi zuen Turkiako estatuaren aurkako borroka armatua, eta, gatazka horren ondorioz, 40.000 pertsona inguru hil dira; gerrillariak gehienak.

Horren harira, Erdoganek onartu du behinola «praktika desegokiak» baliatu zituela estatuak, eta 1990eko «gerra zikina» izan du hizpide —Erdogan 2003tik dago agintean—. Aipatu ditu, besteak beste, ekintzaile kurduen desagerrarazteak eta hilketak, behartutako lekualdatze masiboak, are senideek egindako bisitetan kartzeletan kurduz hitz egiteko debekua. Presidentearen ustez, horrek guztiak eragin zuen PKKren eragina «handitzea», estatuaren jarrera hori «legez kanpokoa eta ez-zilegia» zelako.

Behin armagabetzea hasita, Turkiako Asanbleak batzorde parlamentario bat sortuko du, eta, Erdoganen hitzetan, hark gidatuko du prozesua. AKPko, bere aliatu MHP Mugimendu Nazionalista alderdi ultranazionalistako, eta DEM Berdintasunaren eta Herrien Demokraziaren Aldeko Alderdiko kideek osatuko dute batzorde hori; hain zuzen, kurduen aldekoa da azken alderdi hori, bitartekari ari da Ankararen eta gerrillaren artean, eta adierazi izan du batzorde horrek gerrillariak gizarteratzeko marko juridiko bat osatzea izan beharko lukeela zeregin nagusia.

40 milioi inguru dira kurduak, eta Turkia, Iran, Irak eta Siria artean banatuta bizi dira. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.