Erreferenduma, negoziaziora

ERCk eta JxCk Sanchezen inbestidurarako baldintza ezarri dute: erreferendum baten alde «lan egiteko» konpromisoa hartzea. PSCk gaitzetsi egin du, eta bozak errepikatzeko aukera aipatu du

ERCko eta JxCko ordezkariak txaloka, atzo, Kataluniako Parlamentuan ebazpen bateratu bat onartu ondoren. Q. GARCIA / EFE.
Gorka Berasategi Otamendi.
2023ko irailaren 30a
00:00
Entzun
Kataluniako bi alderdi independentista nagusiak ados jarri dira Pedro Sanchezi haren inbestidurarako baldintza bat ezartzeko: Esquerra Republicanak (ERC) eta Junts Per Catalunyak (JxC) ez dute Sanchez Espainiako presidente egingo hark konpromisorik hartzen ez badu Katalunian erreferendum bat egitearen alde «lan egiteko».

Eskaera hori Kataluniako Parlamentuan formalizatu zuten atzo, politika orokorreko eztabaidaren azken saioan, ebazpen bateratu batekin. ERCren eta JxCren aldeko botoei eta CUPen abstentzioari esker onartu zuen ganberak. Ebazpenean, parlamentuak alderdiei eskatzen die ez babesteko «Espainiako Gobernu baten inbestidura, hura ez bada konprometitzen erreferendum bat egiteko baldintzak egiazkoak bihurtzeko lan egitera».

Parlamentuaren erabakia adierazpen politiko bat da, eta PSOEri zuzendutako seinale bat ere bai, hari argi uzteko Kataluniako independentisten botoak lortu nahi baditu, hurrengo legealdian erreferendum bati buruz hitz egin beharko duela Kataluniaren eta Espainiaren arteko elkarrizketa mahaian. Ebazpena onartu dute, hain justu, PPko buru Alberto Nuñez Feijook bere inbestidura ahaleginean porrot egin duen egun berean, eta Sanchez bere saiakera hasteko zorian dagoenean.

Era berean, akordioak balio dezake ERCren eta JxCren arteko lehian oinarri komun bat ezartzeko, eta, bereziki, urrats bat izan daiteke orain arte Madrilekin negoziatzeko jarrera maximalistetan mantendu den JxCrentzat, bestelako negoziazio eredu batera igarotzeko. Ebazpenak inplizituki aitortzen baitu erreferenduma helmuga puntu bat izango litzatekeela, eta ez aldez aurretik Espainiako Gobernuari exijitu beharreko aldarrikapen bat.

Parlamentuak amnistia lege baten aldeko ebazpen bat ere onartu zuen atzo. ERCren,JxCren eta CUPen aldeko botoak ez ezik, Catalunya En Comu Podemenak ere jaso zituen.

«Gizartea banatzea»

Salvador Illa PSCko buruak txarretsi egin zuen JxCk eta ERCk Sanchezen inbestidurari ezarri dioten baldintza. Haren iritziz, «gizartea banatzea» ez da bidea, eta iragarri zuen independentistek autodeterminazioa exijituz gero bozak berriz egin litezkeela: «Ez da desiragarriena, ez da ez Kataluniak ez Espainiak behar dutena, baina errealitatea den modukoa da». Parlamentuan, PSCko bozeramaile Alicia Romerok ohartarazi zuen «imintzioek» ezin dutela ordezkatu negoziatu behar duten alderdiek aurretik duten «lana». «Zuhurtzia eta diskrezioa» eskatu zituen.

Illak eta Romerok segida eman zioten PSOEk eta PSCk herenegun argitaratu zuten oharrari. Dokumentu horretan, adierazi zuten elkarrizketaren aldeko apustua egiten dutela «zatiketa gainditzeko, eta ez hausturan eta akordio faltan sakontzeko».

Argudio horiei erantzunez, CUPeko diputatu Dolors Sabaterrek parlamentuan adierazi zuen «gehiengo sozial bat» dagoela gatazkaren konponbiderako erreferendum bat egitearen alde. «Desio hori ukatzeak hausten du adiskidetasuna».

Marta Vilalta ERCko bozeramaileak, berriz, PSOEri ohartarazi zion Espainian agindu nahi badu «Kataluniako adostasunak errespetatu» beharko dituztela.

Feijooren porrotaren ostean, Espainiako errege Felipe VI.ak bilera sorta bat hasiko du alderdiekin astelehenean, gobernua eratzeko zein aukera dituzten aztertzeko eta inbestidurarako hautagai berri bat izendatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.